L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-25 (1990-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Mugagabe

 

Juan Luis Zabala

 

                And then taking from his wallet

                an onld schedule of trains, he'll say

                I told you when i came I was a stranger».

 

                Eta orduan karteratik

                tren ordutegi zahar bat atereaz, esango du

                Esan nizun etorri nintzenean ere arrotza nintzela».

                                 (Leonard Cohen, «The stranger song»)

 

Elizan, aldare aurreko hilkutxaren barruan, hire gorpua zegonan gaur iluntzean, kirasten hasia. «Beti-betiko goza dezala zeruetako argi zabala», kantatu dinagudenok ahots batezkantu itxaropentsu ederra, baina, nik behintzat, argi zabal horren gozamenarena sinistu nahi eta sinistu ezinda. Ezin guk ezer jakin horretaz, ezin guk ezer jakin hitaz. Inkomunikazio mugagabe baten hutsune sakonak izutu nain katabut itxiari begira. Damuak oro alferrikako bihurtzen dituen inkomunikazio eternoa, bueltarik gabekoa. Nola esan hiri, nola esan zera, ez zekinat ba, zera...? Nola entzun hik esanak? Zer dion hik? Non da, non entzun liteke hire ahotsa? Non dira hi izan ezean beste inork ezin esan ziezazkidakeen kontuak? Tristea izan dun gorpu hil hari auskalo nora ihes egindako arimak neuri bakarrik esateko kontuak zituela pentsatzea, adierazi ezinak dagoeneko, adierazi ezinak betirako.

        Ni ez naun zorionerako egina. Betidanik izan zionat halako narda moduko zer ulergaitz bat zorionari, orekan eta egunerokotasunean oinarritutako zorionari, aldez aurretik finkatutako zorionari, jakinaren gaineko zorion ezinbestekorari. Nire heroiak ez ditun zoriontsuak, ez dinat inoiz inor zoriontsurik izan heroitzat, eta nik ezin dizkinat nire heroiak zorionaren izenean traizionatu. Bai, zoriona traizio gisa ulertu izan dinat nik beti, txiki-txikitatik. Beti iruditu izan zaidan zorionak indar guztiak jan egiten dizkiola gizakiari. Zoriona txerto lasaigarri batdun, eragin hilkor erabatekoa duena pertsonaren indar errebeldeekiko. Gizakiak, nire ustez, errebeldea eta librea behar din, hala ditun nire heroi guztiak, edozertarako prest noiznahi, ezein zorion orekarekiko lotura katearik batere gabekoak, alegia.

        Hitz hutsak ditun guzti hauek, nire heroi horiek ere fantasma hutsak diren bezala. Hi betirako ixildu haiz eta ez dinat hire hitzik aditzen, baina ezagutzen dinat, bai, hire eritzia. Hitz hutsak ditun, zentzurik batere ez dutenak, poeta afizionatu gaixo baten ume kontuak beharbada besterik gabe. Baina hitz horiek ditun herenegun iluntzean esan ez nizkinanak. Hitz horiek ditun nire ezezko ixilaren azpian gordetzen ziren arrazoiak, betiko arrazoi esplikagaitzak, erridikuluak, baina hala ere, azken-azkenean, nire ezetza eta hire heriotza bultzatu zutenak iluntze horretan.

        Orekarik gabeko beste zorion moeta batek harrapatuta gidatu ninan kotxea hik eskainitako zorionari ezetza eman ondoren. Nire heroiekiko atxekimenduaren horditasun zorabiagarriak harrapatu nainan negar egin erazteraino. Libre sentitzen nindunan, ez hondorik eta ez mugarik ezagutzen ez zuen tristura leun baten jabe, eskuak bolanteari eutsita gaua zeharkatzen nuen bitartean. Neure heroiekiko traizio orotatik libre, gauarekin bat egiten zuen izpiritu galdu bat nindunan, planeta jakinik gabeko plater hegalari librea, ostondo osoaren jabe. Galtzaile triste bat, zorionerako ezgauza, derrotarekin aurrez aurre berriro ere, aspaldiko partez.

        Autoestratan sartu ninan kotxea eta, ahoko soinu malenkoniatsuz jotako kantu tristeak bolumen altuan jarrita, Bindelbul aldera jo ninan, probintzia osoa zeharkatzeko batere beldurrik gabe. Elkarrekin ibili eta zeharkatutako parajeak, bideak eta herriak zeudenan autoestrata ertzean, gauaren ilunak estalita. Hire pena saminak eta hire haserre bortitzak ez zidatenan lasaitzen uzten hasieran baina pixkana-pixkanaka ezerezeruntz amildu zitunan nire pentsamenduak zalantzazko une garratz batzuren ondoren. Zorionaren azken hondarrak atzean utzita, derrotarekin topo berriro ere, gauaren erdian. Bai, lehen azaldu dinadan moduan, orekarik gabeko beste zorion moeta bat zunan hura, benetakoagoa, maiteagoa, neureagoa... Bai, neure-neurea.

        Ezetz ninan esan, ezin esan bait ninan baietz. Nola esango nion bada baietz neure buruaren iraungitze arterainoko ahultzeari? Nola ezarri oreka mantendu erazteko beharrezkoak ziratekeen mugak neure buru mugagabe nahiari? Nola eman baietza muga barnean orekatutako zorionari, jakinaren gaineko zorionari, hasi baino lehen amaitutako, jaio baino lehen hildako zorionari? Ez al hunan ulertu ume kontu hauek neure izatearen osagai ezin bananduzkoak direla? Baietz esatea ume ilusionatu bat hiltzea zela, itxaropenik gabeko gizon serio bati bizia emateko?

        Orain, nola adierazi guzti hauek ordea kirasten hasitako nire gorpu umelari auskalo nora ihes egindako arimari? Ezin dinat sinistu hire mundua bat batean amaitua eta ezkutatua denik betirako. Inkomunikazio anker baten hutsune sakona sentitzen dinat, hondorik gabekoa, eternoa, bueltarik ez duena. Ezin dinat erantzunik jaso, eta erantzun bat nahi niken, erantzun bat behar niken, ezin bait dinat onartu betirako ixildu haizenik. Ez dun bidezkoa. Nik ezetz esan eta alde egin ninan, noraezean, baina aukera guztiak zabalik utzita neure ustetan artean ere. Ez ninan uste hurrengo ikusterako hilotz izango hintzenik, galderei erantzuteko gauza ez den hilotz geldi eta ixila. Ez ninan gogoan izan bide horretatik lerra hintekeenik. Non daude hire erantzunak, non daude hire eritziak, hire izaera, hire arima? Nora joan haiz? Hator nigana, maitea!

        Inoiz ahaztu ere egingo dudan pena mingotsa besterik ez haiz hala ere ni baitan. Alferrik izango zukenan bestelakorik sinistu eta esatea. Zaila dun hori hala onartzea baina bazekinat horrela dela. Heuk ere badakin hori. Hire mundua, hire izaera, hire arima, edo guzti horietatik nik jaso ahal izan dudana neurekin eramango dinat beti —bihotz barruan lotuta, hitz topikoekin esateko— baina hilda, berezko garapenerarako aukerarik gabe, definitua eta bukatua, gero eta lausoagoa gainera, ahanzturaren erauntsiek higatua. Gogor egin dinat negar atzo eta gaur, baina zer ditun ni bezalako malkozale baten gau pare bateko negarrak hire oraingo ezerez huts paregabe horren aldean? Bizitza honetan geratzen zaizkidan gau guztiak ditinat nik oraindik aurretik hire oroipena gauaren misterioari erantsi eta gaineratzeko, nire heroi bakartiengandik gero eta gertuago, derrotarekin gero eta estuago lotuta, gaurik gau mugagabeago.

 

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.