L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-19 / Future-NoFuture (1986-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Etorkizunaren futuroaz

 

Mikel Untzilla

 

I

Ikerketa Bulego Nagusitik ateratzean zeraman irrifarra askatzeko gogoaren arrazoiak ezagutzen ez zituen mortaleak zeharo txoraturik zegoela pentsatuko zuen. Ordezkari Nagusiak eman zion oharra hartzean urduri zituela emozioen mekanismuak konturatzeko betik ere ez zuen izan.

        Orestes Baztarretxeak 3364. urtean bukatu zituen Arkeologia Preatomikako ikasketak Uliako Unibertsitatean eta bi urte egona zen ikerketa plangintza prestatzen, beraz, nahiz eta eskola tradizionalaren teoriak ezagutu, eskola berriaren jarraitzaileetzat jotzen zuen bere burua.

        Ikerketak «Arrolamendi II» deitu haztarnategi arkeologikoan eginen ziren. Urtebeteko epe laburra zuen lana burutu ahal izateko. Nahiz eta aurreko mendean egindako ikerketak sakonak izan, Arrolamendi inguruko historiaurreko hondakinetatik ezer gutxi ezagutzen zen. Arrolamendi 2.000. urtean bere biztanleek utzi zuten, kostaruntz izandako migrapen masibo batean.

        Iadanik herrixkaren gutxi gora beherako planoa burutua zuten. Ifarraldetik hegoaldera bi edifizio luzeren haztarnak ageri ziren, oso luzeak, eta azken ikerketen ondorioen arabera XX. mendeko biztanleek burdina landuko zuten bertan. Edifizio hauek 1990 inguruan ez omen ziren iadanik erabiltzen, J.H. Altunamendiren dotorego tesiak frogatu zuen legez. Hegoaldera jarraituz, eta ondakin luze hauek amaitzean, janari ez-sintetikoen saltzeko lekua (Altunamendiren iritziz eta eskola tradizionalari uko eginaz, 1960an erabiltzen omen ziren iadanik janari sintetikoak, eskola tradizonalak aldiz, hauek 1987an asmatu zirela zioten).

        Aurrerago enparantza antzeko zerbait, eta han, herritarrak joko primitiboak erabiliz jostatuko ziren. Badirudi urtean zehar egun seinalatuetan, jendea biltzen zela soinu tresna ezezagunetaz baliatuz eskubitik ezkerrera saltoka eta aurrera eta atzera mugituz oso ondo pasatzeko.

        Dena dela, gauza hauek ez zuten axolarik irakurlego arruntarentzat. Antropologoek eta Orestes bezelako ikasle kezkatuak besterik ez zituzten txosten zientifiko hauek irakurtzen. Horietako bat zenez gero eta ikerketan azalduko zitzaizkion gauza bitxiak ulertzeko, irakurria zuen Telemako Harrigoitiaren «Euskaldun primitiboen ohitura sozialak eta sexualak», bi tomotan argitaratu berria.

 

II

Trolebus ultrazkarrak jai zuen oro zeraman Uliako bideoramara. Orestes zitatua zegoen Klimenestra Guriditegirekin eta garaiz helduarren hantxe zeukan zai. Orestesen aeromotorrera igo ziren iluntze argitsu hartan. Oskorria zoragarria. Behean haztarnategi arkeologikoaren egoitzak izpi artean.

        Klimenestrak aeromotorra gera arazi zion paisaia aitzakitzat hartuz. Emeki-emeki eskua ferekatzen zion bitartean galdetu zuen jakinminez beterik:

        — Noizbait oheratu al zara?

        Begirada zorura abiatuz, Orestesek lotsati erantzun zuen:

        — Ez sekula.

        — Zer egiten duzu bada haragia altxatzen zaizunean?

        Orestesek ez zuen erantzun. Ez zen une hartan trebe izan aitortzeko egin gabe zituela «Erreprodukzio eta Plazere Trebetasun Ikastaro Trinkoak».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.