L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-27 / Amerika (1991-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Juan Rulfo

Behin eta betiko idatzi zuen umezurtzaren berbaro isila

 

Joserra Utretx

 

UMEZURTZ. «Inor gutxik ezagutzen duen herritxo batean jaio nintzen, Jaliscoko Apulco-n, 1918ko maiatzaren 16an, baina handik lasterrera San Gabrielera joan ginen. Apulco herri apartatua zen eta horregatik harrapaka hustu eta erre zuten zenbait aldiz bando matxinatuek. Arriskutsua zen han bizitzea eta horrexegatik erabaki zuten nire gurasoek San Gabrielera joatea. San Gabriel, haurtzaro guztia pasa nuen herria, herri handia zen —zazpi mila lagun ingurukoa— eta han eskolta militarra zegoen. 1923an aita hil zitzaidan, Juan Nepomuceno Pérez Rulfo Navarro, eta 1927an ama, María Vizcaíno». Halaxe laburbildu zuen Rulfok bere haurtzaro deslaia. Eta izan ere biografia oso bat baino adierazgarriagoa da hark bere haurtzaroaz egin zuen sintesia. Batez ere gurasoen heriotz-data horietan jartzean duen enfasiagatik. Sei urte besterik ez zuela, aita galdu zuen, eta handik hiru urtera, ama.

Esames eta aieru asko zabaldu zen haren aitaren heriotzaz. Peoi batek hil zuela, behin ihesi zihoala hil zutela (Rulfok berak esana), Nava delako batek tiroz josi zuela bere ganaduak haren lurretan sartu zirela-ta izan zuten eztabaida gogor baten ondorioz, etabar, etabar. Ez dakigu guzti hori inoiz argituko ote den, baina gauza bat behintzat argi dago: aitaren heriotzak markatuta utzi zuela bizi osorako. Lotsati, melankoniatsu eta bakarrik. Horregatik beharbada, hauen pertsonaiek ez dute inoiz zeri heldurik, esperantza izpi bat emango dien sostengurik. Are gehiago. Lautada Sutan izeneko ipuin bilduman bada kontakizun bat, Esaiezu ez nazatela hil, lehen aipaturiko bertsioan ustez benetakotzat jotzen den hiltzailearen izena (Guadalupe Nava) ageri dena. Kontakizun horretan ordea, izen-deitura trukaketa bat egin du Rulfok. Hiltzaileari Juvencio NAVA deitzen dio eta hil duenari GUADALUPE Terreros. Mendeku istorio horiez ote da izango Rulfok barnean dituen demonio ezkutukoak ateratzeko modu literarioa? Mendekuak mendeku, aitaren hutsunea, norberaren jatorri galdua bilatu eta hara bueltatu beharra, eta horrek sortzen duen izua behin eta berriro azaltzen dira Rulforen ipuinetan, eta are nabarmenago, Pedro Paramon.

        Guraso gabe gelditzeak berebiziko eragina izan bazuen, (ez da ahaztu behar Guadalupeko umezurztegian egon zela hamar urtetik hamalaura bitartean), hamabost urterekin Mexikora joan eta are umezurtzago eta bakartiago aurkitu zen. Unibertsitatean ikasteko asmoz joan zen, baina ez zuen inolako ikasketarik egin. Inmigrazio Saileko bulegari hits, saltzaile, publizista, eta denetarik egin zuen bizimodua aurrera ateratzeko. Antza denez, inoiz edo behin baino ez zen bueltatu haurtzaroko paraje haietara. Alabaina, sorterriko lur idor haiek betiko geratu ziren inprimaturik bere irudimenean. Asmatu zituen pertsonaia guztiak testuinguru geografiko, sozial eta kultural hartantxe kokaturik daude. Berak esan zuenez, bere pertsonaia guztiak geografikoki kokatu beharra sentitzen omen zuen. Beraz, Jalisco-ko lurralde hori da —Sayula, Talpa, Zenzontla, San Gabriel, Apango, Colima, Contla, Mascota...— ingurune narratiboa, baina ez ingurune erreal gisa hartua, 30eko idazle errejionalistek egin ohi zuten bezala, hango lur, gizon eta arazoen radiografia egiterakoan egiantza emateko erreferentzia soil gisa baizik. Rulforen istorioak leku eta garai historiko zehatz baten badaude ere —Jalisco eta iraultza garaia, iraultza ostea eta kristeroen matxinadak—, bere pertsonaiak marrazterakoan erakusten duen sakontasunak eta zorroztasun sikologikoak balio unibertsala ematen dio bere obrari. Hona hemen zer dioen bere sorterriaz: «Espainolen konkista zakarregia izan zen eskualde batekoa naiz ni. Konkistatzaileek ez zuten han ezer bizirik utzi. Su-ta-gar sartu ziren, bertako indigenak akabatu eta hantxe ezarri ziren. Nekazari espainolek berriz kolonizatu zuten lurralde guzti hura. Baina biztanleria indigena guztia akabatu izanak ezaugarri berezi bat erantsi zien, nolabait atzerakoia edo sortutako interesen kontserbatzailea den jarrera krioilo hori. Interes horiek ukaezintzat zituzten. Horixe zen konkistan parte hartzeagatik eta lurralde hura birpopulatzeagatik kobratzen zuten ordainsaria. Beraz, birpopulatzaile haien semeek, haien ondorengoek, ororen jabetzat izan zuten beti euren burua. Euren jabegoari ustez mehatxu egiten zion edozein indarri aurre egiten zioten. Hortik dator bada, mendez mende pilatuz joan den setakeria eta erresumin giro hori, Pedro Páramo pertsonaiak haurtzarotik bizi duen nolabait».

 

BEHIN ETA BETIKO IDATZI. Rulforena kasu bakarra da mexikar literaturan. Behin eta betiko gertatu bait zen. Ez dauka prezedenterik ez jarraitzailerik. Halako goimaila erakutsi duenik ez behinik behin. Estilo aldaketa txiki batzuk kenduta, ez da eboluziorik nabarmentzen haren obran. 1938an hasi zen idazten, 20 urterekin beraz. Lana amaitu ondoren, bulegoan bertan idazten omen zuen. Ekin eta ekin, Etsipenaren semea titulatu behar zuen nobela bat burutu zuen. Alabaina, berak zioenez, «oso txarra zen. Oraindik ere oso txarra iruditzen zait. Erretorikoa, alanbikatua» eta editore bila hasi beherrean, apurtu egin zuen. Hortik salbatu den txatal bakarra Gau zati bat izenekoa da, Revista Mexicana de Literatura-n 1959an argitaratua, eta gerora, bere Antologia Pertsonalean sartuko zuena.

        1945era bitartean aldizkarietan agertu ziren ipuin bakan batzuk salbu (Bizitza ez da oso serioa bere gauzetan, Lurra eman digute eta Macario), ia beste guztia 1953tik (Lautada sutan) 1955ra (Pédro Páramo) bitartean argitaratu zen liburu banatan. 25 urteko isilaldi hori hautsiko zuen gero zinerako errelato batekin, Urrezko oilarra izenekoarekin, 1980an argitaratua. Hemen argitu beharra dago ordea, Rulforen isilaldiak ez direla idazten jarraitzen ez duelako, idatzitakoa argitara ematen ez zuelako baizik. Aipatutako zine-gidoi hori adibidez, 1959-1964 inguruan landu zuen Manuel Barbachano Ponce produktorearentzat, eta 1964an Roberto Gavaldón-ek horren bertsio filmikoa egin zuen arren, emaitzak ez dauka zerikusirik batere jatorrizko gidoiarekin. Oraindik egiteke dago, beraz, merezi duen fideltasuna eta duintasuna gordeko duen bertsio filmikoa. Lehen ere esan dugunez, Rulfok idazten jarraitu zuen bere bizitzako azken 20 urteetan (1966-1986). La Cordillera izenburua jarri nahi zion nobela batekin ari omen zen. Argumentua, pertsonaien ezaugarriak eta guzti kontatu zuen, baina antza denez behin eta berriro egin eta desegin ondoren, bertan behera utzi zuen proiektua. «Beno, egia esan, material guzti horretatik zertxobait berreskuratu nuen eta nobela labur bat osatuko dut eta ipuin batzurekin bildu..., beharbada, aurten emango diot azkena» adierazi zuen 1977an egindako elkarrizketa baten. Ipuin-proiektu horiek 20 bat izango ziratekeen eta behin betikoz idatzi nahi zituen Institutu Indigenistako lanetik jubilatutakoan. 1986an hil zen, isiltasun narratibo horren zirkulua behin eta betiko itxiz.

 

BERBARO ISILA. Carpentier-ek esan omen zuen Hispanoamerikako kultura funtsean barrokoa zela. Beharbada ez zaio arrazoirik faltako. Rulfok ordea, juxtu kontrakoa erantzun ziezaiokeen, eta ez arrazoi gutxiagorekin. Hizjario koloretsu eta ozenaren azpitik badela berbaro isil batm apenas esan gabe mintzo den murmurio bat, isilduz adierazten den errealitate ukatu bat.

        Errealitate hatzemangaitz hori azaleratu nahian hustu zen Rulfo, ezaren zutabe artean hitz-sare isil bat ehuntzeko ahaleginetan. Berbaro isil hori ehundu ahala askatu eta berriz ehuntzera kondenatua legokeen Sisifo gaurkotu baten antzera. Nekelan horiek ordeak, ez ziren alferrikakoak izan. Denboraren joanak erakutsi duenez, bai Lautada Sutan eta bai Pedro Páramo, ausentziaren, oinazearen eta memoria ukatuaren arkitektura harrigarri bihurtu dira. Isiltasunaren arkitektura dei genezakeen horrek beste edozein eraikuntza salatarik baino sakonagotik egiten du deihadar. Alferriko apaindurarik gabe, herri hizkera eta esaldi literarioa maisuki uztartuz, Rulforen hitz-arsenalak barrukalderantz egiten du eztanda. Ez du predikurik egiten, ez du deklamatzen, ez du aho batean juzkatzen.

        Hitz gutxitan asko esan, «beti bait dago zer bat edo noiz bat soberan». Zentzu honetan adierazgarria da oso, Pedro Páramo argitaratu aurretik, ehun orrialdetik gora kendu zizkiola. Aski da nobela horren hasiera irakurtzea sekuentzia labur, soil eta trinko batez zenbat gauza esan eta iradoki daitezkeen ikusteko: «Comala-ra etorri nintzen, hemen nire aita, Pedro Páramo delako bat, bizi zela esan zidatelako. Amak esan zidan. Eta nik hura ikustera etorriko nintzela agindu nion bera hil bezain laster. Eskuak estutu nizkion halaxe egingo nuen seinaletzat; zeren hura hiletsita bait zegoen eta ni dena agintzera jarrita». Lau esaldi horietan mexikar familiaren egiturari buruzko edo mexikarren izaerari buruzko soziologia, psikologia eta ontologia liburuetan baino askoz historia sozial adierazten da.

        Nobelaren gaia edo argumentua, oso sinple eta argia da. Juan Preciado-k kontatzen digu nola hilhurran dagoen amaren aginduz datorren Comala-ra aitari kontu eskatzera. Ez du aita ezagutzen, bakarrik daki Pedro Páramo deitzen dela. Juan Preciadok ordea, fantasmaz beteriko harri huts bat aurkitzen du. Hildakoen mundura etorri dela ohartzen denean, J. Preciado izuikaraz hiltzen da eta orain arte izan duen kontalari ahotsa apalduz doa hildakoen berbaroa hasten delarik Pedro Páramoren garaian Comalan gertaturikoak kontatzen. Protagonisten ahotsak giro fantasmal horretatik sortzen dira istorioa zatika-zatika lortuz. Pedro Páramo da beste pertsonaia guztiak lotzen dituena. Pintzelkada laburrez azaltzen da haren haurtzarotik zahartarorainoko bizialdia. Nola bortxaz eta handiguraz herri osoaren jabe egiten den. Baina ez du sekula, Susana San Juan, bere neurrigabeko amodioa, bereganatzea lortuko. Ezintasun horrek etsipen gorrienean amilduko du, Comalaren erabateko hondamena ekarriz. Honela bada, J. Preciado herrira iristen denean, herri mortu bat, heriotzaren erresuma besterik ez du aurkituko.

        Argumentua sinplea bada ere, bestelakoa da nobelaren egitura eta narrazio teknika. Hortxe dago diferentziarik nabarmenena ipuinen eta nobelaren artean. Ez tematikan. Ez beti baina, ipuinak, errealistagoak edo linealagoak direla esan liteke.

        Pedro Páramo, hilabete gutxitan idatzi zuen Rulfok, 1953tik 1954ra bitartean. Alabaina, luzaroan egosten zekarren mundu surreal hain erreal hori. Neurri batean, ipuinetako mundu berbera da, gogoan bor-bor isilean zerabilena. Haurtzaroko herri horretara (Comalak sinbolizatzen duen horretara) itzuli zen batean aurkitu omen zuen nobela idazteko giltzarria, hango bakardadeak eta desolazioak eraginda. Errealitate horren inplikazio guztiak adierazteko teknika bereziak behar zituen. Eta horrela hasi zen isiltasunaren arkitektura harrigarri hori eraikitzen. Berbaro isilez ehundutako sare multidimentsionala, lotune bakoitzak osotasunari esangura eta indar bortitzagoa emango ziona. Horregatik, nobela hau lehenengoz irakurtzen denean, halako kronologi-nahasmendu bat somatzen da lehen partea amaitu arte. J. Preciado narratzailearen sosegu ezarekin bat eginez. Hortik aurrera, narratzailea isildu (HIL) egiten da eta hildakoen berbaroak tartekatuz, denboran atzera-aurrera eginez, narrazio plano ezber dinak sartuz, aurreko parteak esangura argiagoa hartzen du. Orohar, nobelan bi maila nagusi daude, baina irakurtzeko zailtasunak ez datoz hortik, bien artean sortzen den kontrapuntutik baizik. Maila bateko txa talak bestean txertaturik daude, interpolazioak eginez. Horrela errealitatea ez da inpresio bakar batean hatze maten, berbaro isil horien oihartzun errepikatuetan baizik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.