L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-21 / Uda (1987-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

John Updike,
erdiko klase amerikarraren
hitz-jostun jostaria

 

John Updike

 

euskaratzaileak:

J.M. Mendizabal

E.G. Matauko

 

        Jada bere lehen idazlana izan zen «The Carpentered Hen...» (1958) poesia bildumatik hasita, absurdoaren praktikatik ohartze zorrotzak findu duen ironiara doan itzulkortasuna lortu du John Updikek. Topikoen mirariekiko begi zorrotza du, baita dohai berezia ere zorion eta tentsio domestikoetan suertatzen diren hitz arruntez eguneko bizitzako barealdiak isladatzeko, gauzei dimentsio familiar bat emanez.

        Pennsylvanian 1932an jaioa, lehenbizi Harvarden eta gero Inglaterrako Ruskin Diseinu eta Arte Ederren Eskolan aritua, The New Yorker egunkarian lanean ari zela argitaratu zituen bere lehenbiziko poema eta kontakizun laburrak.

        Nahiz eta poesia alorra jorratzen hasi (lehen aipaturiko «The Carpentered Hen...»ez gain badu beste poesia bilduma, «Telephone Poles» izenekoa), bere produzioaren baitan azpimarratzekoa da elaberria («Rabbit Run», «The Centaur», «On The Farm», «Couples», «A Month of Sundays»...) eta ipuin laburra («The Same Door», «Pigeon Feathers» —bilduma honetatik dago aterea ondoko «Wife Wooeing»—, «The Music School», «Museums And Women»).

 

 

Emaztea ematuz

 

0i ene maitia. Bai. Hemen gauden, zoru bero zabal gainean eserita, sutondoan, haurrak gure artean, hilgora eran, jaten. Neskak nirekin banatzen din patata frijitu poltsa bat; hik mutilarekin beste bat; eta erdialdean, inorekin ezer banatzeke, harribitxien modura isladapen bakan batzu bere barnean sorreraziz, umea, takataka gainera igonda, maisutasun bekoskoz tutuari zurrupaka, bere begi berekoi soegileek sugarren gunetikako distira ohosten dutelarik. Eta hi. No. Hire gona beztitzen dun, goizeon emakumeren suhartasun belaskaz txirrindura igo eta katekesi eskolako piano zaharrean klabe zailetako himnoak jotzera abiatu zareneko gona beltza bera —hire altxaturiko belaunetatik izterretan behera eta hire gorputzaren geografia absolutoan izterretan gora irrista dadin beztitzen dun gona beltz hau, honela haien barrualdeen zuritasun paraleloa suaren berotasunari eta nire begiradari erakutsiz—. Oi. Bada Joyceren lerro bat. Ulissesen haizpe ezosoki arakatuetatik berreskuratzen saiatzen naiz: Dublingo kobazulo baten sakonean, Blaze Boylanen atseginerako, liga batek klask egin zuen. Zer? Zartadabero. Horixe da gako hitza. Zertadaberoa, emakume beroaren izterrondo zartagarrian zartakaturikoa. Honelako zerbait. Bai gizon miragarria, holakorik sentitzearren. Emakumeren zartadaberoa. Miragarria, halaber, mintzairak berekin daraman aparteko barnebizitza ahaltsu, azalgaitz eta ukaezinki magikoa sentitzearren. Zer arimak egin zuen gogoeta, eta atzeman ere (giza)kume aurretik eme iminiz gero, emakumea sortuko zela? Hortxe aldea. M irekia, U hartzailea. Umontzia. Eratzen dugun hilgoran haurrok bere luze laburrean higandik nigana datozela antzematen din, brontzez tindaturik, hatzak eta begiak bustirik. Hiru haur, bost bizilagun, zazpi urte. Zazpi urte emakume zabal bero izter zuridunarekin ezkondu nintzenetik. Eztitu eta ezkondu. Emazte. Hitz zorrotz honek bere eztenkada kutsua eta guzti ez zuen nire gorteiatzea etendu. Ene harridurako.

 

Okela jateari ekiten zionagu, milia bat urrun dagoen tabernako hanburger neskasaltzailearen esku zatarretatik neuk bero bero hartutako okela, hura bai toki ankerra, eztiki basatia, kromoaren frenesia; gazte hondakariek txantxa zikinez eta lapurtzeko keinadaz mehatxatu, agure jubilatuek heldu ninduten kafeak beroturiko hatzaparrez; nik diru zorroa eskuperatu eta alde egin nuen. Auto hotzean nire ondoan opil poltsa marroi potoloa bero zegoen; poltsa tipiagoak, bi kartoizko kaxa mehe patata frijituekin barne, are berotasun hertsakorragoa kanporatzen zuen. Negu gorriko aire beltzetik etxera itzuli nintzen, txoko kutunera non kaixo eta iepaka agurtu baininduten, hildako oreina, ahoa erdi zabalik eta kotoizko eztarri isurberaz, soinetik zintzilika banerama bezala. Eta orain hik, plateraren 0 zuriaren aldamenean, non haurrek, desgogoz intzirika, hanburgerretan sakaturiko tipula garden aroak zokoratzen baidituzte —behatzak zentimetro pare bat garralderago bultzatzen ditun, eta hire izterrondo sakonaren barrualdeko zuri hausterrea nagiki biluzik azaltzen dun, eta liga eternalki elastikoak klask zartadaberoa egiten din ene bihotz gordearen kontra.

 

Zeinek pentsa zezakeen orduko hartan, emazte zabala, ezteien dardara zuri artean (ene betertzean gorde ninan, nahiz eta asturu gaiztoko promesen bozkario asaldaria, hire eskumuturrean eutsiriko lili sonaren bibradura) zazpi urte geroago, ohe bero guzti haietan zehar, haserako puntu dardarati berean topo eginen genuela? Zelulak zazpi urtero behin aldatzen dira, eta atomoan barna, antza, badago halako etendura harrigarri bat; Jainkoak unibertsoa uneoro berria nahi balu bezala. (Ai Jainkoa, Jainko maitea, ene haurtzaroko adiskide haundia, nik, zutaz gauz ikaragarriak esaten badira ere, ez zaitut sekula ahaztuko. Katedraletako arrosetoiak magina sinboloak direla diote batzuk.) Hire bernek, bainujantzi batean bezain osoki agerian, irrika biziagotzen dinate suzko ikuzketa anbarean barrena. Ongi: hasi. Sugar berde batek ttu egiten du zeiharka enbor bateko potxilo erretsinatsu batetik, garrasika, eta sabaiko itzal laranjatuak higitzen dira bizitza berri batez lez. Hasi.

        "Gogoan al dun, ezteibilaldian, zer nolako arrosetoi itzela egiten zuen sabaian kerosenozko berogailuaren tapakiak?"

        "Uumm." Okotza belaunetaraino zuzentzen dun, barne bideratzen ditun hire hankezurrak, dena heuren baitara bilduz. Hiretzat apika ezer guti zegon gogoratzearren; odol alferrik isuria, erabateko lardaskeria. "Hotza huen ekainerako."

        "Zer zen hotz, amatxo? Zer zenioen?" galdegiten du neskak ebakitze bortitzaz, gure irribarrea ez eragitearren mintzoak bere mihian laprast eta muzin egin diezaion ez uzteko prest.

        "Aitatxo ta biok behin batean egondako etxe bat."

        "Ez dut hoddi gogo", dio mutilak, eta lurraren kontra botatzen du mostaza chartreusaz margoturiko opil erdia. Lurretik jasotzen dun era poliki apal ezaxolatuan galdezka, "Bai harrigarria! Besteek ez zuten mostazarik, ez?"

        "Hoddek nazka dit", esesten du mutikoak; bi urte ditu. Berarentzat mintzaira jitoan doazen euskarri zehazgabe lodiskak dira; ahal duen guztia hatzapartzen du.

        "Tori. Nirea jan dezala. Emaidan berea." Luzatzen dinat neure hanburgerra, hik eskuratzen dun, berak hire eskutik hartzen din, inondik ez zegon eskerron txintik ere. Hire lana aurrezten nuelakoan igandeko afari bila joanda ere, ez zegon dagoeneko nire heroismoaren laudoriorik. Azkarra haizenez, hire energia gastu extatikoago baterako gordetzea espero nuela sumatzen dun, eta hik sumaturikoa sumatzen dudala sumatu ere. Gure arteko dena sentitzen dinagu, xuxurla guztiak, izanak zein ez izanak; ahitgarria dun. Hamar bider handiagoa da emaztea gorteiatzeko behar den indarra neska ergel bat irabaztekoa baino. Sua higatzen da, egunkari pusketak eta haiekin batera beren mezua daraman tintaren fantasma gris argixeagoa barreiatuz. Hire zangoak biltzen eta gonaz estaltzen ditun. Umeak, enbor ahituen hasperenak bezalako zirti zarta batez, zurrupaka edaten du botilaren hondarra, eta burbuila hutsezko maina higuingarriaz lurrera boteaz gero, negarrez hasten da. Bere aho egoista zabaltzen du. Bere asetasunezko mintz fin fina urratzen da. Lurretik hartzen dun eta zutitzen haiz. Ni baino areago maite dun umea.

 

Zeinek pentsa zezakeen, odol behin isuria, barrera ez zela hautsiko eta aldian aldiro birjina berrizateraino sendatuko zinela?

        Garai, eder, ilun, urrun, eta sotila.

        Banan banan, jaiotzako alderantzizko ordenean, oheratzen ditugu haurrak. Mugagabeki jasankor naiz, aitatiar, zintzoa. Eta hik jakin ere. Xingarren burko arnaslean suhartzen duten paperezko poltsa ta kartoiei soegiten diegu. Irakur, telebista ikus, gailetak jan, edozer gauza. Hamaikak datoz. Zirgitaldizko une batez hire pantaloietan hago logelako tapiz gainean, logona destolestuz; oi, loditasun potolo zui goxo lodi hori. Ohean irakurtzeari ekiten dion. Richard Nixoni buruz. Liluratzen hau. Gorrotatzen dun. Poliki dakin nola bentzutu zuen Jerry Voorhis, nola martirizatu zuen Douglas anderea eta nola, nahiz quakerra izan ere, pokerrean aritzen zen Itsas-Harmadan, deabruzko trikimailu eta moldaketa makur guztiak lagun. Ai ene Jainkoa. Uztan, utz, gizajoa ohera dadin. Gutariko inor ez dun perfektoa: "Ea, amata dezagun argia."

        "Egon. Hiss kondenaturik izateko zorian zegok. Oso bitxia duk. Ohorez jokatu omen zian."

        "Ziur naiz baietz." Eskua luzatzen dinat argi etengailu bila.

        "Ez. Hago. Kapitulu hau amaitu arteraino. Ziur nauk amaieran zeozer izanen dela."

        "Laztana, Hiss hunan erruduna. Denok gaitun errudunak. Apetituak sortuak, urrikigabe hiltzen gaitun." Behiala nire hitz apainek samurtzen hinduten.

        Etzan, hire bizkarraren mintz konbexuaren kontra etzaten naun. Zehiarka irakurtzen dun, lo maina hori. Hire kopetiletik zehar kristal puska bat bezain zuri eta zorrotz ikusten dinat orrialdea. Bapatean irristatu dun. Liburuak irrist egin din eskutik. Lotan hago. Oi mamaren mama. Ilunbetan hausnartzen dut. Bai mainatsua. Autoen argiek ustegabeki argi arrailak barreiatzen dituzte gure sabai eta hormen ingurura. Geuk zoluko erdialdean ipinitako keroseno berogailu beltzak goikaldean zituen petalo itxurako zuloetatik zehar, arrosetoi handia gorantza proiektaturik zegoen. Garra metxa biribilduan zirtaka hasi zenean, argitzal elkartuzko izar zabal biguina higitu eta uhindu egin zen, emeki tinkatu eta poliki harroturiko zetazko oihal batean inprimatuta balego bezala. Odol leun lohituarena zen haren kolorea.

        Makina bat odol isurtzen dugu geure etxeetako bakearen truke.

 

Goizean nire lasaitasunerako, itsusi zaude. Asteleheneko gosari marguleko argiak larrutzen zaitu era zakarrean, hustu egiten du zure loditasunetiko ontasuna, eraldatzen du bainubataren taiua tutu batenera, eskote horizta erakusten duen tutu laxoki tindatu, deskontsolatuki iharrausi batenera. Zure bularren arteko azalaren horizta laru. Kafe batekin ospatzen dut zure kolore galera. Zimur eta tinfagai hits orok nire gozagarri eta mendeku. Haurrak intzirika daude. Blokeatu egin da xigorgailua. Zazpi urteok higatu egin dute emakume hau.

 

Gizona gezi bat bezala abiatzen da lanera, bide-lehentasuna dela-ta lehiaka, legezko abiadura-mugaren ertz mehe tinkoan doi-doi biratuz. Etxeko beratasun, zurbildura, makaltasun, nahaspilaz kanpo: hiri barnera. Kalkulua da bere ermua. Irabazia dakarkion txanpona. Abstrakzioen maneiua. Bihozgabeko gauzen manipulazioa. Oi lanaren pozkari bizigabe, urrikigabeok!

 

Burua makina batean sarekatua etxeratzen naiz. Zuri adieraztearren asteak beharko nituen teknikotasun batek korapilatzen dit burmuina. Arratsalde zarratu osoan jokatzen dut esaldi eta zenbakiekin. Zerbitzari batek bezala dakarkizu afaria —ezta zerbitzari batek bezala ere, ezagun baizintudan. Haurrek herabeki ikutzen naute, garaiera ulertezinezko egitura batean torlojaturiko gapirio erraldoi bat ikutuko balute bezala. Lasai lasai lotaratu dira. Paralelismo lasaian haien pasaera gainbizitzen dugu. Nire pentsamenduek laboratzen dituzte zirkuitu korapilotsu berberak sare profesional berberan angelu artez amaitezinetan. Zuk Nixoni buruzko liburua marruskatzen duzu; eskailerak gora bainugelan desagertzen zara; bainontziaren hoditeriak marraskatzen du. Nire buruan badirudi azkenik aurkitu dudala botoi trabatua: sakatu eta badatxekio; sakatu eta atxekia dirau. Zorabiatzen hasia naiz, zigarroak bata bestearen atzetik, gelari inguruka noraezean nabil.

 

Bada, halako itzul-inguru batez ziplo hartua naun, hamarretako ordu esanguratsuan nigana hatorrenean hortzorezko musu batekin, heze eta amoltsu eta bizkor; istorio honen besteen gaineko atarramendua delarik:

Opari igurikatua hutsaren hurrengoa da

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.