L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-21 / Uda (1987-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Pinpilipauxa betiko

 

Josu Landa

 

Emakume biak sukalde leihoko burnietatik begira zeuden; ondoko patioan obratan ari ziren langileei begira. Porlana bota eta bota ari zireneko patio hura gizonezkoena zen, baina hobetze lanengatik hilabeteaz itxita gorde beharra aldarrikatua zuten presondegiko juntakoek. Zuzendaritzakoek ate pisu eta erdi herdoilduan ipinitako oharrari («Patio honek giltzapeturik iraungo du aste batzutan»), baten batek boligrafoz beste zerbait gehitua zion: «txapatua dagoena ez da patioa, neure burua baizik». Karmeni eta Maiteri, hantxe, labean pizza zurtz eta soil batzu barneratzen zituzten bitartean, ezinezkoa zitzaien jakitea ea paperean idatzitako hari buruzkoa benetakoa zen ala ez, kondaira hutsa izatea zitekeena bait zen, baina mojetako batek halaxe zela kontatu zien bezperan. «Tira, Karmen, ez egon leihotik hainbeste denboraz begira, pioiak ez ditun Robert Redford eta!». Eguzkiak gogor jotzen zuen patioan, eta langile batzuren kamisetak bera-bera zeuden bezala, besteotakoen larruazal beztuan izerdia argi-erreflexu urrunak bilakatzen zen. Pioi bat hormigoigailu txiki batetik ur mangera kendu eta palakada harea botatzen hasia zen. Kapataza, elastikoaren tiranteek tripari ezin eutsiz, gerizpean zegoen, erdipurdiko freskotasunean egunkari atzeratua irakurtzen... kapelaren hegalak aurpegi erdia estaltzen zion. Ez ziren Karmenen begiak, baina, guzti hori ikusten ari zirenak.

        — Galdera bat egin nahi nizun aspalditik, Maite, baina ausartzea ere... —joanda bezala, Karmenek leihoko bost burni lodietan tinkatzen zituen begiak harez gero ere—. Begira neska, gizonezkoen artean norma da, baina uler ezazu, orain arte ez genuen hemen tatuaiadun emakumerik ikusi...

        — Zer?

        — Tatuaia... pinpilipauxa tiki hori mazela gibelean —begiak beti ere leihotik, Karmenek.

        — Badakin, Karmen, garai batetan lotsa hartuko niken istorio hau kontatuz —Maitek poza hartu zuen Karmen berari begira zegoela konturatu zenean—, hik ba al dakin, Karmen, zar den gizon bat egiazki maitatzea? —eta nola Karmenek ezetz esan zion, ez zekiela hori zer zen, luze jotzeko asmoz ekin Maitek kontakizunari.

 

Eta nola bost urte lehenago bere anaiak lagun bat presentatu zion. «lntelektual bat... argazkiak ateratzen zizkinan, musika ikasketak ere eginak omen zeuzkanan». Eta nola berari ere —Maite gaxteari— erretrato asko eginak zizkion aste gutxitan. Gehien maite izan zuena, ispiluan biok zeuden hura. Baina amodioaren eta bizitzaren aldean, erretratoak erliebe eskasekoak izaki, krudeltasuna faltan. Eta nola ere Maitek ez zuen sekula pentsatu hogei urterekin mutil bat beretzat soilik nahi zukeenik, beste inorenganako keinu edo imintziorik ez permititzera heldu zatekeenik. Eta nola horretara heldu zen denborarekin, eta nola azkenik erretratoak aski ez izaten ere hasi ziren.

        «Une gozoak ere izan hituen, ez pentsa. Hik ba al dakin zer den gizon batekin gogotik ongi pasatzea? Inork ez liken sufritzeagatik ezer iraunaraziko...». Denbora luzez segitu zuen zoramen hark... hilabeteak, baliteke bi urte, agian bost, nork daki. Asteak mantso eta azkar pasatzen ziren. Amak erakutsia zion txikitatik horrela neurtu behar zela bestearenganako amodioa. Asteak, soilik mantso edo soilik azkar pasatzen hasten direnean, heldu gogor edo aldentzen utzi, amodiorik behintzat ez bait da tartean. Halaxe esaten zion Maiteri ama zenak. Eta Maitek, denbora zenbatzen hasi zeneko garai hartan, ez zuen laguna aldentzen utzi.

        Burges familiako alaba izateko —edo agian horrexegatik— erreparo gutxi eduki ohi zuen Maitek larru kontutan. Seme-alabarik egiteko gogorik, bestalde, inoiz ez zuen sentitu; inoiz ez, egun hartararte. «Hik ba al dakin zer den umea egin nahi izatea baina ez edonorena, hirea den gizonarena baizik, harena edo ezer ez?». Abenduaren 2a izan zen, beste ezer ez zuen gogoan Maitek egun hartaz, kalendrera orria gordea zuen inon. Orduan deliberatu zuen pilularik ez hartzea aurrerantzean, bestearekin fitsik kontsultatu gabe.

        Hurrengo zortzi hilabeteetan asko eta asko zenbatu zuen Maitek, bizitza osoan zenbatu ez zuena zortzi hilabete eta bost egun luze eta amaiezin haietan egin zuen. Esperoan egotea eta desesperoan jaustearen muga zorrotzean, hamabost aldiz egin zuen ernaltze froga botiketan, hamahiru kilo t'erdi galdu zituen, hogeitabat bider lantokian huts egin zuen aitzakia merkez, eta inoiz baino gehiagotan joan zen mutilarekin zinemara, zehazki hirutan. Zortzi hilabete eta bost egun haiek pasa zirenean, abuztuaren 7an, Maitek aurre egin zion bere mutil iada tenteldu eta gutxituari, berak bazekiela haurdun ez geratzea ez zela bere kausaz, eta ea zer mila deabru. Bestearen aurpegia ikustearekin, ez zuen aurrera jo nahi izan neskak. «Hik ba al dakin zer den hanka sartu dunala konturatzea eta atzera jo ezin izatea?». Gaizki hartu zuen mutikoak Maitek asmoak ez kontatua, xedea denbora luzez isilpean gordetzea. «Hara, neska —esan zion lasaitu ondoren—, ongi aski nekien nik nigandik halakorik ez zegoela lortzerik. Berdin dit zergatia ez ulertzea... nahi baduzu umea bezala bizitza osorako zenukeen oparia proposatzen dizut, biona —pausa luzeska bat eta serio keinua mutilaren begitan—, neure hazia zugan ernaldua». Horrela sortu zen tatuaia egiteko ideia.

        Poema bat egin zion mutil-lagun intelektualak, Maitek belarri aurrekaldean tatuaiatuko zuen tximeleta nanoa loriatuz, «elkarrenganako amodioaren ikurra, betirako sinboloa betiereko elkartze batetarako, inongo komentuko atetan abandona ezin litekeen alabatxoa...». Tatuaia egin eta hurrengo egunean utzi zuen mutilak Maite, betiko, tatuaia berri hura bezalaxe, betiko. Poema ere libururen batetik kopiatua zuela esan zion, despedidaz. «Hik ba al dakin zer den umiliatua sentitzea, iraindua, bizitzen segitzeak ez duela piperrik merezi pentsatzea?».

        Baina istorioa ez zuen Maitek hor amaitu nahi izan. Eta kontatu zuen nola mementuko egunak zenbatzetik iragandakoak zenbatzera pasatu zen. «Tatuaia estaliko zuen orrazkera baten bila ibili nindunan denbora luzaz, badakin, ez mantso ez azkar pasatzen ez den denboraldi horietako batetan, gartzela honetara sartu ninduten arte». Eta nola gartzelara sartarazi baino apur bat lehenago ere tatuaiaz harro sentitzen hasi zen, nola harrotasun hori gartzela zikin harengatik ez zen. «Ba dakin zergatik? Pinpilipauxa hau, betirakoa den odol-izpi hau, egun batez desiratu nuen ume madarikatu haren gaitzerdi delako».

 

Maitek berriz ere leihoan zehar behatzen zuen, patioan gertatzen zenari erreparatu gabe. Pioiak bazkaltzera joanak ziren, eta galeria batzutako leiho-burnietan jezarririk zeuden presoek patio desertuari begiratzen zioten, bereziki bertan utzitako pala, piko eta kristalezko botila litrokoei, urrea baino gehiago balin zuten beira abandonatu haiei. Karmenek bazuen beste galdera bat Maiteri aspalditik egin nahi ziona, ea zeren kausaz zegoen gartzelan alegia, baina ez galdetzea hobe zela juzkatu zuen. Grazia hartu zion gainera Maitek zer erantzungo zion imajinatzeari: «Hik ba al dakin zer den maite dunan gizona hil behar izatea?».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.