L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-26 (1990-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Nolabaiteko bushtarrak ginen

 

Itxaro Borda

 

A la vora del mar. Tenia una casa, el meu sommi, a la vora del mar.

Salvador Espriu

 

Trenak, Bush herrialdean zehar ginderamatzan. Azken hilabeteotan, eskualdeko bi tribuak gerlatan higatzen ziren, eta leihotik ikusten genituen arboletan, dilindan, gizagaizo urkatuen ugaritasunetik beretik, susma genezakeen borrokak aski gogorrak zirela. Oraindik, erre usaina nabari zen, nahiz treneko aire kondizionatuak urrina doi bat arindu. Halarik ere, ageri zen, gorputzak nonbait kixkailtzen ari zirela.

        Zelai desolatuetan, noiztenka, haritz solteak mirets genezakeen. Lehenago, liburuek zioten eran, lurra bere hariztien edertasunaz ezaguna zen, jakintsuen artean hasieran, eta gero berria hedatzen zen arabera, jende xeheen tartean. Gure ondoan, jarria zen Bushtar bat negarrez urtu zen, bidaiari ezazol batek, haritzondo alargundua kolorezko argizkitan hartu zuelarik:

        —Ez duzue eskubiderik...Arima ebasten diguzue... Ments gelditu behar otedugu? Horrenbeste hilotz jadanik, betiko egoitzarik gabe... Ez daukazue dretxorik... Madarikatuak zarete, bosgarren belaunaldiraino...

        Gizona ixildu zen. Haserreak, ezpainak hagun zuri eta malgoz estali zizkion. Gure konpartimenduan, laupabost europear zeuden. Haientzat, ixil unea hainbat hobea zen, naski, bortizkeria telebixtan edo zinean begiratzea baizik ez zutelako onhartzen. Baina, aurrean, sufritzen ari zen herrestaren oinazeen seinalerik ez zuten jakin nahi, sufrantza, eta, noski, sufrantzaren astuna, izuritea bezala, inguru bakartietan heda zitekeelako. Halatan, aburu estremistenak, ahoak ireki gabe, entzuten ziren, moda katalogoetako manekino perfektoetaz aparteko bizitza errealik ez bailegon.

        Hiri hautsi bat ireki zen, ortzaizean. Etxeak, denak, nola balizkako ixtripu atomiko baten ondorioz, lurrean zeuden, mila pusketan xehekatuak. Geltokia, gure trenak, arras emeki trabeskatu zuen, geltokiko buruzagiaren kopetan, odola perlatzen genekusanean. Batek zion, algaraz, beldurra gordetzearren:

        —Bere ondar trena...

        —Ba... pasatuko da besterik ere...

        Erantsi zuen, abilagoren batek. Zirudien, Bushtarren herriaren suntsitzeak ez zietela den mendreneko axolarik ematen. Zirudien, planetaren aldetik, populu anitzen desagertzea normala zela. Abil harek, belaun gainean, bere maleta zabaldu zuen, eta Corriere della Sera irakurtzen hasi zen. Minik ez zegoen, hauetarik bakoitzak aferen munduan murgiltzen ziren, urrearen kurtsoak, Txikagoko merkatuan, aztertzen, emazteak zein haurrak leku segur segurrean utzirik. Betaurrekoak, noiztenka, laitzale segituari, sudurretan lerratzen zihoazkion; gestu mekanikoaz, prestuki, altxatzen zituen. Harmonia mundi...

        Trenbide ertzeko xendretan, famili osoak, lerroan, ihesean joan agertzen zitzaizkigun. ardura, nagusia buruan, eta aitonamonak umeekin, astiroago atzean. Gosearen edo ur zikina edateren erruz, sabel hantuegiak erakusten zituzten. Bagoieko emakume lotsatiek, arpegiak, mokanes usantsuaz kukutzen zituztenean, gizon tripazuriek:

        —Ze miseria!

        Oihukatzen zuten. Kokakola gizarteak, sosarekin batera, krixton konparazione boterea zeukan. Bazekien, ona non zegoen, errentablea, produktiboa zein alorretan kokatzen zen, zein tokatu zitzaion loterian irabaztea ere, itsuskeriaren kriterio moralak oro gogoan zeuzkaten, gainera. Eta miseria, itsusia zen, Jainkoaren gaztigu mota bat, gure herrian, langabetua izatea bezala, bekatoros zozial bilakatzearen marka. Dena dela, ordinadoreekin, globoaren pillagea programatua zen.

        Ordu bat aintzinago iragan tren batek erdibitu gorpuak, lur ustelduan, sakabanatuak ziren. Behialako andere pulposak orro bat atera zuen, norbaitek lizunki ipurdi mazela ferekatu bailiron:

        Krudelkeria hau! Herri atzeratuetan, bizitzaren prezioa zer den ez dakite!

        Jarraian, somnifero pastila bat irentsi, eta itsutasunaren loak eraman zuen, bere senar maitearen sorbaldetan luzaturik.

        Bitartean, Bushtarra iratzartu zen. Negarra bazarion. Konplexu turistiko baten planak, boligrafo gorriz estudiatzen zituen ingeniero bati eldarnioka hasi zitzaion:

        —Zuek, emaztea hil didazue... Poliziek etxetik abatsi didate... Biharamon goizean, kartzelako atean, zauriz josia... Ahuldua... Hila... Zuen sistemak torturatua... Aberastasunaren ugartea hitz bitan, zertaraziko dut... Zuen zentral nuklearrak oro... Zuen ausaparke erraldoi guziak... Hemen, eskuz datxizkatzuen diamante meategiak denak... Madarikatuak zarete... Emaztearen gorputza... Oi hainbatetan laztandua!... Zulo amankomun batean desharagitzen doa zuen leihaz...

        Inginadorea, trenpuxartzeko punduan zegoen, eta hortzartean, apenas ezpainak igitu gabe, murmuratu zuen:

        —Ez da nere falta... Erruduna gobernua da... Hari zuzen izkiozu zure mendekuak...

        Bushtarra, bortitzago bihurtu zen:

        —Eta gobernua, nork hautatu du?

        Kostume grisean jantzi gizona moztua geratu zen. Alabaina, herriak indar biziz husten ziren, hizkuntzak masakratzen, eguzkia lasai hartzen ondartza politetan, kasinoetan dolarrak jostatzen, indigenoen alaben bularrak hortz zorrotzez ausikitzen, sabelak sardeskatzen, lantegiak hersten eta poliziak aireko hantuz bidaltzen, erreza zen, bakea, bakea, bakea, nehor ez bide zen responsable, nori oldartu behar zion semea preso zeukan amak? Inginadorea ixilik zegoen, arrapostu serio edo razionalik eskain ezinean. Nerbios. Ez zuen ulertzen. Politika kontuak, politikari ofizialei uzten zituen, eta, xoilik, ausaparkeen eraikitzean arduratzen zen.

        Beste bagoi batetarik, Zerukoari eskerrak, bi parapolizi etorri ziren, trena, gure ustez, mamu horietaz betea zen, ixkanbilen zaratak aditu zituztelako; aberatsa, Bushtarraren ukamiletarik askatu, salbatu zuten. Inginadoreak, eskolak Harvard-en eginik, zainak laster jabaldu zituen. Guardek, esklaboen ondorengoa, gogorki zanpatuz, eraman zuketen; honek, ordea, irainka eta karrasiaka zihardun:

        —Putasemeak... Emaztea non ehortzi didazuen erradazue?... Zuen lurra sutan jarriko dut... Zuen uniformeak mitriolaz erreko... Eta herriaren arima errebeldeaz suntsituko zarete... Emaztea...

        Zibilek, trena eremu zabal neketsu batean pararazi zuten. Jendeak jauts arazi, bozgaratzaleez, abisua hedaturik. Nik, zure eskuttoa tinkatu nuen, eta besteek bezala, egin genuen.

        Xefea iduri zuen betaurrekodun guardiak, mintzaldi bat eman zuen, ikaran zegoen populuari, ikaran, bidaia nehoiz bukatuko ez zela sinesten baitzuen:

        —Orain, begira ezazue... Zer dagigun kaskogogor miserableetaz... Erakaspen izan bekiozue!

        Parapolizietarik handienak, larruzko paltopetik pistola bat atera zuen, zilarrezkoa, kanoia, odoletan, puskatua zen Bushtar oihukariaren kopetan zuzenki pausatuz:

        —Herriaren arima errebeldeaz suntsituko zarete!

        Tiro lehorrak, inguruaren desolazionea, barbariaz bete zuen.

        Zure eskuttoetan, herabea nabaritu nuen, daldaraka. Gero, denak, gure bagoi blindatuetan kokatu ginen, parapoliziz eskoltaturik. Inginadore zurpailaren begietan, poza irakur genezakeen:

        —Kloporta bat guttiago!

        Ordurarte, pentsamendu bakunetan galdua zirudien mutiko gazte pottoloak ahoa ireki zuen:

        —Zergatik kloporta? Gure gisako gizona zen alta...

        —Baiki, ihardetsi zion manager-ak, baina mundua horrelako erosentimentalez gainezka dago:ez gaituzte dirua irabazten lasai uzten... Eta, badira, herri hauetan, miliunak garaiatzeko... Hirietan, jendeak badaude milaka, hemengo exotismoaz gose direnak... Eta aski kario ordaintzeko prest diren gizakiak, hegazkin supersonikoz honaratzeko...

        —Ezpazio huts hauetara?

        —Hutsak?... Bushtarrak badaude behintzat... Eta segur naiz, ulertuko nauzula. Irri karkazail larrian jarraitu zuen, inginadoreak. Parapoliziak iragan ziren, zenbait ordu lehenago bidaiako gartakaria umetu zen bagoiaren aintzinetik. Keinu konplizeaz urrundu zitezkeen. Eta mutiko gazte pottoloak ez zuen konprenitzen, benetan, astoa zen ala?, orduan, ahurra biloetan pasatuz inginadorea, esplikazio zehatzagoen emateari lotu zen:

        —Begira... Lur hauetako bizidunak, izigarri trebe dira lasterketan... Duela zenbait urte, Kokalandiako maratoiak oro bereganatzen zituzten... Zera... Neke da erratea... Beno... Horra... GIZA IHIZI LIBREaren ausaeremua nahi genuke antolatu, gure megalopoletako happy fe batzurendako.

        Gazte pottoloak ez zuen hitz gehiagoren beharrik. Jargitik altxatu zen, eta komunetarantz bideratu.

        Zure ondo-ondoan plegatu nintzen. Merkatu askean erosi nuen palto merkeaz, besaingoetako oilo larrua disimulatzen saiatzean. Nik ere, nere aldian, beldurra zer zen ikasten nuen. Inginadoreak, zure loa eta nere hotza susmatuz, treneko leihoa itxi zuen. Ametsaren globoak kariziatu ninduen: minez estekatu mundu berdinean ginabiltzan.

        Zenbait orduren buruan, iratzartu ginen. Konpartimenduan, bat eskas zela konturatu ere. Preseski, parapoliziek tiroz hil Bushtar harekin zebilen tipo mutua. Zuk, duzun aire inozenteaz baliatuz, eskatu zenuen:

        —Baina, non dago mutua?

        Erantzuna, ezpain lodi alaietarik etorri zitzaizun:

        —Zuek lo zinetenean, trena berriro arrestatu zuten parapoek... Tipo mutua baldin bazen, ez zen ahula... Paperak miatzera jin parapo bati labana sartu zion sabelpean... Eta exekutatu genuen... Guardiak ohore hori utzi dit... Zoriona... Viet Namgo gerlatik itzuliz geroztik, ez nuen horrelako atseginik ardietsi... Zinez, ihizi librearen ideia oso ona da...

        —Bai... Badakizu, Kokalandiako sikologo errespetagarrienekin estudiatu dugu, proiektu hori... Jakin ezazu, lagun protsimoaren erahilketa, gure gizartean, anbizioneaz, konkurentzi zerrendaz, botere nahiaz sublimatua dela... Ez, ordea, horegatik desagertua...

        —Oso ideia ona... Segi ezazu...

        —Giza ihizi librean, badakizu, nagusiak langilea, edo viceversa, ixkanbila batengatik hiltzeko ordez, berepulsio nahiz instintoak aska ditzake, Bushtar hauen kontura, eta bake zoziala betirako finkatzen dugu...

        Gohainduraz igeri, bata besterai so ginauden. Trenbide hegietan, auto kixkaiduak, itzulipurdika, zenbatzen genituen. Karrika ezkin batean, haur txirrindula bat agertu zitzaigun. Emozionea nola gorde ez ginakien, guk ere, Haritzaren Arimaren Egunerako gure umei bizikleta bana oparitzea erabakia bait genuen, gerla deklaratu ziguten aurretik.

        Niemsan hiri nagusiko auzo aberatseko geltokian, paratu zen trena. Lau orenez hor egon beharra zuen, orden militarren beha, nehork ez baitzekien, zein norabide hartuko zuen, suge zatikatu luze honek.

        Bizikleta bat erosi.

        Itsasoraino hegalda.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.