L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-23/24 / Itzalpeko ahotsak (1989-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Palestinako anonimoa

—Akkah—

euskaratzailea:

J. Matxinea

 

        Akkah-ko poema Palestinako populuak berea egin duen poema ezaguna da. 1936ko iraultzan britainiarren, sionisten eta halaber hauei lurrak saltzen zizkieten arabeen aitzi altxaturiko palestinar anonimo haietako batek urkatua izan aurreko gauean Akkah-ko gartzela horman ikatzez izkribaturiko hitzok osatzen dute. Herri kanta bilakaturik, era honetako testuekin suerta izan dena ez zaio arrotz honi ere, aldaki bat baino gehiago ezagutzen delarik egun.

        Bigarren poema aurrenekoaren oihartzunei loturik dago. Tawfiq Zayyad nazaretharraren "Amman Irailez" liburutik hartua da "Arrunt ez den herri baten adibide arruntak" hau. "Ni baino lehen jausi ziren borrokan" dio bertsio honetan, poeta presoarenean "ene aitzin joan ziren urkamendira" irakur daitekeelarik.

        Zer esanik ez Akkah erreferentzia erreala dela, egun Israelgo Estatuaren menpe den itsasaldeko herria. Akkah du jatorrizko izen arabea, San Joan de Akre delarik gurutzatuek ezarririkoa.

        Nizar Kabbani maitasunaren poetaren hitz hauek seinalatzen dute agian egokien zein den poema hauen, eta Palestinan 1920. urtetik aurrera hain usu izkribatu eta bizi izan den erresistentzia poesiaren balioa, funtzioa: "Agur Mahmud Darwish / agur Tawfiq Zayyad / agur Fadwa Tuqán / Zuek, luma saihetsean zorrozten duzuenok / Zuengandik ari gara ikasten nola lehertarazi bonbetan hitza".

 

 

Oi gaua, utz iezaiozu gatibuari

bere ahuenei amaiera ematen.

Laster, eguna zabaltzean,

astindu egingo da haren hegala

eta urkatua

haize boladaren menpe dantzatuko.

Sakabanatu egin ziren lagunak

eta hautsi haien godaletak.

Oi gaua, gera zaitez

eta utz iezadazu ene minei bidea arintzen.

Baliteke zuk

nor naizen eta ene oinazeak

zein diren ahaztu izatea.

Ai, hau mina!

Zein bizkor irristatu ziren

ene orenak zure esku artean.

Ez pentsa gero beldurrez dudala egiten nigar.

Ene malkoak ene herriagatik dira,

etxean diren neska mutil gosetiegatik.

Nork emango die jaten ene ondoren?

Ene bi anaiak, gazteak biak,

ene aitzin joan ziren urkamendira.

Zein izango da bihar ene emaztearen bizimodua?

Nigatik egingo ote du nigar?

Ala seme alabek izango duten fatuagatik?

Zergatik ez zuen gerlak

goroite bakar bat utzi haren eskumuturrean

borrokara deitu ninduenean?

 

 

 

Arrunt ez den populu baten adibide arruntak

 

Oi, Aud An-nablusi

(Faras zure gerla izena)

badakit barrikaden atzean

ari zarena hiltzen.

Bizitza buruko zaurietatik

doakizu.

Poema bat irakurtzen duzu ordea,

ehundaka miletan zehar

zure ahotsa dut entzuten,

harginaren eskuak bezain latza.

Zu zara hitzaren esanahia

konprenitzen hasi zinenetik

ezagutzen duzun kanta kantatzen duzuna.

36ko iraultzan

"Yebel An-nar"eko iraultzailearen eskuak

hil behar zuten gauean

Akkahko gartzela hormetan

ikatzez

izkribatu zuen kanta.

Zure ahots samurra dut entzuten,

gurutzeratua, labainkatua.

Zure ezpain urdinak ere badakuskit

hitzei kolpeka

letraz letra hasi ziren arte.

"Ez pentsa gero beldurrez dudala egiten nigar.

Ene malkoak ene herriagatik dira,

etxean diren neska mutil gosetiegatik.

Nork emango die jaten ene ondoren?

Ene bi anaiak, gazteak biak,

ni baino lehen jausi ziren borrokan".

Oi, Aud An-nablusi

hiltzen zoaz barrikaden atzean.

Eta zure bizia

hil behar zuten gauean

Akkahko gartzela hormetan

ikatzez

izkribaturiko kantuaren

azken esaldiarekin batera

nola doan ere ikusten dut.

"Atzetik gizonak dituzten

erregeak genituela sinestu izan nuen.

Errege higuingarriak

hain doilorrak direnean

non haien koroa

gure oinetako azpi izateko ere

gauza ez den.

Gu gara herria zaintzen

eta haren zauriak lotzen dabiltzanak".

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.