L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-20 / Gernika (1987-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

In memoriam S.U.

 

Utretx

 

1937ko Apirilaren 26a

Eguerdi ostea zen S.U.-k aroztegia utzi zuenean. Arriskualditan abixua emateko kanpaiak jotzen ziren sirena ordez, eta orduan ere halaxe jo zuten, baina jendeak, ohituraren poderioz ez zien kanpai hotsei jaramon handirik egiten. Gainera han ez zegoen inolako «objetibo militarrik». Horregatik, hamasei urteko mutil hark lasai asko hartu zuen bizikleta eta, lana amaitutzat emanda, batere susmo txarrik gabe, etxerako bidean jarri zen.

        Erretiradan zetozenek zelanbait errefujio modukoak zituzten atonduak etxe, fabrika eta denda sotoetan. Oraindik ez zen den-dena galdutzat ematen, nahiz eta airetik zetorren erasoari frente egiteko aukera eskasak izan. Non edo han geldiaraziko zituzten. Bai, sinestu beharra zegoen, hala gertatuko zela. Osterantzean akabo! sinestu beharra zegoen.

        S.U.-k astelehenero legez baserritar ugari aurreratu zuen tailerretik etxerakoan: zaldikarrotan edo asto gainean edo bestela oinez zihoazen bendeja saltzaileak. Andrazkoak gehientsuenak. Ia denak ezagunak. Manilarretik eskumako eskua altxa eta agur eginik, sendo eragiten zien pedalei kaminoko trangoak txuliatuz.

        Urdaibai deritzan dorretxe pareraino ailegatu zeneko, hegoaldetik, bere bizkarretik, durundio gaiztoa somatu zuen. Bazekien zer zen hura, ondotxo jakin ere. Hura ez zen «Goicoechea traidorearen» aideplano baldarrak atera ohi zuen burrundada ezaguna. Bizikleta muna bazterrera bota, eta estularrian nora barik egon ondoren, txaraka artetik gorantz zihoan estratza batean zehar aldendu zen astrapalan. Andragizon gazte bi ere haraxe ingurura joanak ziren izuturik gordeleku bita. Kirikolatzaren antzera ezkutatu zuen bere burua otatzan barrena. Arnasa etenik, bihotza punpaka, esperolarrian egon zen harik eta ametrailamendua pasa arte. Ke-haritxo zuriak ikusten zituen abioien muturretatik irteten eta aldi berean hezurretaraino sartzen zitzaion ziztu-hots andana. Otarantzen sastadak baino mingorriagoak ziren lurra harrotzen eta urretx anporrak brintzatzen zituzten ziztu-hots haiek.

        Zukuruztua apur bat pasa eta seneratu zenean kaminora bueltatzea otu zitzaion, jakinik halere, basoz baso arrisku gutxiago zuela etxerainokoak. Beste bi haien paraderoaz arduratan zegoen. Estratzaren albo banatako ostondo guztiak errekistatu zituen zehatz-mehatz. Baina alferrik. Estratza gaineko oinbidera bueltatu zen berriro. «Nunbait onik urten juek eta aldegin», esan zuen bere artean eta beherantz abiatu zen. Eta hantxe ikusi zituen biak, elkarren ondoan, hilda. Mota gainean zeuden, esku-bonba batek triskandurik, ezkutatzeko astirik gabe harrapatuak antza. Ez zen ausartu gertuagotik begiratzera ere.

 

1937ko Uztaila

Nazionalek Bilbo hartu zutenetik egunero zabaltzen zen albiste txarren bat. Gertakizunek hartu zuten jiterekin, S.U.-ren amak bazekien bere senarrari egotzitako denuntziak aurrera joko zuela. Hala ere ezin zuen konprenitu auzo berekoa zen jauntxo haren amorrua. Frankistak sartu arte ezkutatua egona zen Sollube aldean. Baina bere aldekoek goia hartu zutenean txakur amorratuak legez hasi zen, bitsa dariola, herritarrak hondatzen. Nahikoa zen atxakirik txikiena, baserritar inozoren bati burua berotu, andre txatxalaren baten inbiria piztu, eta herrian karguren bat izan zuenari denuntzia sartzeko. Halaxe egin zioten bere senarrari basotik burkada bedarra zekarrela soldaduek eraman zutenean.

        Hasiera batean, —errubakoak ezin txarrik pentsa—, bidezko ziren diligentziak egin ondoren dena argituko zela uste zuen. Heriotze zigorrarena esan ziotenean ordea, estutu egin zen. Seme nagusia Bilbora joana zen, «gizajoa», pentsatzen zuen, «hamasei urterekin eta etxeko jornal mehe bakarrena zekarrena ihesian...». Zer egin jakin ez, eta etsi etsian herriko abadearengana jotzea erabaki zuen. Urtebeteko ume ttikiari titia eman eta lokartu zuenean, elizalderantz abiatu zen. «Abadearen bihotza ez da harrizkoa», esaten zuen berekiko, «badaki berak nola Errepublika aurreko sasoi ilun haretan nire senarra eliza ez erretzeko goardia egiten egoten zen, eskupeta eta guzti, euskaldun guztiak legez kristinau on zelako». Abadea pasioan topatu zuen. Agertu zion bere estuasuna eta elizaldetik alkatearen auzora doan bidea elkarrekin egin zuten. «Baietz eta baietz, jabetzen zela bere bihotzeko arrenkuraz, estuasun larriaz, eta trankil egoteko». Bidegurutzean apartatu ziren, alkatearekin eta kaporalarekin berbatuko zela agindu ondoren. Hurrengo egunean, alkatea landabazterrean ganajatekoak egiten ikusi zuenean, badaezpadaere, harengana jo zuen. Hurreratu zitzaion eta berbetan hasi orduko, alkateak kedaina kirtenean apoiatuz, begiratu hotzenaz erdi destaina erdi arbuiozko berba bat jaurti zion aurpegira eta bizkarra eman. Bai, bizkarra eman eta bere ganaduentzako bedarra ebagiteari ekin zion!

 

1939ko uda

Razionamendu txartelekin batera, S.U.-k lana galdu zuen eta soldadutzara eraman zuten, Taxista errebelatuei zerbitzu militarra egitera. Estella aldean zorri eta akanekin, gose eta lotsarekin burruka egin ondoren, Bartzelonara joatea egokitu zitzaion. Hiri ederra iruditu zitzaion. Hiri ederra benetan, agintari berri haien eskuetan egon izan ez balitz. Zeren Cuartel de Gerona delako hartan, lizuna hormetan eta litsa ohapeetan erruz bil ziteken, baita sarjento petral eta arima beltzeko ugari ere, baina, sasoiko mutil gazte batek espero eta desio zezakeen bizimolde librerik ez zen inondik ageri. Hori bai, militarrak ororen jabe zirenez, soldadu arruntei lagatzen zitzaien asaskua, arratsalde sargoritsuetan zezen korridak ikustea zen. «Debalde festa preparatzen det...», kantatua zuen gero Urquinaonan barrena kiputz harek, eta bokarta-ogi-t'ardoa jatera sartuko ziren ohizko tabernan. Eta nola jakin gabe, polizia militarraren eginkizunetan arituko ziren kaleetan, kabo narras bat eta soldadu parea, hainbesteko boterea nondik eta nola eskuratu zuten jakin gabe.

        Baina baziren bestelako gauak eta goizaldeak ere. Konpainia osoa lo sakonean zegoela, —S.U.-ri esana zioten desordu haietan etortzen zirela—, sarjento ipurterre hura eta imajinaria oherik ohe ibiltzen ziren gau hartarako pelotoia biltzen. «Gaua gauekoentzat», esan zuen goizalde hartan S.U.-k, baina ez zion gauza handirik balio izan. Izara lakar eta aldi berean izugarri goxo haietan betirako loak eraman zezala desiratu arren, bere ohe-lerroko bat iratzartzen zutela somatu zuenean, arnasa estutu eta bihotza larritu zitzaion. Lo plantak egin zituen baina alferrik. Sarjento harek eman zion astinduarekin ez zuen beste erremediorik izan jaikitzea baino. Hamar bat izango ziren. Patioan jarri zituzten formazioan. Fusila tente eta uhalak ondo atonduta. Gero Asaltoko Goardiakoak etorri ziren; beste hamar. Modelo-ra joan behar omen zen. Altuenak eta itxura lerdenekoak aukeratzen omen zituzten, baina tartean baziren boluntarioak ere. Lerroz lerro igon zuten bus tankerako auto militar tetxu gabeko hartara. Bidean, S.U.-k Larrinagako kartzela zuen gogoan. Bere aitaren akabua imajinatzen saiatu zen, baina malkoek traizioa egin zioten, eta goizaldeko hozkirrian argi hitsez argitzen zuten farolei begiratu zien. Banaka batzuek pattarrari ematen zioten gogotik.

        Modelo-ra iritsitakoan, presoek Meza Santua entzuna eta elizaren azken sakramentua hartua zuten. Dena prest zegoen. Batzuk negar-zotinka, bestetzu lurrera begira, bus balbe hartara igon arazi zituzten. Ganaduak bezela estutu ziren leku apur hartan, borrero eta errugabe, denak nahasian. S.U.-k ez zuen adorerik ez barrenik gizajo haiei begiratzeko, bera ere haietariko bat zen eta ezin zien aurpegira begiratu. Eta orduan, Badalonarako bidean zihoazela, bere aita zenak, merkante hartan maiordomu zebileneko garaian Villagarciaraino bidaian eraman zuenekoa gogoratu zuen. Bost urtetako mutikoa zen bera, eta ama ere barkuan zihoan baina gonbitoka, eta aitak popan lotu behar izan zuen okerrerietan hasia zelako eta kareletik uretara jausteko arriskuan zegoelako. «Arrainak harrapatzeko», pentsatu zuen; «gizonak fusilez harrapatzen dira eta hemen doaz axuriak bezala».

        Badalonarako bidean busak eskumatara jo zuen eta burnibide estu batean sartu zen. Hedoia garbi eta izarreztatua zegoen, soroak ilunabarrean. Izarren badaezpadako argiak larrain lekaro batera ailegatu zirela erakutsi zion desordu ikaragarri hartan S.U.-ri. Jaitsi ziren, jaitsi erazi zituzten, eta aginterik gehiena zuen ofizialak, mota baten kontra jarri zituen presoak. Soldadu boluntarioak eta asaltoak bi lerrotan tinkatu ziren fusilen ahoak haiei begira. S.U. albo baterantzat aldendu zen negarrez. Preso batek garraisika eskatu zuen Catalunyako Plazan afusila zezatela. Ofizialak agindua eman zuen. Sei itzal jausi ziren lurrera.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.