Lizardiren mendi gainetik
Koldo Izagirre
Argiak ez beste ditut maite
gailurrak...
Hegalik gabekoetara ekarten
nau lurrak.
Oinez besterik ezin
oinez eta ez airez
nik bideak
egin
oinez eta oinazez
nahiz hanka biok hautsi
bidea ez baita bidazti:
ezin ninteke sasi
guztien
gainetikan bizi.
Eskuz diet behar
eskuz eta ez mokoz
nik lagunei
heldu
eskuz eta estu
datorkigun uholdean
inor salba dadin:
ezin ninteke sasi
guztien
gainetikan bizi.
Hitzez ditzagula
hitzez eta ez txirulaz
esatekoak
kanta
urretxindorrak ez baitaki
torturaren dantza:
ezin ninteke sasi
guztien
gainetikan bizi.
Larruz niezazuke
larruz eta ez lumaz
maitasuna
froga
larruz eta lurraz
amodio garbiagora
emateko urrats:
ezin ninteke sasi
guztien
gainetikan bizi.
Besoz ohi baitira
besoz eta ez hegalez
hildakoak
jaso
besoz eta basoz
bihur daitezen sustrai
luizi honi eusteko:
ezin ninteke sasi
guztien
gainetikan bizi.
Zutunik nahi nuke
zutunik eta ez auspez
urkabera
etorri
zutunik eta etenik
diet egingo irri
hodei honen azpitik:
ezin ninteke sasi
guztien gainetikan bizi.
Gainik gain nenbilke
ai, hegaztia banintz...
Inoiz nahi ez nuke
sasi
guztion
gainetikan bizi.
Hodei honen azpiko
lur gainera naute
hegalik gabekoek ekarri.
(Argitaratzear dagoen «Ultimatum» bere poema liburutik)
|