L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-21 / Uda (1987-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Judith

 

Eneko Fraile

 

Eta Judithek dolu jazkiak erantzi eta bere gorputz biluzia behatu zuenean, desioa lehertzera zihoakiola sentitu zuen lehen aldiz bere gorputz emearen barrunbe ezkutu bakoitzean. Bere gardentasuna ferekatzen hasi zen gero, lotsa apur batez haseran, grina erdiragarriz gero, arnas estua lasaitzen joan zitzaion arte. Burkoen gainean zerraldo jausi zen eta loak hartu aurrez, isurtzen utzi zuen gezal zaporeko txua zurrupatu zuen.

        Eta Holofernes handia, zeina igorria izan bait zen Nabuchonodosor erregearengandik Israelgo herriaren konkistatzeko, Judith ikusi ahala liluratua gertatu zen honen edertasunaz eta eskatu zion berarentzat biluz zedin, zeina onartu zuen Judithek bigarren aldiz plazerraren eztia dastatzen zuelarik. Zeta finezko jazki bakoitzaren hegaldiak, lur birjinak zeharka arazten zizkion, bere eztarriarentzat berri ziren soinuak isur arazten. Aurrekoan baino urrunago heltzen ari zela ohartu zen. Zeharo biluztu zenean, Holofernes handiaren harriduraz, katamarka ezarri zen lurreko zola hotzean eta harri noblea milikatzearai ekin zion, honen oinetaraino heldu zen arte. Hemen ukan zuten azkena, desorden sentsualez bekoki gainean isurtzen ziren bilo dantza frenetikoek eta sobiranoaren laguntzaz zutitu ondoren marmol zurizko sala milurtekoa gibelerat utzi zuen Holofernes txundituaren mantu leunaz gorputza inguratzen zuelarik.

        Eta gau hartan, izarbelek heuren trazu arkanoak zeharkatu zituztenean zabaldu zitzaizkion herriari ehun mende zigilaturik zeramaten brontzezko bortatzarrak, eta inoiz ez bezalako besta eratu zen jauregian. Gau hartan hustu zen eternitateari berrogei uda kosta zitzaion ardoa... eta gau hartan ere utzi zitzaion jendetza apoderatuari Holofernes beraren esklabu eme ikaratiez gozatzen, zeintzu aukeratuak izaten bait ziren hamar udaberri gardenez, eta jauregira eramanak izaten plazerrean haziak izateko.

        Eta gauerdirako Holofernes horditurik zen eta bere ohera gida zezan manatu zion Judithi, eta eratzan zuen orduko loak hartu zuen. Judithek orduan, zaindariak oro arnotan itoak zirela zekusalarik, ohearen lau muturretan lotu zituen Holofernes handiaren beso zangoak eta emeki biluzten hasi zen, ondoren soberanoa biluzten zuelarik. Denbora luzez behatu zuen ohean zetzan gorputza eta mogimendu neurtuez gainera igo zitzaion eta zakila musukatzen hasi hau emeki betetzen hasi zen arte. Mogimenduak konbultsiboak ziren jada, eta arnas soinuak, auhenak, eta amodio hitzak, hortik zehar barreiaturiko mendazko arrastoak karakol bideak bailiren. Eta estasiaren gailurra jo behar zutenean, Judithek esnatu berri zen Holofernes handiaren aurpegi parean ezarri zuen alua, eta honek mihia luzatu zionean gernu zarrastada bat isuri zion, ohearen kontra ahazturik zetzan zorrotik labana atera eta lehenik zakila eta gero lepoa mozten zizkiolarik. Orduan ukan zuen Judithek benetako orgasmoa odol putzu batean lohiztatuta.

        Eta Judith Holofernesen palkura agertu zenean mintzatu zitzaion bertan bildua zen herriari:

        —Israelgo herria, Jauna gurekin da eta berak obratu du nire eskuz mendeotan liburu sakratuek jasoko duten mirakulu hau.

        Eta hau esanaz Holofernesen burua jaso zuen biloetatik denek ikus zezaten.

        Ezin izan zuen zilarrezko malkoa ebitatu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.