L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-28 (1992-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Maitalea adiskidearekin geratzen denean

 

Mikel Antza

 

Bazkalostean, ohi bezala, laino zuri eta lodiek abuztuko eguzki boteretsuari egin zioten leku ortze zalantzatiaren erdian. Itzalak ezkerraldera jausten ziren hauts kapa fin batez estalitako hondartzan. Musuen hezea azal kiskalietan. Itsas marea beheran belauntzi eta yate ugariek eta arrantzuntzi apurrek beren sabel gosetiak algaz tapizaturiko ohantzean etzaten zituzten. Eskuen karezia nagiak krema oliotsua hedatuz.

        Hiru gazteak ahozpez etzanik zeuden koloretako toaila zabaletan. Neskak, bi mutilen erdian, azal zuria zuen, ileak beltz, eta soinean gorputz osoko bainu-traje gorria. Inguruko emakume orok erakusten zion bularraldea eguzkiari, ditien argizariko museo batetan bezala. Hondartza sarreran, zakurren paseoa eta kotxeen sarrera debekatua zegoela adierazten zuen kartel bat zegoen.

        Neska, gorputza itzuliz, eseri egin zen. Itsaso bareak plastikozko hondakin batzu garraiatzen zituen ganoragabe. Bere eskubian zegoen mutilak eskua luzatu eta neskaren txonkatileko hezur lodia oratu zuen.

        —Ze ordu da?

        Kaioen karkailek entzun ziren arroka inguruan, eta bi olatu indargeren aparrak horniturik, neskaren ahots gozoak erantzun zion:

        —Orduerdi barru hasten haiz.

        Bakantzak hasi zirenez geroztik aldaketa gutxirekin errepikatzen zen erritoa zen. Mugimendu guztiak barneratutako aginduei men eginez bezala gertatzen ziren. Elkarrizketak berak ere ez zuen luzaro irauten hiru gazteen artean. Solasean iristen ziren hondartzara. Bi mutilek jean galtzak eranzten zituzten artean, neskak toaila baten laguntzaz jazten zuen bainu-traje gorria.

        Mutilak lasterketa azkarra egiten zuen ertzeraino neskak olio krema babestailez gorputza igurzten zuen bitartean. Igeri saioa egin ondoren itzultzen ziren mutilak, ileak busti, hortz zuriak nabarmen uztailak beltzarandutako azalean. Toailan eserita eta eguzkitarako betaurreko beltzen atzetik begiratzen zituen neskak. Segailak ziren biak, beso indartsuak, giharreak artifizialki hanpatutakoak izan gabe, hanka iletsuak eta ibilkera axolagabea.

        Toaila gainera jausten ziren neska hondarrarekin ez zipriztintzeari jaramonik egin gabe. Neska kexatzen zen, eta eskubiko mutilak ostera ere eguzkiari bizkar emanez etzanda zegoen neskaren gorputza tanta gaziz ereiten zuen.

        Gero, bainu-traje gorria tenis-sare gisa erabiltzen zuen bi mutilen elkarrizketa, apurka abailtzen zen, esaldiren bat erantzunik edo errepika gabe geratu artio. Ezkerreko mutilak bazekien murmurioen ordua iritsi zela. Olatuen danbada indartzen zen, kaioen karkailak ozenagotzen, ingurutako nesken bularrak nabarmenagotzen. Eskubiko mutilak beso oraindik hezea neskaren bizkarraren inguruan biltzen zuen eta bere ezpainak belarriratuz harengan irribarre estrainoak bizten zituen esaldiak lotzen zituen. Ondoren, isildu egiten ziren beraiek ere. Isilik zeuden hirurak, alboko fm irrati bati entzungabe adi. Eta ordua iritsi zenean galdegiten zuen eskubiko mutilak:

        —Ze ordu da?

        Makinalki jazten zuen galtza bainu-traje zabal eta hezearen gainetik, koloredun nikia gero, sandaliak eskutan hartzen zituen, musu ematen zion masailean neskari eta hogeiren bat metrotara aldentzerakoan eskua altxatzen zuen burua itzuli gabe. Eskilarak igotzen zituenean, neskak «kuraia on!» botatzen zion.

        Bere adiskidea lanera joaten zenean ohizko komentarioak egiten zizkion ezkerreko mutilak neskari, ez zela mauka ederra egunero lauretan lanera sartu behar izana, baina zortea ere bazuela lanik topatu zuelako. Eta gai horren inguruko hainbat aldaera. Gero beste zeredozertaz mintzatzen ziren, eta azkenerako eguzkiari begira etzaten ziren biak.

        Orduan ezkerreko mutilak, bere adiskidearen maitaleak bainu-traje gorriaren goiko partea piskanaka piskanaka beherantz biltzen zuela irudikatzen zuen, alualdeko lehen biloak hazten ziren mugaraino, bere diti gozo zuriak eguzki gordinaren menpe geratuz. Neskaren gainera makurtzen zuela burua, diti-punten inguruan ezpainak hertsiz eta mihi-puntaz diti-burua milikatzen ziola.

        Arratsaldeko zortzietan, ohi bezala, berriro ere hirurak herriko enparantzako tabernako terrazan, garagardo fresko banaren inguruan, elkar topo egiten zutenean, adiskideak begiak desnorabidetzen zituen bikotearen musua gauzatu bi instant aitzin.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.