Benjamin Moloise
Pretoria
Benjamin Moloise
euskaratzailea:
Mitxel Sarasketa
Benjamin Moloise Johanesburgo-ko geto batean, Alexander-en, jaio zen 1954. urtean, eta Pretoriako Gartzela Nagusian urkatu zuten, 1985eko urriaren 8an, goizeko seiretan.
Teatrogintza eta poesia lantzen ziharduen, populazio beltzaren bideak urratzen, bere lagun mina Marcus Matoung detenitu zuten arte. Marcus Matoung herio zigorrera kondenatu zuten, Afrikar Nazio Kongresuaren (ANC) adar armatuaren sortzailetakoa izateaz akusaturik. Benjamin Moloiseri Philipus Slepe polizia beltza atentatuan tragatzea egotzi zioten heriotzera kondenatzeko, nahiz eta berak eta ANCk akusazio hori beti ukatu izan duten.
Hil aurretik bere amari esan zion: "Ama, hauxe jakin ezazun nahi dut: nik ez nuen Slepe garbitu. ANCn sartu nintzen eta badakit nork akabatu zuen, baina ez naiz ene konpromisoaz damutzen. Jendeari esan burrukak aurrera jo behar duela".
Burrukalari anonimo askok ez du ezer idatzi, areago Sudafrikako beltzaz edo herri kolonizatuez pentsatzen badugu, batez ere beste trasmisio formak erabiltzen bait dituzte herri "primitibuok", baina hala ere har dezagun Moloise poetak hil baino ordu batzu lehenago igorri zigun poema, eroritako borrokalari guzienganako hurbilketa apal eta sugar gisa.
("Martxan" aldizkariko 7. zenbakian argitaratua).
Zergatik beldurra izan heriotzeari
Herioak ez dio inori beldur
Hautsetarik sortua orok
Hautsetara behar du egun batez
Nere heriotzerako mementu eta manera
Dagoeneko izan dira erabakiak
Nere patuari buruzko asmakizun jokuak
Ez nau gehiago itxaron
Inork ezin du harro izan
Bere jainkoarekiko hartuemanaz
Zalantza bada egia bihurtzen
Jainkoa da ikusezinaren ezagule
Inoiz abiatu ziren armada guziek
Inoiz ezarri ziren parlamento guziek
Ez dute gizonaren bizitza lurrean eragin
Bizi bakarti baten adina
Harro naiz naizena izateaz
Harro naiz egin nuenagatik
Zigorraren ekaitzari
Ene odolezko euria darraio
Ene behinezko bizitza bakarra emateaz
Harro naiz
|