Luisa
Yolanda Arrieta
Piano tekla jaustiarren murmurio etengabea aditzen zen etxe ilunska hartako beherengo leihatilatik barrena. Ez zen inor nabari, ordea. Inor ez zen ikusten udazken hasierak hodei gris arteko eguzki gardenez oparitutako arratsalde freskagarri hartako atari aurrean. Inor ez barruan ere.
Baina ba zen norbait; pianu beltz erdi hautsiaren doinu irekiari kili-kili egiten ari zitzaion norbait...
Ile luzea zeukan eta begiak argi. Hiru urte bete zituenean ekarri zioten osaba-izebek musika tresna galant hura, garaiko neskatila dotore guztien gurasoek, lagunen eta senide jeloskorren gutizia bizia pizteko egunetan nonahi zerabilten tresna puntakoena zelako.
Baina urteak asko eta denbora geihago pasatua zen dagoeneko, eta ile manta beltz distiratsu haren arrasto gisa, begi gainak zaintzeko betule lagungarri erdi kirikaldu batzuk baino ez zitzaizkion geratzen iadanik.
Urrunekoa nahiz hurrekoa ikusteko bataurreko bifokalak soinean, kanpoan hasi zuen euri zaparradak leiho ertza jo eta berehalako astindu batez mugiarazi zuen Luisaren buru erdi gelditua; honen atzamarrek, era berean, etenik gabeko tekla jaustiarren presentzi erdi misteriotsua, ondoriozko astindu batez desbideratzen zutelarik.
Hala bada, betiko ohiturari zintzo, aulki borobiletik jaiki eta egurrezko pertsiana bustiak esku biez bere papar erdi narraztura hurreratu zituen, latoizko txinget doratuaz bata besterekin elkartu eta barrua zaintzeko ahaleginetan ziren kristalezko lagun kutunekin ere errito berbera errepikatzeko asmoz.
«Eguerdiko euria, egun guztirako euria»: Ondorengo zeazpi egunetako eguraldiaren berri ematen zion seinaleak, etxe barruan gordetzera eta norbait urrunekok bidalitako musika usaintsuan bildurik, mesanotxeko kajoian gorderiko lan goseztua betetzera bultzatuko zuen; rutinak berak, norberak aukeratua denean eskaintzen duen bizipoz betegarri epelean batuta, beronek ixuritako gustu eztian kulunkatuz.
Beraz, gaur ere, azken hamar urtetan bereganatutako usarioari zintzo, eskaratzeko ate ertzeko besaulki bigunean eseri, mahai gaineko irratia piztu eta medikuek aholkatutakoaren arabera, «kafea» deitzen zion jarabe ilunska baina kalterik gabekoa hartzera abiatuko zen.
Ekin eta agin. Hasia zen bere eginahaletan, eskutakoari hiruzpalau pasada eman ondoron, sukaldetik zetorren txistu deabrutuak garaia heltzerakoanordua dela behin eta berriz seinale zehatz eta auzo guztiak aditzeko moduko hura bidali zionean.
«Jesus!» batez utzi behar izan zuen esaldi erdia boligrafo magalean, neberako esne desnatatuez kafetera espreseko tinte beltz keetsu eta usaintsua nahastatuz, aurreko igandean zabalduriko pasta kaxa irekira ezkerreko eskua luzatzen zuelarik.
Eta meriendatzeari ekin zion; lasai, trankil, goxo eta epel erabat, sukaldeko leihatilak eskaintzen zion aurrekoaren telebista erosi berriari begira, denboraren joana gustora dastatuz...
Mende erdi aspaldi pasatua zuen dagoeneko Luisak, masailetako azal zuri eta zimurrik gabeak hamar bat urte gutxiagoren itxura ematen zion arren; baina ez zeukan ordea, garaiko askok izan zezakeen bizkarreko minik, buruko nekerik edo joandako aldien enbidiarik.
Horrexegatik edo, ez zuen inork ulertzen haren bizipozaren iturria. Goizean goiz jaikitzerakoan, auzoari bira eman ondoren, zurrustada gorriaren azukretan berrindartzen zela zioten batzuk; amorante ezezagun aberats baten esperoan bizi zela beste batzuk; guregandik kanpo, berak asmaturiko mundu irreal batetan erdi zorabiaturik zebilela beste askok.
Baina irrifarrea heltzen zitzaion Luisari, inoiz, kalera irten eta zahartzaroa erre ezinik aterpetik kazetariak bidalitako panfletoetako aholkuei aurre eman ahaleginetan ziharduten aurpegi keinu gabeko guzti haiei erreparatzen zien bakoitzean; eta urteek erakutsitako «nahi ez duenari, ez alferrik ari!» berak asmaturiko esaerarekin lagun, bakoitza bere zereginetan utzi eta berearekin segitzen zuen, bere eguna, urteak, denbora emateko filosofia aparteko eta berezi harekin hain justu. Etabere sekretuarekin. Bere mesanotxeko kajoiko sekretuarekin...
Hogei urte bete zituenean amak, «ezkontzen zarenerako...» hitz samurrez paper koloretsuan baturiko kikare loradun hartako azken tragoska barneratu zuen, atzamar bihurri baina luzeekin azpian geraturiko hondar bigundu eta puztuak kutxarila ertzaz harrapatzen zituelarik. Uraz pasatu zuen gero eta labadora gainean utzi lehortzen, kanpokaldeko lainu goibelei begirada bat botaz berriz ere bere eskuartekora itzultzeko. Eta lanean segitu zuen.
...Kikare haren lagun bakarra esku artetik ihes eginda hautsi zitzaion hartan hasi zen beste era batekoegunerokotasun arruntbatezpentsatzen Luisa. Hobeto esanda, biharamonean, amak hogei urterekin oparitu zion kikare lagunaren jabea, portzelana hondakinekin batera lur bustiez betirako estali zuten astearte trumoitsu hartan...
«Utzi bakean nahi dudana egiten...!» bizitzan lehen aldiz ozenki ahoskaturiko esaldi erabat korrientea bota zuen bezperako astelehen ilunean eta, asko izan ziren ondorioz, lagunen telefono zenbakiak gogoratzeko zeukan ajenda urdin batatik lapitzez ezabatu behar izan zituen izenak...; asko sufritu zuen eta, atzera begira hasi eta ametsei amore eman eta «besteak» bezala bizi behar zela egunero, hogeitalau orduz entzun behar izan zuen gaztaro bizi eta ulertezina gogoratzerakoan...; amorratu egin zen eta erabat nahastu, konfunditu, galdu, zoratu...; geroxeago, inoiz bueltatuko ez zen denboraren aurkako borroka etenik gabea berriz soinean sentitzerakoan; eta nekatu egin zen azkenean, maitasunaren bizitza ahul eta betegarria, pisutsu eta leuna, indartsua eta hutsa, galkorra, haizetsua... eskuartean izanda, sekula gehiago inoiz ikusiko ez zuen ziurtasun gordinaz jabetu zenean...
Baina nekearen ganbarak zerua jotzen duenean gertatzen den antzera, ekaitzez esnaturiko biharamon trumoitsuan aurkitu zuen bidea, argia, erantzuna, erantzunik egon ez dagoelako, baina aidean galduta dabiltzan antzerako banaka batzui oratzen jakinez gero, galdera asko asetu daitekeelako. Orduantxe, burua eta begiak errementaturik kanposantutik bueltatu eta beti paperez beteta egoten zen mesanotxeko kajoitik, musika doinu ezti bat atera zitzaion udazken galduriko astearte hartan. «Atera» bai, barruan gorderik zeuden orri guztietatik milaka nota solte berez irteten hasi zitzaizkionean.
«Ai ama! Zer da hau...?» galdetu zuen orduan, inguruan «ama»rik ageri ez arren eta geroz eta kontrolaezinago bihurtzen ari zitzaion hasiera bateko doinu ezti hura zeozelan ordenatu nahian. Eta hara eta hona, nora joan ez zekiela, zer egin ez zekiela, entzundakoa nolabait deszifratzea izango zela onenaotu zitzaion. Honela bada,azken berrogei urtetan ikutu gabeko pianura jo, hautsez beteriko tapa jaso, eta aditzen ziharduenari «izenen» bat jartzen hasi zitzaion.
...Eta orduan, «do, re, mi, fa, sol...» entzuten ari zena atzamarrekin tekletan aurkituz paperera pasatzeari ekiterakoan, orduantxe hasi zenmesanotxe kajoiko musika zoro hura bere onera bueltatzen... Une batez bakarrik ordea, zeren eta entzundako guztia orri zurian jartzeaz bat, berriz ere dantza bizian hasiko bait zen kajoi barru hartako ume deabrutua, gustokoen zituen bereak eta bi egiten; eta handik aurrera inoiz, inoiz ere ez bait zuen atsedenik hartuko... Gaur arte...
Orduantxe, mesanotxearen egunean hasi zen, beraz, Luisa benetan eta gustora sentitzen, pentsatzen, berriz ere beste era batez izan arren bizi izaten; kikare lagun hautsiak bizia galdu ondorengo astearte goiz trumoitsu hartan hain justu; guardasol gorri bizigarri baten babespean, kalera irten eta oinez hiriko beste muturrera abiatuz, bidean zeuden putzu guztietan oinak busti zituenean... Orduantxe, musika geldiezin hura baretzen eta bere onera itzultzen ihardun ondoren kaleratu zenean erreparatu bait zion mila aldiz aldaturik, sekula inork jaramonik eginbako farol urdin hari; orduantxe, egunero dozenaka aldiz beti bidaia berbera egiten zuen beste autobus berdeari; «Banku Mundial»etako aurreko papelera griseskei; ostikopeko paper zaharkitu koloretsu haiei; presaka batean sorbaldak galdu beharrean ustezko helburu finkoetara abiatzen zen jende aldra ikaragarri hari; ...kaleko hautsaz nahasturiko euri usain koipetsu apartekoei; haize bihurriari, eguzkiaren kolore larruari... orduantxe.
...Baina hamar urte pasatuak ziren harrez gero, eta euria atertua zegoen dagoeneko. Luisa, betaurrekoak belarri biak lotzen zizkion kate doratutik zintzilik, komunera abiatu zen, egin beharrak egin eta ur tanta freskagarriez bere aurpegi berotu eta betea zipriztintzeko asmoz. Argia piztu zuen eta lababo gaineko ispilu zuriari begira geratu zen, geldi, bertako lagun zintzoak egia itzultzeko zain.
Hark bihurturiko irudi ezagun bezain arrotz eta egunero desberdin esnatzen zen hura begiztatuz, argia itzali zuen, sukaldeko mahai gaineko erlojuari begirada azkarbatbotaz, afari jiran hasteko prest eta gertu.
Arraultze pare bat nahastu eta yogur desnatatua irentsi ondoren, salako armairura hurbildu zen hurrengo; egurrezko aulkia ate ondora hurbildu eta gainera igotzeko. Oroitzapenez eta bizitza oso batez baturiko tresna arteko ajenda baten bila aritu zen.
Gainerengo elkar pilaturik aurkitzen ziren artean nolabaiteko zulotxoa eraiki eta azpirengoengana bideratu zuen beraz, ezkerreko eskua, marrazkiz, postalez, zirriborreaturiko orri soltez osaturiko multzo jolasgarri hartara, eta hartu egin zuen; han, azpirengo erdi ezkutaturik aurkitzen zen beste ajenda urdinska hura esku artean hartu eta sukaldera itzuli zen berriro.
Orduan, aspaldian ohi zuenez, bertan ezabaturik aurkitzen ziren izen haien letra eta zenbaki esan guratsuak, eskuartean zituen sobre zurietara pasatzen hasi zen; letra onez. Garbi, txukun, bizitza berri bat, jaiotze berri bat eskainiz. Ondoren, seilua jarri zien; denei, banan-banan, aspaldidanik ezaguna zitzaion paketeak bidaltzeko hogei duroko seilu berezi eta aparteko hura. Eta salako apal kargatuan pilaturiko ale multzoa ekarri zuen gero.
Mahai gainean utzi eta bakoitza bere sobre erraldoian sartzen hasi aurretik, gaineko tapa jaso zien hauei; banaka-banaka, bakoitzak behar zuen denbora berezia errespetatuz. Eta gaineko babesa erantzia bilutsik utzi ondoren hasi zen lehen orri zurian idazten. Bakoitzari esaldi bat, eskuz egindako musikaturiko poema liburu desberdin bakoitzari, esaldi bakar eta berezi bat; hiruzpalau egun barru «sari» ezustekoa jaso beharko zuen lagun ohiaren berezitasunen bat bergogoratzen zion esaldi bakar eta aparteko bat.
Hortan ziharduela, goizaldeko ordu batakentzun ziren goiko pisuko lotiaren eskumuturreko erloju deitzailean. Luisa, bost ordutan zehar buruturiko lanari begira geratu zen, ondoren baso bete esne epel edanez, ohe zurian sartu eta gorputz nekatuaren atseden nahiaz adiskideturik, biharamon goiz arte lo bakar bat egiteko.
Biharamonean eramango zituen «Correos»etara paketeak, eta egun gutxi barru jasoko zuen jabe bakoitzak bere etxean, aurretik ere, beste ajenda urdin hartako gainontzeko «ezabaturiko» lagunekin gertatua zen legetxe.
Eta inork ez zuen jakingo Luisa zenik. Inork ez zuen pentsatu ere egingo, gaua helduta, beraien nahiak hain zehatz eta zuzen adierazita aurkitzen zituzten lotarako musikaturiko poema liburuska haien sortzailea, eta hamar urte aurretik, etsipenez josita astearte trumoitsu baten atarian guardasol gorripean kanpoan putzu bustietan hankak hondatzen ibili zen alargun errukagarri hura, bat zirenik.
Biharamonean, bizitzak aurrera iraungo zuen. Luisa, lagunen, kideen, ezagunen, gizakiaren eguneroko ase ezinen bat gogoratuta, eguerdiostean, pianu tekla jaustiarren maldan behera txirristatutako zen mesanotxe kajoiko notak bideratu guran.
Bitartean, munduak, arin, bizkor, bere eginahal beharrezko eta itxaron ezinezkoetan murgilduko zen berriro ere; dantzan aurrera, atzera..., musikarik entzuteko astirik gabeko konpas arin eta mugikorren nota labanen batetan bere burua galduz.
Eta behar bada, Luisaren ajenda urdin bietako lagun «berpizturen» bat, guardasol gorri, urdin edo horiren bat hartu eta kalera irtengo zen, «Correos»etara zihoan Luisarekin egingo zuen topo..., eta agian, Luisak musikaturiko poema berrientzat marrazkiren bat ekarriko zuen besapean; edo usain berriren bat edo... ezer ez; deskuidatzen bazara, ezer ez..., gaur egun, edonork ez daukalako mesanotxe majiko bat bere etxean.
|