L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-21 / Uda (1987-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Bazkalordua

 

Juan Luis Zabala

 

Tabernako erlojuak hamabiak markatzen zituen. Enpresako bulegariak bazkaltzen ari ziren. Hamabi mahai txiki zeuden eta mahai bakoitzaren inguruan launa aulki. Bederatzi mahaitan hogeitamasei bulegari ari ziren bazkaltzen, guztiak janzki urdin ilunez eta gorbata gorriz jantzirik, guztiak bizarra ondo kenduta, eta txukun-txukun jateko lanetan. Beste hiru mahaiak hutsik zeuden.

        Aulkiak eta mahaiak zuriak ziren. Baita barra ere. Paretak arreak ziren, sabaia berde argia eta zolua grisa. Zerbitzariek txabusina zuria zeramaten jantzita.

        Beste lau bulegari sartu ziren tabernan. Bi garagardo, zuria eta gorria eskatu zituzten. Bakoitzak berea ordaindu zuen. Gorria eskatu zuenak izan ezik, ze txanpon bat ordaindu behar zuen baina ez zeukan ez bilete eta ez txanpon normalik. Bosteko bilete handi bat besterik ez zuen. Tabernako zerbitzariek ez zuten harentzako diru trukerik. Orduan garagardoa eskatu zuen lagun batek txanpon bat utziko ziola esan zion, biharamunean ordaintzekotan. Gorria eskatu zuenak ezetz esaten zion lehenengo baina besteak behin eta berriro ekiten ziolarik azkenean ezinbestean mailegua onartu egin behar izan zuen, lagunari eskerrak emanaz. Edariak eskuan hartu eta mahai batean eseri ziren lauak bazkaltzera.

        Tenore hartan bi mozkor sartu ziren tabernan. Kantuan sartu ziren biak bizkarretik helduta eta balantzaka.

 

               "Aslaste jiubelaste

                 aslaste jiubeles.

                 Aslaste jiubelaste

                 aslaste sendieker.

 

                 Finoberna sadirenbo

                 sokirenba tusireg.

                 Labifonba nesireio

                 sakitero taridem ".

 

        Arropa zarpail eta koloretsuz jantzita zeuden. Alkondara gorria zuen batak eta besteak kolore asko nahasten zituen jertsea. Egunetako bizarra zuten, ilea ere nahasia erabat. Alkondara gorriduna mutil handia zen. Jertse multikoloreduna berriz luzea baina argala zeharo.

        Mozkorrak sartu bezain laster, bazkaltzen ari ziren bulegari guztiak mozkorrei begiratu eta urduritzen hasi ziren. Jateari utzi eta gorputzari bortizki hatz egiten. Gorbataren korapiloa askatzen zuten, alkondararen goiko botoiak ere, izerditzen ari ziren, estu eta larri, eta gorputza bihurritu egiten zitzaien hazka eta hazka ari ziren bitartean. Batzuk aurpegian hatzamarkada latzak egiten zituzten. Bati are odol arrasto xume bat atera ere egin zitzaion, hain hatzamarkada bortitzak egin zizkion aurpegiari. Tabernako zerbitzariek, ostera, mutu eta geldi zeuden bezero berriek zer eskatuko zai.

        Azken hondarra baizik geratzen ez zitzaion ardo botila zeraman eskuan alkondara gorridun mozkorrak, eta gora bota eta sabaiaren kontra hautsi zuen, barrezka. Barre lodi eta indartsua zuen.

        Barrara hurbildu eta ardo botila bat eskatu zuen. Bi mozkorrek tragu bana egin zuten botilatik. Alkondara gorridunak bosteko bilete handi bat utzi zuen barra gainean eta diru trukerik ez itzultzeko esan zion zerbitzariari.

        Kolore askotako jertsedun mozkor argalak ardo botila hartu, mahai batetara hurbildu eta, barrezka, dilistaz betetako lapiko handi batetan hustu zuen. Oso barre zorrotza zeukan. Gero botila hutsa ere ontzi barruan sartu zuen. Mahaiaren inguruan zeuden bulegarien urduritasuna areagotu egin zen une haietan. Bulegari ihar batek sabelari hatz egiten zion eta gorputz osoa bihurritzen zitzaion, aurpegiak laztura ikaragarria erakusten zuelarik. Beste batek, berriz, betaurrekoak zerabiltzan eskuetan, eta dardara urduri eta bortitzekin betaurrekoak ez puskatzearren eskuak kontrolatzeko ahalegin larrietan zebilela nabari zitzaion.

        Alkondara gorridunak beste botila bat eskatu zuen eta bosteko beste bilete handi bat utzi barra gainean. Hau ere barrezka ari zen, etengabe, bere barre lodiarekin. Tragu bat eskeini zion bere lagunari. Ondoren berak egin zuen beste tragu handi bat. Botila eskuan zuela eta barrezka, mahaien inguruan ibiltzen hasi zen gero astiro-astiro. Bulegarien urduritasuna eta ezinegona areagotu egiten zen mozkorra beraiengana hurreratzen ikusten zutenean. Gorputzari hatz egiteko grina zoroa larriagotu egiten zitzaien eta bazirudien lehertu egin behar zutela edozein mementutan.

        Mahai guztien inguruan paseo txiki bat egin ondoren, tragu handi bat jo zion alkondara gorridunak botilari eta botilan geratzen zena burutik behera hustu zuen barrezka. Botila zoluaren kontra hautsi zuen gero. Jertse multikoloreduna barrezka hurreratu zitzaion, bere barre zorrotzarekin. Bizkarretik heldu eta kantuan hasi ziren berriz, mahaien inguruan paseo txiki bat eginez.

 

               "Aslaste jiubelaste

                 aslaste jiubeles.

                 Aslaste jiubelaste

                 asiaste sendieker".

 

        Azkenik atera zuzendu eta irten egin ziren tabernatik. Bulegari bat mahaitik altxatu eta mozkorren atzetik abiatu zen. Balantzaka joan zen tabernako aterantz, gorputzari hazka eta hazka, kosta egiten zitzaion ibiltzea, zutik mantentzeak ere lanak ematen bait zizkion. Egoteko esaten zien mozkorrei, egoteko pixka bat, itxaroteko, baina ez zen bere ahots itoa entzun arazteko gauza. Kaleraino irtetzea lortu zuen hala ere. Mozkorrak ordurako beren motorrean abiatuta zeuden, jertse multikoloreduna txofer eta alkondara gorriduna sidekarrean.

        Bulegariak besoa luzatu zien egoteko adierazi nahi zuen keinu etsi batez. Mozkorrek ez zuten ikusi ordea, eta kalean aurrera galdu ziren beren motor zaratatsuan.

        Motorra bidean aurrera nola ezkutatzen zen begira geratu zen bulegaria, tristuraz, gorputza jada guztiz lasaiturik. Apur batean tabernako ate ondoan egon ondoren berriro barrura abiatu zen pausu makalez eta aurpegi ilunez. Barruan bulegari guztiak bazkaltzen hasita zeuden berriro, ixil-ixilik, gorputza guztiz lasaiturik. Zenbait bulegari artean ere gorbata lotzen, janzkiaren zimurdurak lisatzen edo eta ileak orrazten ari ziren. Aurpegian odola zuena zapi batekin lehortzen ari zen. Zerbitzariek botita hautsiak jasotzen zituzten.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.