L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-23/24 / Itzalpeko ahotsak (1989-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Miguel Hernandez

—Madrid—

 

Miguel Hernandez

 

euskaratzailea:

Xabier Mendiguren E.

 

        1942ko martxoaren 28an eta tuberkulosis prozesu luze baten buruan hil zen, Alicanten preso zegoelarik, Miguel Hernandez Gilabert. Arestian publikatu ditu Madrilen haren Josefina Manresarentzako gutun guztiak: 1934ean elkar ezagutu zutenetik hil baino bi-hiru egun lehenagoko azken ohar tikiraino, gerra eta gerra ondorengo kartzelaz kartzelako pelegrinajean barrena. Bertan Miguelen amodio sutsua, aurrena, haren besteekiko kezka, geroago, eta eraman zuen pairamen izugarria, azkenik, isladatzen dita, zirraragarriki.

        Josefinari dedikatu zion poetak 1936an argitaratu zuen El rayo que no cesa maitasun gartsuzko liburua. Laster hasiko zen gerra. Herriaren aldean jarri zen Miguel Hernandez, eta frentean ibili zen, eta erretagoardian. Ezkondu dira artean, eta abendu hartan "Manolillo" jaio zen —handik hamar hilabetetara hilko zitzaiena, eta aitak hautatu dugun puskan aipatzen duena—. Ez jaiotzen ez hiltzen ikusi zuen Miguelek hura. Alabaina, 1939ko unarrilean bigarren seme bat izan zuten; hari ere Manuel ipini zioten izena.

        Baina gerra galdu eta Portugala pasa zelarik ihesi, hango poliziak atxilotu eta espainolen eskuetan laga zuen. Torturak. Torrijos-eko presondegia aurrena. Orihuelakoa, ondoren. Madrid. Palencia. Ocaña. Alicantera atzera. "Zure gutunak gastatzen zaizkit esku tartean, eta bakarrik hautsita erortzen direlarik uzten ditut". Maitasuna. "Han usteltzen ari zara, aurrera ateratzearren daramazun burrukaren pean". Gosea eta miseria, barru eta kanpoan. "Josefina, ez iezadazu bidali zure ogi errazioa, edo nire kariño errazioa ez dizut bidaliko gehiago". Bestetan, "ia primerako hotel batean bezala nago". Beti emakumea lasaitzen. Gogorra. Hotza. "Barre egiten duenari, gatzatu egiten zaio barrea, eta negar egiten duenari, izoztu egiten zaio negarra".

        Gaixotasuna 1941eko azaroan okertu zitzaion. Ezin zutitu ere, sukarrez. Ezin idatzi ere, lagunen bidez izkiriatzen ditu oharrak. Medizinak, komeni zaizkion jakiak eskatzen ditu. Eta hilzoriko bere azkeneko hitzak: "Zein zoritxarreko zaren, Josefina!".

 

Madrid, 1939ko irailak 12.

Josefina maitea: aste honetan, aurrekoetan bezala, asteartea iritsi eta zure eskutitza iritsi ez. Hau idazten ere hasten naiz, gero botatzeko astia izateko postak zurea ekartzen didanean, ez baitut uste gaur huts egingo didazunik. Egun hauek zure egoera gero eta zailagoaz hausnartzen eman ditut. Jaten duzun tipularen usaina honaino iristen zait eta nere semea haserre egongo da edoski eta esnea ez baina tipula-zukua aterata. Kontsola dezazun, egin ditudan kopla koxkor hauek (*) bidaltzen dizkizut, hemen ez baitut zuei idatzi edo desesperatu beste zereginik. Nik nahiago lehena, eta ez dut besterik egiten, ezpada garbitzea eta jostea, seriotasun eta trebezia handiz, bizitza osoan besterik egin ez banu bezala. Aldi ederrak ematen ditut zorriak kentzen ere, ez baitzait sekula familia txikirik falta, eta batzuetan garbantzua bezain handi eta sendo hazten dut. Dena ere akabatuko da atzazal eta pazientziaz, edo beraiek, zorriek akabatuko naute. Baina ezer gutxi dira neretzat, beti bezain ausarta, eta odola kendu nahi didaten xomorro hauek elefanteak bezalakoak balira ere, desagertarazi egingo nituzke nere gorputzaren mapatik. Gorputz gaixoa! Sarna, zorriak, tximitxak eta bestelako animaliak direla, askatasunik gabe, zu gabe, Josefina, eta zu gabe, nere bihotzeko Manolillo, ez daki aldika zein jarrera hartu eta azkenean esperantzarena hartzen du, ez baita sekula amaitzen. Horrela ikusten dut pasatzen egun bat, eta beste bat, esperantzaz eta irrikitan zuen ondora joan eta gure etxean sartu eta denbora luzean munduaz ezer ez jakiteko, mundurik onena zure eta gure semearen besoen artean baitago. Oraindik ere baliteke nere santu egunean joatea, Josefina polit eta pairakor hori. Baina nik, egia esan, nere lagun hauek gauzak oso mantso daramatzatela uste dut. Oporretan izan dira Madrildik kanpo eta joan den astean itzuli dira. Ezin izan dira ni ikustera etorri, orain ezinezkoa delako edonorentzat. Heldu den astean ikusiko ditut, ia ziur! Aurrekoan esaten zenidan arropa ahal bezainbat gordetzeko. Ez larritu: irtendakoan arroparik ez badut, esku bat popan eta bestea mastan jarrita, konponduta. Halaz guztiz, saiatzen naiz zaintzen eta gehiago erabiltzen dut zaharra eta dena da jostura eta urradura eta zuloak alde guztietatik. Pixama hautsi egin zait eta adabaki bat jarri diot atorra erdia egiten duena, atzekalde osoa ikusten baitzitzaidan eta lotsagarria zen benetan. Neri gertatzen zaidana ikusita, asma dezaket zer gertatzen zaizun zuei eta hola segituz gero Adan eta Eba paradisuan bezala ikusten ditut geuron buruak. Ai, Josefina nerea! Ez dugu beste erremediorik datorkigun gaitz guztia eta etor dakigukeena eramatea baizik, ona eramatea egokitzen zaigun egunaren zain. Ez da egia egun hori iritsiko dela? Nik ez dut inoiz zalantzarik izan iritsiko dela eta orain arte izan garen baino zoriontsuago izango garela. Banantze honek gure Manolillo errespetatzera behartzen gaitu beti gogoan dudan beste Manolillo errespetatu genuen baino gehiago. Datorren hilean urtebete hil zitzaigula. Denbora azkar iragaten delakoa inorentzat ez da gaur guretzat adinako egia, eta nik nekez sinesten dut urtebete pasa dela gure lehen semeak munduko begirik ederrenak itxi zituenetik. Zuk hainbeste otoitz egiten diozun Jainkoak egingo du guk urriaren 19a elkarrekin emateko modua, hil honen 29a emateko ez bada. Ez nuke egun hori zugandik urrun pasa nahi. Mendi aldera joango gara eta adoretsua bazara, bera zain daukagun lurra bisitatuko dugu. Zurekin hitz egiteko gogo handia dut. Aurreko gauean Manolillorekin amets egin nuen bost edo sei urte zituela. Asko zaindu ezazu, Josefina, indartsu hazi dadila eta gaixotasun guztietatik urrun. Ahal duzunean fruta asko jan ezazu, eta barazki asko, patatak batez ere. Hori da zure osasunari eta gure lotsagabe txiki horrenari gehien komeni zaiena. Ez didazu gauza handirik esaten berataz. Honez gero kilkerrak baino gehiago hitzegiten duela pentsatzen dut. Bere ahotsa entzuteko zelako gogoa dudan bazeneki: imajinatze hutsaz, barrezka hasten zaizkit hezurrak, pentsa beraz zelako barreak egingo ditudan benetan entzuten dudan egunean. Esaidazu ze pisu duen, aspaldian ez duzu pisatu eta. Haserre nago Manolorekin eta hiru Marianekin, inori ez zaio bi hitz jartzea bururatzen. Nik ahaztu ez eta ez dira nitaz gogoratzen! Esaidazu zerbait amonaz eta izebaz ere, horiek ere ez didate hitzik bidali baina (...) Tira. Lapitza utzi eta zure eskutitzaren bila noa, ea zer dakarkidan onik. Ezer ez. Gaur ez dut zurerik jaso. Ez zait gustatzen neri idazten atzeratzerik. A ze piura neukan posta aldarrikatzen duenaren oinetan. Ez dago eskubiderik. Orihuelako gure familiaz zerbait esatea espero dut, amaz bereziki eta Pepitorenaz. Herenegun baratzako lagun baten eskutitza jaso nuen, Trinitario Ferrerrena, anaiaren adiskide mina eta egunero ikusten duela esan zidan. Esaiozu Bizenteri esateko oraingoz ezin diodala erantzun, baina asko poztu nauela bere berri jakiteak. Eskutitza amaitzeko esango dizut ez izateko hain nagia nerekin edo bestela ez dizut hilabetean idatziko. Eta besterik ez zentsurak luzetzat jo ez dezan eta zure eskuetara iristeko egin ahalak egin ditzan.

        Manolillo: agur, muxu bat, pa! Beste muxu bat, pa! Beste bat, beste bat, beste bat, pa, pa, pa!

        Manolo: utz itzak pixka batean alde batera bizarrak eta nagiak eta idatz ezak.

        Marianak: txintxoak izan, eta ez izan astean sesio bat baino gehiago.

        Josefina: zuretzat eta gure semearentzat eta gure seme zaharrentzat bere maitasun giltzapetua eta zorritsua eta... amorratua bidaltzen dizu zure preso

Miguelek,

agur!

 

(*) "Nanas de la cebolla", (itzultzailearen oharra).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.