Makinista
Violet Font
Ferrokarrileko makinistak trenbideko burniei segitzen die lokomotoraren eginahalak topera behartuz, beste ezertan erreparatu gabe. Eta belardietan ez da behirik. Iheseko bagoitan estazioz estazio daraman jende aztoratua beren salbamen eta heriotzetarako destinotara hurbiltzen du, haatik airean uzten doan kearen beltzak ezin ezaba dezakeelarik burnibidearen arrastoa. Atzerapenari minutarik kitatu ezinik, makinistak ez dauka helburutzat hurrengo geltokira ailegatzea besterik. Eta han, herritarren ekipaia eta pardelak horren presaka eginak antzematen dira, eta hain zurrumurruzkoa da giroa, ezen pareteko erlojuaren orratzak bizkorregi dabiltzala ematen bait du, kristal hautsien tartean.
Bagoiak bete betean doaz. Norberak bere eternitate puskari egiten dio errepasoa ilunpean, izua uxatu ezinean bata bestearen gainean pilatuta. Gutxi batzuk egur tartetako zirrikitutatik kanpora begiratzeko parada dute: kilometrotako paisaiak ez dira desiratu bezain bizkor zeharkatzen, baina ihesari bizikleta eta gurdiz ekin diotenen geldotasunak esperantzarik zirriborratzen du oraindik.
Igual igual dio ordea gaurkoan. Abioien burrunbak gero eta gertuago entzuten dira halabeharrez. Eta makinistak ez ditu bere makinaren trakatekoak baino sentitzen oinpean. Kazak adituko balitu ere, ezin izango luke lokomotoraren abiadura bizkortu.
|