Xabier Izaga
"Nolatan
galdetu zidan epaileak
zergatik
egin dituzu
gizatxarkeriok?
zu lako
gazte bat..."
eta segituan
bere prestutasunaz
kondenatu egin ninduen
hogeitahamar urtez giltzapean
bizitzera
(urde hark)
Badakit
erleak
loreetara
joan ohi direla
baina inguruan dituzunak
ez dira erleak
euliak baizik
Astelehenero bezala
astelehena da
jode! ze bero egiten duen...
zure argazkia ikusten dudanean
ez dut sentitzen berorik
ez eta ere hotzik,
zu bakarrik
Egunero bezala
zure argazkira begira nago
eta Bach-en musikak
argazkitik irten erazten zaitu
eta nire barnera sartzen zara
bertan daukadan itsasoari
eragiten diozularik
eta irato egiten nau
neurri gabeko itsaso honek,
askatu ahal izango balitz
ia masailak bustiko ez lizkidakeen
itsasoa
Astelehenero bezala
astelehena da
baina jadanik
ez du bero egiten,
hala ere
izerdiak estalirik
gordetzen dut zure argazkia.
Zergatik musika alaia entzuten ari naizelarik
zatozkit gogora?
zergatik zatoz
musika tristea entzuten dudanean?
zergatik beti
musikarik ederrenarekin?
dena den
musika entzunez iragaiten ditut egunak
Erotasunaren sirenotsak
begiak
barroteen
itzaletara
irekitzen dizkidanean
zure adatsa
nere begiradan korapilatzen
den momentuan
babesten naiz
Irratia itzali
egiten dut
aldameneko zeldan den lagunari
hatzazalak ebakitzen
entzuten diodanean
zeren ez bait da sekulan jartzen
entzuten dudan musikaren
erritmoarekin ados
Neure ahotsa
hormetan errebotatzen
entzuteak izorratzen nau
egunero hitz berberez
madarikatzeak izorratzen nau
neure sudurraren proiekzioak
ezkerreko orkatilaren kontra
topo egiteak aspertzen nau
eta paseiatu egiten naiz
itxuraz
indiferente
nere zeldan bizi den armiarma bezala
batzutan barre egiten die nere belarriei
hatzazalak margotzen dituen bitartean
deusezezko
txori bat bezala
ederra litzateke
hamalau litro
aire
edatea
Nere patrikak
hodeiz
betetzea
neure burua
mendiz
estaltzea
ur jauzi batean barrena
korritzea
bisera horidun
zaldi baten antzera
tira...
ez dut behintzat permetatuko
neure egonaldi gris hau
miseriaz
elikatzen direnentzako
probetxurik izan dadin
eta ez ditut neure bekainak mailegatuko
euri usainik
sekula ez dagoen
baizik eta
legez
zikindu paperak soilik
daudeneko
despatxoetako mahaietako hautsa kentzeko
|