Iparrea
Zer egin lezake presoak
eskurik gabe?
Ezin idatzi, ezin;
nola adieraz maiteñoari, beraz,
esku fereken irrika bizia?
Ezin malkoak xukatu, ezin;
nola leher nigarretan, beraz,
lagun gartzelatuaren heriotz egun hotzean?
Ezin hatzaparrak estutu, ezin;
nola harrapa arrats sapatsuetan, beraz,
ulitxa hankaluze nardagarriak?
Ezin gozatu, ezin;
nola atxik plazer bakartiari, beraz,
hain bakarki mugatzen gaituen kaiola honetan?
eta nola idatz nezake poema hau, beraz,
nere esku dorpe hau ez banerabil?
Nere kuttunaren eskuak, o plazerra!
beltxaran dira arras;
ez luzeegiak, ezta meharregiak ere.
Beltxaran erabat eta
ahurrek argitasun zoro bat dutena.
Marratxo finak dituzte
nere beltxaranaren esku lehunek,
marratxo fin beroak eta
erpuru ttiki arrosak.
Gaur, urte-zahar eguna,
zigor zeldetan nagoela
lagun artera joan naitekeela
erran dit
atzo umilatu ninduen gartzeleroak;
egun berezia dela eta
bere umeen artean
kontzientzi garbiarekin
agertu nahi duela.
Kontzientzia astean behin
garbitzen dugun mihisea
balitz bezalaxe...
Hau bai egoera sinesgaitza, ala surrealista?
Arratsaldean ixiltasuna kristaletan,
burdinetan barna lerratzen denean,
Ixiltasun hotz, beldurgarri, zikin,
terrorezko filme batena...
Ez dituzu entzuten oihuak,
karrasiak, zalapartak?
Aldamenean preso ero zafratua,
bere erokeriari lotua, atxikia...
Eta atean zakurra, bere basakerian gozatzen,
zaunka, atsikika...
Eta ulitxa nuen maite.
Zu zinen nere auzokide bakarra,
nere benetazko lagunmina;
Zu zinen doinu atsegingarriena, hunkigarriena.
Oi, arratsetako balet amaigabeak!
Nere odol-anaia,
Zeinen eztiak ziren zure musu eta laztanak!
Horregatik zintudan paretan paratu, erantsi,
nere gau-amodioen trofeo bakarra bezala.
Eta nik, benetan, ulitxa nuen maite.
Gauza aunitz
ikasi nituen liburutan:
kontaezinezko filosofiak eta
zientzi andana bat.
Ikasi nuen ere
neurtezin bezain
doilorra dela gizona.
Baina begirada baten xarma
eta edertasuna behatzearen poza,
hori, zugandik ikasi nuen hori.
Jesta heroikoak ikasi nituen
baita hondamen laidagarriak ere.
Hondarreko printzipioak ikasi nituen ere;
aljebra eta zenbakiak,
baita marra imajinarioak ere.
Baina larruaren zapore hordigarria
eta adieraezinezko ukipena,
hori, zugandik ikasi nuen hori.
Ezinezko bidaiak ikasi nituen
marinel zaharrengandik.
Eskuraezinezko lurraldetatik eta
kokaezinezko ozeanotatik ikasi nuen ere;
baita koralezko mundu
eta paraiso helezinetatatik.
Baina argi-ezkila jotzerako alegrantza
eta eguneroko bizitzaren zoriontasuna,
hori, guzi hori eta aunitz gehiago, zugandik ikasi nuen.
Nere poemak ez dira agian
poemak izanen,
baina etsipen egunetan zintzurra laxatzen didatenez,
horrekin aski zait.
Nere poemak ez dira agian
mezulariak izanen,
baina barrote beltz hauen itzala ezabatzen didatenez,
horrekin aski zait.
Nere poemak ez dira agian
ederrak izanen,
baina zu zarenez edertasuna bera,
horrekin aski zait.
|