Txinoen esperoan
Xabier Mendiguren Elizegi
Colombori eta nirekin pairatu zuten guztiei
Sorbaldaren pixua aprobetxatu nuen burnizko ate astunaren kontra jarri eta zabaltzeko. Txorien silioek festa giroko alaitasun berezia ematen zioten klaustroari. Nonahi ari ziren kantari baina oso zorroztu behar zen begirada baten bati argiki antzemateko. Itzaletik eguzkitara irtetean une batez argi errainuek itsuturik utzi ninduten, ezer ikusteko gauza ez nintzela, baina berehalaxe etorri nintzen nere onera, eta hantxe zegoen, Anaia Alfredok esan zidan bezalaxe, patioaren erdi erdian aulki batean jarrita, bazkal ondoko eguzkiaren goxotasunean lokuluxkan edo.
Poliki poliki hurbildu nintzaion, zaratarik egiteko bildurrez bildur inozoa egia esan, txoriek nire zapata zolek baino askoz ere hots ozenagoa egiten baitzuten eta bere ondora iritsitakoan adi adi geratu nintzaion so.
Burua alde batera zuen eroria, modu harrigarri batez: lepoa bihurrituta zeukala esango nukeen arnasaren lasaiari erreparatu ez banio. Kaskoaren erdi aldeko soilunea alde batetik bestera estaltzen zioten ile bakan zuriek ordea, guztizko araztasun perfekto baten itxura ematen zioten, beti izan baitzen oso txukuna bere orrazkeran. Urre koloreko antioju kaxkarrak sudurrean behera zituen labainduak eta erdi zabalik zeuzkan ezpainen artean ageri zen mihi muturretik listu hari mehe bat zegoen zintzilik.
Anaia Martin! esan nion baxu, ez bainuen bortizki iratzarri nahi. Sakona bide zen bere loa ez baitzen amiñi bat ere mugitu. Manta koadrodun batean bil bil eginda zegoen, urte sasoiaren eguratsari eta orduaren berotasunari kasurik egiteke. Mantaren azpitik esku xuriak ageri zitzaizkion: axal fina eta ondo zaindua zuten atzekalde eta esku ahurretan, baina erkain zartatuetan igar zitekeen urte askotako klarionaren arrastoa.
Anaia Martin! kokoriko jarri nintzen bere buruaren mailan egoteko. Ahoarekin eta bekainekin zenbait keinu egin zituen, esnatzen ari zelako seinale. Begiak zabaldu baino lehen behatzen artean zeukan kempisa irristatu eta magalean geratu zitzaion itxita.
Anaia Martin! ozenxeago esan nion ordukoan. Begiak klis klas zabaldu eta itxi zituen une batzuez, lozorroan jositako makarrek erabat zabaltzea galeraziko baliote bezala. Ahoarekin ere gauza bera egin zuen, listua bizpahiru aldiz irentsiz, loaldi laburraren ostean geratu ohi den ahogozo mikatz hori kentzearren. Okotzetik behera geratu zitzaion listu hariaz ohartu eta beso dardartia mantso mantso jasoz artilezko jertsearen eskumuturreko aldeaz sikatu zuen. Operazio guzti horien ondoren betaurrekoak behar den lekura eraman eta finko geratu zitzaidan begira, garunetako artxibategi hautseztatuetan armiarma sareen artetik begira zegokion aurpegi gazte haren oroitzapena erreskatatu nahi balu bezalaxe. Baina naufragiotik ezer salbatzerik ez zuen izan.
Neu naiz, Anaia Martin. Ez al nauzu ezagutzen?
Kristal osteko begirada lausotu hartako barrenean argi izpirik piztuko ote zen zain geratu nintzen aldi batez; alperrik: aspaldi ziren itzaliak su hartako txinparta guztiak. Nere buruaren atzekaldean zegoen zeredozeren kontenplazioan galduta somatzen nituen haren begiak.
Neu naiz, Anaia Martin, Joxekruz.
Berriro saiatu zen oroimenaren kaiolan aurpegi eta izen horiek berak ezagututako errealitateren batekin josten. Betosko zimurtuak ematen zidan haren lanen berri, eta laguntzen ahalegindu nintzen.
Joxekruz Oiarbide, Zarauzko ikastetxekoa.
Oraingoan zerbait esan behar zuela zirudien, eta izugarrizko lana izanik edo, zintzurra gora eta behera aldi batean erabili eta gero, nekez baina ahots garbiaz ateratzen zitzaizkion hitzak esan zizkidan.
Badakizu... hainbeste ikasle izan ditut honez gero. Zuek gazteak zarete... eta gu berriz, zahartuta gaude... gero eta zaharrago.
Orakuloaren gisa, isilik geratu zen hitzok bota eta gero, nik hausnartzeko eta bere mamiaz jabetzeko denbora izan nezan edo. Mingarria zitzaidan isiltasun hura eta lehenbailehen bukatzeko gogo bizia sortu zitzaidan.
Mixiotara joan behar dut, Txinara. Anaia guztiei agur esatera etorri naiz.
Lehendik ere urrun begiratzen zuten begiak askoz urrunago finkatu ziren, urrutiko izarren baten kokaleku zehatza igarri nahian balebil bezala.
Txinara... Txinara...
Bere oroimenaren gurpila jira biraka hasi zen, aspaldi lanik egin gabeko errotak ohi duen baldarkeria eta makaltasunaz, eta bere hitzen oihartzun fonikoak ni ere behialako errealitate ahantzira eraman ninduen eta urtetan geldirik egondako ur paduratsuetan murgilerazi.
Anaia Martinek maiz aipatzen zigun Txina. Txina komunista, ni bestera banindoan ere. Beti esaten zigun Txina ez zegoela benetan haserre Errusiarekin. Itxura besterik ez zutela egiten, mendebaldea engainatzeko, haien artean zatiturik zeudela sinets zezaten europear inuxenteek. (Lastima vietnamdar eta kanputxeatarrek ez jakitea haserre hori itxurazkoa zela, bestela ez zen galduko hainbat milioi bizilagunen bizitza).
Komunistek beraz estrategia argia zuten: ziren baino ahulago ageri. (Gauza bera egiten omen zuen deabruak: ez azaldu gure aurrean, ez dezagun sinets existitzen duela, hartara haren hatzaparretan errazago eror gaitezen). Baina bene benetan, komunistak errusiar eta txinarrak ez zeuden geldirik, plan argi eta maltzur bat zuten, Anaia Martinek desmaskaratu zuena.
Baina ez dezala inork pentsa Anaia Martin politikoa zenik. Bera gure kristautasunaz arduratzen zen batipat. Pekatua gure bizitzetatik deserrotu eta aienatzeaz. Eta ez da zaila asmatzen zein zen pekatu ohizkoena gure hamahiru urte haietan. Eta pekatu horren sua harrotzen zuen egurrak ere izen ezaguna zuen: pornografia. Bai, pornografia iritsia zen gure esku artega eta herabeetara.
Nor zegoen ordea pornografiaren atzean? Nork zuen zikinkeria hori bultzatzeko interesik eta zer lortu nahi zuten horren bidez? Horra hor garrantzizko galderak eta hona hemen erantzunak: pornografia komunistek errusiar eta txinatarrek zabaldu zuten mendebalde guztian. Zertarako? Oso erraza da: mendebaldeko gazteak hondatu eta ezertarako ez zirela uzteko.
Hori horrela esanda, irudi lezake komunisten gaiztakeriak ez zuela arrazoirik, edo debaldekoa zela bere maltzurkeria guztia. Ez pentsa halakorik! Haien asmo eta helburuak askoz ere makurragoak baitira. Ikus ezazue haien epe luzerako estrategia, konfabulazio unibertsal erraldoia: behin mendebaldeko gazte guztiak pornografiak jota utzi eta gero, Txinak eta Errusiak zera egingo dute: mendebaldeko herri libreei gerra deklarazioa egin. Orduan, tarteko nazio guztiak bilduko dira eta honako elkarrizketa hau izango dute:
Harma atomikoak erabiliz egingo al dugu gerra? galdetuko du norbaitek.
Ez, ez erantzungo dute denek hori mundu osoaren akabuera izango bailitzateke.
Hartara, denak bat etorriko dira gerra konbentzionala egitearen komenigarritasunaz; eta hor, gerra konbentzionalean, benetan erabakior suertatzen dena soldaduen indarra eta adorea da.
Hemen dator beraz komunisten planaren bigarren partea: hasiko dira gerran, eta alde batetik etorriko dira milioika erruso eta txino: osasun onekoak, sasoikoak, kementsuak, edozein ekintzetarako gogoz eta gorputzez prest daudenak (zeren, lehen esan ez badugu ere komunistek galerazi egiten bait dute pornografia noski baino noskiago beren herrialdetan); eta nor dago horiei aurre egiteko? Bada, mendebaldeko gazteria: gazte ustelak, pornografiaren bizioak eraginda gorputza erabat ahuldua eta izpiritua askoz ahulago eta ustelduago dituztenak. Zer egin dezakete gazte gizagaiso, makal eta pekatuaren zimaurretan lohitutako hauek gazte komunista indartsu, langile eta esanekoen aurrean? Ezertxo ere ez, noski.
Beraz, berehalaxe dugu gerra amaituta eta komunistak munduaren jabe, eliza guztiak erretzeko, kristauak giltzaperatzeko, Ama Birjina iraintzeko eta erlijioa debekatzeko.
Horra hada nola erakusten zigun Anaia Martinek gaiztakeriak itxura asko hartu arren izatez bat besterik ez dela, eta pornografia eta komunismoa, gazteok genituen bi arriskurik bildurgarrienak, txanpon bakarraren bi alderdiak.
Guzti hori han gogoratu nuen, Anaia Martin erdi hibernatuta zetzaneko aulkiaren ondoan kokoriko jarrita. Ez dakit zenbat denbora eman nuen oroimenaren gurditik tiraka, eta Anaia Martinek ere ezin ziezadakeen esan, berriz ere lokartua baitzen, baina minduta neuzkan iztarretatik bizkarrerainoko muskulu guztiak. Eginahalak eginez zutitu egin nintzen, eta kraskadura bat nabaritu nuen hezur mamietan. Ez dakit altxatzean hotsik egin nuen baina Anaia Martinek begiak zabaldu zituen, eta irriparre berezi bat zuela ezpainetan, halaxe esan zidan:
Txinara, eh?... Txinara.
Nere burutik pasatako guztiak beretik ere pasatu ote ziren susmoa sortu zitzaidan eta arrazoia oraindik ere asmatu ezin izan badut ere halako lotsa esplikaezin batek gorritu zizkidan masailak. Ez dakit nola, herabetasun txotxolo horren kontrako erreazio moduan edo, esaldi honek ihes egin zidan ahotik:
Bai, badakizu: han ez dagoela pornografiarik eta.
Anaia Martin azkenengo urteetan bizi zeneko etengabeko sorgorrezko lausotasun hartatik une batzuez erabat libratu zela esango nuke, hain bixia izan baitzen haren begien keinua, eta hain azkar eta argia haren arrapostua.
Horrek ez du meriturik. Hemen bizi behar da, hemen, pekatutik ihes egin gabe hari kontra eginez jo ta ke.
Harri eta zur nengoen ni Anaia Martinen piztualdia ikusita, eta ez nekien kontra egin behar ote nion edo arrazoia eman argitasun harekin segi zezan. Zer esango pentsatzen ari nintzela, berak jarraitu zuen.
Nik behintzat ez diot besterik eskatzen Jaungoikoari: eman diezadala eguna iritsi arteko bizitza.
Ze egun? galdetu nion benetako jakinminez. Horren begien bistakoa izanda erantzunik ematea ere merezi ez balu bezala begiratu zidan harriturik, ondoren, konfidentzietan erabili ohi den doinu leunaz, esateko:
Haiek iritsiko diren eguna.
Berriz ere barregarri geratu nintzela haren aurrean somatzen nuen, baina hala ere galdera hori egin egin behar izan nuen:
Zein dira haiek?
Zein izango dituk bada: txinoak bota zidan ziplo, eskuak eta guzti altxatuz, aspaldi hartan izan zuen energia unerik nabarmenenean. Ni hasia nintzen pentsamenduaren nondik norakoari zertxobait antzematen baina oraindik ez nintzen erabat ohartzen zein asmo zebilen haren kaskoan gora eta behera. Horregatik guztizko inozotzat hartuko ninduela jakinik ere, hirugarren galdera egin nion ahots aztoratu samarrez.
Baina zertarako nahi duzu txinoak etortzea?
Martiri izateko, motell, martiri izateko.
Lehen baino harrituagoa nengoen, eta izkutatzerik ere ez nuen izan. Anaia Martinek eskolako ikasleei begiratu ohi zien aire berberaz begiratu zidan, eta harbela falta bazitzaion ere, orduko modu eta tankera pedagogikoaz azalpenak ematen hasi:
Ez al duzu ikusten? Begira: txinatarrak etorriko dira eta komunismoa ezarriko dute. Orduan erlijioa debekatu egingo dute, eliza katolikoa bai behintzat, eta apaizok bi aukera izango dugu: edo gure fedeari uko egin, edo martirioa. Orduan, orduan ikusiko da nor den benetako kristaua: epelak bildur izango dira eta edozein gauza egingo dute zigorra bere buru gainetik kentzearren. Baina benetako sinistunok martirioaren bide estu baina argitsua aukeratuko dugu, Jesukristorengana daraman bidexidorra. Horrela, Jaungoikoaren aurrean egongo gara zuzen zuzenean, santu bihurturik betiko lorian. Zer hoberik?
Eta azken hitzok pozarren esan ondoren estasian geratu zen, begiak zabalik kerubinak eta serafinak ikusiko balituzte bezala, eta ezpainen artetik berriz ere listu hari fin bat hasi zitzaion irristatzen.
Txorien txilio ernegagarriez konturatu nintzen. Erotzeko modukoak ziren edo halakoak iruditu zitzaizkidan neri behinipehin une hartan. Arratsaldea aurrera zihoan eta nik oraindik ere gauza asko egin beharra nuen bidaiaren azken prestaketetarako.
Klaustrotik atera baino lehen azken soa zuzendu nion aulkian jezarrita, mantan bildurik eta burua alde batera eroria zuen Anaia Martini. Ez nuke asmatuko momentu haietan zenbat eta nolako burutazioak izan nituen esaten, ezta tripetako kilika amorragarri hura adierazten ere. Ameskaizto luze batetik esnatu berria denaren gisa, buru nahastua argitzeko asmoz buelta eman eta pake pozointsuzko klaustro hari agur esan nion betirako.
|