Motxilako Biblioteka
Mikel Antza
«Ihesi»
Kartxi
Susa saileko 35.a; 1986
Poesiarekin hartueman anbiguoa dugunontzat ez da erraza plazerraren arabera neurtzen den epaietik at ibiltzea. Eritzi justifikatu eta dokumentatuak botatzea, hala nola kritika konparatiboak egitea ez dela nire trebeziarik aipagarriena aitor dut. Inprimategira sartu aurretik ezagutu nuen liburu honen makinazkribua, eta laudorioak orrialde batetan transkribatu nituen. Oker ez banago freskotasuna eta indarra azpimarratu nituen harako hartan (eta oker egotekotan, horiek dira oraingo honetan azpimarratu nahi ditudanak). Kartxiren «Ihesi» honek bi kualitate horiek demaioten beste bat ere badu: zuzentasuna. Ez zentzu moralean, baizik eta norabidezkoan. Kartxik ingurua galdetzen du, edo esperientzia kolektiboez mintzo da, bigarren pertsona ezezagun eta beti desberdin bati zuzendutako birao, mehatxu eta deklarazioen lekuko bilakatzen du irakurlea. Bilustu egiten da, eta bost axola zaio, afera ez doala gurekin esango baligu bezala. Asfalto, su eta pottaz apainduriko ingurunean gertatzen den batailaren aurrean bi aukera ditu irakurleak, inplikaturik sentitzea, edo lekuko kuxkuxeroaren antzera tertulia azpertuetan kondatzeko anekdota artxibatzea. Kartxiren poemak baina argi mintzo dira, hor gelditzekotan zipriztindurik amaitzeko arriskua onartu. Poema horien bidez bat da mintzo dena, baina indibiduala ez den giro baten berri emateko mintzo da; ni eta nire kolegak. Graffitien iragankortasuna dutela poemok egotzi diezaieke norbaitek. Graffitien eraginkortasuna dutela kontrajarri dezake beste batek. Ez dira poema neutroak, biziak dira. Atsegin izan zaizkidan poemen zerrenda bat egitearen ezinezkotasun eta hutsaltasunari muzin eginez, liburua ostera zabaldu eta «Puta bat hil duk!» poema irakurriko dut.
«Haur besoetakoa»
Jon Mirande
Erein 37.a; 1987
eta
«(H)aur besoetakoa"
Jon Mirande
Pamiela «Kondagintza»; 1987
Aresti eta Mirandek gaur egun duten eragin nahiz eta ezberdina sakona ukaezina da. Arestiren obrekin gertatzen ari zen sakabanatze eta argitaratze deskalabrua Susak egindako argiataratze esfortzuak moztu du errotik. Ez da gauza bera gertatzen Miranderen kasuan, tamalez. Albazea literarioen arazoa izanen da agian. Elkar eta Ereinen arteko konpetentzia ezagutu genuen poemei zegokienean. Koordinazio falta izugarria. Oraingoan «Haur besoetakoa»ren bi argitalpen desberdin eskuratu dizkigute Pamiela eta Ereinek, denboran koinzidituz. Ereinek 1970.ean lehenez argitara eman zen bertsioaren hirugarren edizioa paratu du. Pamielak berriz Miranderen makinaizkribua eskeintzen digu, Arestiren korrekziorik gabekoa, alegia. Bi biak dira interesgarri zalantzarik gabe. Pamielarenak interes bibliofiloagoa duke, berez lehen argitalpen orijinala dela eta. Lehendik ere «Miranderen lan kritikoak» argitara eman zituen Iruñeako argitaletxeak, eta oraingoan, «(H)aur besoetakoa»ren argitalpen honetan Jon Miranderen Idazlan Guztiak iragartzen dizkigu. Espero dezagun projektu finko baten lehen emaitza dela honako hau, erreferentzi bilakatuko den argitalpen bat burutuko dutela, poemekin dagoen konfusioa garbituko dela, eta zuberotar-paristarraren lan barreiatuak bilduko dituztela.
«Manu militari»
Joxe Austin Arrieta
Elkar 48.a; 1986
Ez dago zertan Joxe Austin Arrietak oraingoan lan mardula burutu duela esaten hasteko beharrik. Begienbistakoa da hori. Apenas iruzkin ditzaket «Manu militari»k idaroki dizkidan hainbat eta hainbat inpresio orrialde batetan, baina motxilaren zama arintzekotan Arrietaren bigarren nobela hau aitzakitzat esaldi batzu burutuko ditut. Gauza jakina da ez dagoela soldaduska egiten ari den bat baino izaki jasanezinik; amaigabe eta zenbaitetan grazigabe diren anekdota errosario bati aurre egitara beharturik dago entzulegoa. Anekdotario horretatik soldaduska den esperientzia gorrotagarria adierazterako esfortzua ez da makala. Eta Arrietak Iñaki Arretxearen soldaduska kontatzen digu, zailagoa oraindik, Arretxea eta bere andregaiaren (Izaskun Etxeberria, ez dezagun baztertu) artean gurutzatutako gutunen bidez kontatzen digu. Desafioari aurre egiteko literatura eta fantasiaren laguntza hartu du Arrietak, bestaren pertsonaiak deskaratuki profitatuz. Hasiera batetan errekurtso literario gisa aurkeztua dena, Arrietak liburuan kontatu nahi digunaren probetxurako erabiltzen du narrazioa aurrera doan heinean. Soka gainean dabil oreka mantenduz, eta liburuak tentsio une gorena lortu bitartean mantentzen du oreka hori. Azkenerako parafernalia literarioa integratzea lortu arte. Pertsonaia literarioen erabilpen horrek protagonistaren ibilbide pertsonalarekin bat egiten du, eta beste laun edo plano batetan idazlea berarenarekin. Ez dut uste hala ere Arrietaren tesia denik «literaturak salbatuko zaitu». Literatura erabili egiten du, zentzurik manipulatzaileenean. Horren zilegitasuna neurtzeko ez dago arau finkorik. Ez bada kasu bakoitzeko ondorioengatik. «Manu militari»n tentsio haundieneko unean gertatzen da txertaketa hori egokien. Orduantxe da hain zuzen liburuak engantxatzen duenean.
«Le thé au harem d'Archi Ahmed»
Mehdi Charef
Mercure de France; 1983
Aljeriako herri ttipi batetan jaioa de Mehdi Charef, 1952. urtean. Aita Frantziara lan egitara abiatu zen 60etako hamarkadan, eta berarekin eraman zuen familia osoa. Langile auzune periferikoak, HLMak, zimentuzko parajeak ezagutu zituen bertan Mehdik. Lantegia ere ezagutu zuen, eta presondegia ere. Azken honek sortu zion izuak lantegira itzularazi zuen, eta bertan jarraitu du lanean hamar urtez. Guzti horrek badu zerikusirik Mehdi Charef-en lehen nobela honekin, «Le thé au harem d'Archi Ahmed» honetan ingurune hori bait da nagusi, eta auzunetan sortzen diren gazte koadrila bat da protagonista. Autobiografikoa kontsidera daitekeen nobela hau oinarritzat hartuz filme bat egin du egileak, bere zinelangintzari hasiera emanez. «Cité»-tako fauna eta arazoek betetzen dute egitura sinple duen nobela, mundu ezezagun baten berri jasotzen dugu, baina inolako furfuria edo espanturik gabe, zerbait errotik ezagutu duenak konta dezakeen moduan baino. Langile atzerritarren deserrotzea, alkoholizatzea, gazteen eta helduen arteko liskarrak, dirua lortzeko trikimailuak, lapurretak, ligeak, droga, eguneroko asperra. Eta zimentuzko selbaren erdian, moralizatzeko inolako asmorik gabe, Mehdi Charef-ek adiskidetasuna, kolegen arteko kidetza darakusa: elkartasuna hondoraturik nabigatzen duen egunerokotasunean.
«El amor en los tiempos del cólera»
Gabriel García Márquez
Bruguera, "Narradores de hoy" bildumako 100.a; 1985
Nobel Saria jasotzeak badu esanahirik literatur mundialaren baitan. Behin baino gehiagotan irakurlego zabalarentzat ezezaguna den egile bat «popularizatzen» da sari horren bidez. Ez zen hori izan García Marquez-en kasua. Areago, zenbaitetan, eta azken urtetan batez ere, obrarik nagusiena burutua duen egile bati ematen zaio Sueziako Saria: Marquez-ek, egia da, obra garrantzitsu bat bazuen morralean, eta espektatibak ondorengo urtetan eman zezakeenaren aurrean zabaltzen ziren. Bruguera editoriala putzutik salbatzeko-edo montatu zen lanzamendu editorial horretan, azpimarratzekoa da, behin ere ez dela aipatzen colombiarra sari horren jabe denik. Morrontza horretatik ihes egin nahi izan duela dirudi.
Liburua marabila bat dela esateak ezer gutxi konpontzen duenez, inpresio batzu inpresionatuko ditut. Liburua gauza asko da, baina batez ere, zahartzaroa hartzen du gaitzat. Ez da zahartzaro iluna, koloretsua baizik. Eta koloretsua da, hain zuzen ere, giza izatearen miseria eta poza guztietan murgiltzen delako egilea. Jeremiah de Saint Amour-en zahartzarori suizidioaren bidez ihes egite horretatik, liburua isten duen zahartzaroko bidai amaigaberaino, zahartzaroaren, gorputzen dekadentziaren nobela dago.
|