L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-23/24 / Itzalpeko ahotsak (1989-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Rosa Luxembourg

—Wronke—

 

Rosa Luxembourg

 

euskaratzailea:

Amaia Lasa

 

        Rosa Luxembourg, Prusia, Austria eta Errusia artean zatiturik zegoen Polonian sortu zen, 1871. urtean Zamosc-en, Errusiako inperiopean zegoen zonaldean. Gurasoak poloniar juduak ziren, baina aspaldidanik sinismenak alde batera utzita zeuzkaten. Bere ama kulturadun emakumea zen eta etxean Alemaniako idazle klasikoak maiz irakurtzen ziren.

        Hamasei urte zituelarik politika bihurtu zen bere mundu. Poloniako Alderdi Sozialistaren barruan bi urte lan egin ondoren eta espetxeratze zorian zegoelarik Suizara ihes egin zuen. Suizan, Zurich-eko unibertsitatean (garai hartan gizon eta emakumeak berdintasunean ikas zezaketen bakarrenetakoan) politika zientzietan doktoratu zen. Ikasketak bukatu ondoren alemaniar nazionalitatea eskuratu eta herri horretako Alderdi Sozialistarekin burubelarri lan egin zuen. Emeki emeki alderdikideengandik urruntzen hasi zen, eta hala 1900. urtean Bernstein-erekin izandako eztabaidaren ondoren "Sozial erreforma ala iraultza" izeneko lana idatzi zuen. 1914. urtean, Alemaniako gobernuak eskatzen zituen gudu kreditoen aurka altxatu eta gogor madarikatu zuen sozial-demokraten oportunismoa. Ikusirik Alemaniako Alderdi Sozialistak sozialismoaren hastapenak saltzen ziharduela, Rosak Karl Liebknech-ekin batera Espartacus Elkartea sortu zuen, handik urte betera Alemaniako Alderdi Komunista bihurtuko zena.

        Munduko Lehen Gerratearen aurka altxatu zen, gudu hori kapitalisten interesagatik egiten zela pentsatzen zuelako; hori zela eta, behin eta berriro espetxeratua izan zen: 1915-1919. urteetan jasan zuen gartzela. zigorrik luzeena. Espetxetik irten eta berehala soldatu ezezagun batzuk Berlin-go karriketan hil zuten.

        "...azken finean askoz hobeto aurkitzen naiz jardin baten txokoan, Alderdiko kongresu batean baino, hau zuri esan diezazuket zuk sentimendu hauek ez bait dituzu sozialismoaren saltze bat bezala hartuko, hala ere nik nere tokian hiltzea espero dut, karriketako burruketan edo espetxean".

 

 

 

Wronke, 1917ko maiatzaren 2an.

Gogoratzen bazara, joan zen apirilean telefonoz hots egin nizuen bioi, nerekin jardín botanikora etorri nahi ote zenuten galdezka, urretxindorrak hamarrak inguruan ematen duen kontzertua entzutera. Han zuhaizti usuen artean izkutaturik, harri gainean eseri ginen, ur nigar baten alboan. Urretxindorrak bukatu ondoren, bat batean, dei mingots bat entzun genuen, gligligligligliglic, edo holako zerbait, beti nota berdina. Nik pentsatu nuen itsasoko txori bat zela, uretako txoriren bat. Karl nere eritzikoa zen, baina ezin izan genuen jakin ze txori mota zen. Eta begira!, pentsa ezazu goiz eder batez, hori gertatu eta handik egun batzutara, auzotik zetorren oihu mingots berbera entzun nuela. Astigabe, bihotza saltoka nuelarik, jakin nahi izan nuen zein txori mota zen hura. Ez nintzen geldi egon zer zen jakin arte; gaur ikasi dut ez zela itsas txori bat, lepoker bat zela baizik, okiloaren tankerako bat. Ez da txolarre bat baino handiagoa eta izena mementu arriskutsuetan etsaiak izutzeko egiten dituen keinu harrigarri eta buruaren bihurkeragatik datorkio. Inurriz elikatzen da, bere mingain likitsuaz harrapatzen ditu, inurrijaleen modura. Horregatik deitzen diote espainolek "hormiguero", txori inurrijale. Gehiago oraindik, Moricke-k umorezko poema zoragarri bat egin dio txori honi, gero Hugo Wolf-ek musikatua. Txori abots mingotsdunaren izena jakiteak opari bat hartzeak bezain zoriontsu egin nau. Karl-i idatz iezaiozu, poz handia emango dio eta.

        Zer irakurtzen dudan? Batez ere natur zientzia liburuak: botanika eta zoologia. Adibidez, atzo ikasi nuen, zergatik ari diren desagertzen txori kantariak Alemanian. Batez ere hazkuntza arrazionalaren zabalkuntzagatik da —basozantza, baratzantza, nekazaritza—. Hauek emeki emeki kabiak egiten zituzten eta elikadura aurkitzen zuten lekuak desegin dizkie: zuhaitz hutsak, eremuak, sastrakak, hosto ximelduak, lurra estaldurik babes ematen zien elementu naturalak. Tristura handiz irakurri dut hau. Ez dut hainbeste pentsatu txorien kantuan eta honek gizakiarentzat duen garrantzitasunean, baizik eta defensarik gabeko izaki txiki hauen desagertze ixil eta erremediaezinean, eta ezin izan diot negarrari eutsi. Liburu errusiar batekin gogoratu naiz, Sieber irakasleak idatzia, Ipar Ameriketako inditarren desagertzeari buruz, Zurich-en irakurri nuen: haiek ere beren lurraldeetan poliki poliki ehizatuak dira, gizon jendetuak gaitik eta heriotz ixil, gogor batera behartuak.

        Baina gaixo egon behar dut gauza hauek hunkitzen nauten adina hunkitzerako. Ba al dakizu?, batzutan pentsatzen dut ez naizela benetako gizaki bat; baizik eta gizaki itxura hartu duen txori edo abereren bat. Azken finean askoz hobeto aurkitzen bait naiz jardin baten txokoan, hemen bezala edo mendian edo belarretan etzanda, burrunba artean, alderdiko kongresoetan baino. Hau zuri esan diezazuket; zuk sentimendu hauek ez bait dituzu hartuko sozialismoarekiko saldukeria bezala. Halarik ere, nere toldan hiltzea espero dut, karriketako borroketan edo espetxean. Baina bihotzez, nere txantxangorriengandik hurbilago senditzen naiz, alderdiko "lagunengandik" baino. Eta ez da naturan pakea eta atsedena kausitzen dudalako, barruko hutsunea senditzen duten hainbat gizon politikok bezala. Alderantziz, naturak berak ere, biziki mintzen nauten egoera krudelak eskaintzen dizkit. Joan zen udaberrian, menditik nentorrela, bide paketsu eta bakarti batetik zehar nindoalarik, itzal ilun bat aurkitu nuen lurrean. Zer zen ikusteko makurtu egin nintzen eta drama isil baten lekuko izateko parada ukan nuen. Kakalardo handi bat bizkarrez etzanda, txingurritxo talde handi batengandik alde egin nahian, alferrikako ahaleginetan; inurriek bera inguraturik, bizirik! jan egin nahi zuten. Dardaraz izuturik nere musuzapia hartu eta munstro horiek harapatzeari ekin nion. Baina inurriek amorru guztiz eusten zuten zomorro gaixoa, borroka gogorra egin behar izan nuen inaurri haiekin. Azkenik kakalardo gaixoa askatu eta belar gainean paratu nuen, eta iadanik bi hanka janda zituela ohartu nintzen. Alde egin nuen mesede handirik egin ez nion sentimenduz. Berriro ilunabar luzeak hasi zaizkigu. Normalki egunaren ordu hauek asko maite ditut. Sudende-n zozo pilo bat neukan. Hemen ez dira agertzen eta isilik daude oraindik. Neguan zozo bikote bati jaten eman diet, joan egin dira ordea. Sudende-ko karriketan noraezean ibilteko ohitura nuen, gauetan. Zoragarria zen ikustea gasezko sugar zurigorriak, egunaren azkenengo argi ubel distiratsuen aurrean beldurti ziruditenak nolaz bat batean dardaraz jartzen ziren beiraren atzean gau argipean. Karrikan atezain baten itxura labainkor bat ikusten da, arin arin bere etxera sartzen saiatzen edo lasterka, harategira edo okindegira, zerbait erostera doan zerbitzaria. Zapatariaren haurrek, nere adiskideek, ilunduta dagoen arren jolasten jarraitzen dute kanpoan, karrikako izkina batetik, abots sendo batek dei egiten dien artio. Ordu honetan, baten, beti, atsedenik aurkitu ezin zuen zozo bat, bat batean oihu sarkorrak botatzen hasten ten edo gaizki hezitako haur batek bezala berritsukerietan iharduten zuen eta hegada zaratatsuz zuhaitzetik zuhaitzera ibilten zen. Eta ni, izar goiztiarrak zenbatzen geratzen nintzen karrikaren erdian. Ez nuen etxera sartzeko gogorik ilunabar hartako giro goxoa, eguna eta gauak astiro astiro bat egiten zuten une hura utzi nahi ez eta. Sonjuscha, laster idatziko dizut berriro. Ez konfidantzarik galdu, dena ongi igaroko da. Karl-entzat ere bai. Adio, hurrengo gutun batera arte.

        Besarkatzen zaitu,

zure Rosak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.