Klick!
Iñaki Goitioltza
Let's go. You should start speaking. Let's go, it's your turn miss Ane.
«Bai, kjumm! Kjumm! Hola ei da, antza denez ordua heldu zait hainbat urtetan ene baitan eten gabe kiskaltzen ninduen ilendi hau amatatzen hasteko. Hasi bai, baina nondik oratu bapatean bizitza bat osoa iraun duena? Zelan ipini hogetamasei minutu t'erdiko disko baten barruan gaur arte ehun eta hogeitairu urtetan eten gabe luzatu dena?
«Beno, halaxe da, eta ziur egon beharko nuke orain ez banegi egundo be ez nukeela burutuko, baina halaxe da. Dena den ez dirudi itxurazkoa denik denboran mugatua jaioa bizitza mugagabera eroatea. Gurata ere ez gara gaztea nintzeneko goma zaporetsu haiek lakoak, batzutan arrosak, besteetan ostera berdeskak, eta inoiz beltzen bat be mastekatu eta irentsi egin nuela badiot ez nintzateke oso urrun egongo errealitatetik. Ahoan sartu, eta tiratu eta tiratu egin arren ez ziren behingoan apurtuko, txikleta oker ez banago horrela deitzen genuen eta hatzamarra erdizka haginkatzen ematen genuen denbora etxadi gris ilun horietatik irteten ginenean. Garai hartan, munduko hirugarren guda nuklearraz hitz egiten zen franko, behar bada inguruko gatazkak eraginda, eta hori profitatuz gobernuek edo jaurlaritzek, ez dakit propaganda ugari zabaltzen zuten lagunak izutzeko. Urteak joan dira, eta oraingoz ahots alarmista haiek antzematen zutena ez da guganaino hurbildu, eta bizirik ei diraugu. Nik ez luzaro baina.
«Zer esaten izan dut? Ah hai, ehhh..., bai haiek holako gauza zentzugabe eta funtsabakoak bota bitartean geuk ahoa zabaldu eta sarratuz, haginei eraginda gomatxoari azukre eta zaporemaileen hautsak irensten genituen, orain mallukizkoa, gero batanezkoa. Nire memoria baldarrak alde batera laga nauen arren gaztetan grabatutako oroimenak L23 konputagailuak bere garaun elektronikoan baitatzen duen informazioa baino zehatzagoa da nirea, nire esperientziari dagokionean, sikeraz. Garai hartan ez neukan ordenagailu pantaila primitiborik ere, eta oraindik gogoan daukat amak ekarri zidanean bat gure harremanetako barealdi batetan. Gure artean ez ziren aro paketsuak nagusi, trumoi eta enbata osteko tarte laburrak baizik, eta horregatik ez dut ahantzia, eta ez da ahantziko ere, orain zeuk gordeko bait duzu zure sabel informatizatuan, eta hau jakiteak agian ni oroitzera eramango zaitu nahi eta nahi ez, gaur noraezeko bidea hartuko duen atsotxo honen begi ilunak eta bilo urdinak, eta ia ziur nago ez duzula dolurik jasango, sentibera zaren arren azkenean makina bat zarelako. Makina bat, besterik ez.
«Hogeitalau urte nuekanean gure hiriko espaloi zikinetatik oinez ibiltzeko ohitura neukan, maiz autobuserako dirurik ez neukalako. Autobusak... Atzo ikusi nuen bat gure hologramagailuan, behekaldetik basaz beterik zirudien, gurpil borobilak eta lehiatila karratuduna, ez zegoen gaizki, barre zantzo batzu egiteko arbasoen inbentu hura gogoratzen ez zegoen txarto. Aizu Teddy! argi apur bat gehixeago, mesedez... Bai horrela, eskerrik asko, oso lagun atsegina zara.
Thanks, madam. You're really so nice.
«Teddy, ez dakit zer egingo nukeen zure laguntza gabe azken momentu hauetan, L19 saileko konputagailurik azkarrena zara, badakizu maite zaitudala oso. Azken hiru hamarkadatan izan dudan adiskide leial bakarra zara, beti horren atsegina. Jasankaitza bihurtuko zekidakeen eguneroko bakardadea zure ahots eztia, zure aburu zuhur eta zure laguntza teknikoa gabe. Neuk programatu behar izango banitu labea jakia prestatzeko eta garbiketetako robota, ziur nago aspalditik kakak janda eta goseren gosez eroria izango nintzela. Eguneroko esperimentazioak bukatzen ditudanean laborategi biogenetikoan, beti daukazu detaileren bat niretzat, egun batetan hiperkonfort-56 bat nekezia kendu eta azazkua lortzeko, hurrengoan pizkailu orgonikoa, bestean orekagailu barria. Pozik nago zurekin, bidaiaria ez banintz megabit anizkuneko gordailu berria jarriko nizuke.
«Teddy, hobe litzateke garai hartako musika jarriko bazenit, badakizu nostalgiak hondatzen nauena batzutan, eta holakoetan gogoko ditudala kitarra elektrikoekin eta kutxa borobil haiek bortizki jota ateratzen zen soinua. Rock and rolla, belaunalditako ritmo hura ez da hil nigan, eta burutazio galantak dakarzkit Barrikadaren aintzineko kanta hura entzuteak: Es verdad que no existen príncipes azules, es verdad que sola estás, es verdad la escoba en la cocina mañana será igual... Gaurko haurrak ez dakite printziperik zer den, sukaldeak orain hirurogeitamabi urte desagertu ziren, eta ginarra, zer esanik ez. Zer garbitu ginarra batekin? Izarretako hautsa ez da honaino iristen, lurra laborategian besterik ezin dezaket ikutu eta eskuartean igurtzi, gure aitak arestian hartu zuen nik gaur hartzeko dudan noraezeko bidea eta ja ez du zigarrokinik jaurtitzen ama haserre dadin... Jarri aro hartako rock and rolla, ez zait sei minuto eta hamairu segundo besterik geratzen eta. Jartzeko!!! Oraintxe!!!
«Ahhhhah... ahhhhah... ez dakit zergatik jaten nauen sumindurak; ez hobe ez, lasai egon beharko nuke, neure adina hartu barik horrenbeste geratu dira eta nik aukera dut orain baketan kemena izateko. Aski oparitu diot sistimari, nekaturik nauzu egunero laborategira joatean, hesi elektronikoko atal honen arduradunak ikusteaz. Negarra darit lurrun gabeko loreak usaintzean, kaioletan lodi lodi dauden animaliak karraxi gabeko malkoak ixurtzen dituztenean, umeak laborat...
You should use your two available minutas better, miss Ane.
«Ok, thanks, Teddy. Lortua dut lortzeko neukana, eta orain paketan noake, zertarako gehiago? zertarako luzatu mugatua dena? Orain gogoratzen dut txikleta ere hainbat denboratan gora eta behera erabili ondoren, hortzetatik ateraz gero globo borobilak osatzeko eta berriro ahoan sartu eta sartu ibili ondoren azkenean zapore gabe geratzen zena, eta orduan amorruz beterik, beste ezertarako balio ez zuela eta jaurti egiten genuela aurrean topatzen genuen lehen ormaren kontra. Botatzen gen...
Available time over. Game over.
|