Gurean Peru Abarka eta Maixu Juan haiek bezala hasi ziren mende honetako literaturan ezinbesteko bilakatzen legearen pertsonifikazio ahul haiek. Gero eta sendoagoak zitzaizkigun estatuak prest zeuden euren ordezkariak uzteko. Polizia izango da hautatua. Honek bazuen doairik nobelarako. Aktiboa zen, ematen zuen jokoa pistolarekin. Inoren atzetik ibiltzekotan izango zen ekintzarik behintzat, hemeretzigarrenetik zetorren nobela intelektualak ez zuen beste erremediorik izango. Ala bere ere egin al azpigenero aspergarrira bihurtu. Izan ere, sujeto ez izatekotan, balio zuen behintzat edergarrirako. Eta horrela ikasi genuen heriotzea xake partida bat bezala ikusten. Hiltzailea nor zen topatu behar zen. Eta harrapatua genuenean gu baino azkarragoa zen idazleak berriro ere erratu egin ginela gogorarazten zigun.
Aspergarria gertatzen zen jolasa ordea luzera begira. Azkarra beti azkar, mozoloentzat da hori. Eta pertsonaia harro hura, zakarrontzia zen gizartearen beso lanetan hasi ginen ikusten. Eta ez genuen ulertzen nola zezakeen estatuak horrelakorik onar. Izan zen preso sartu zituzten nobelagile eta gidoilaririk ere. Harez gero rol askotan ezagutu ditugu. Pistolari loturik gehienetan. N-garren bulegoko n-garren mahaian inoiz aurpegirik ikusi ez dion n-garren hiritarraren azken datuak idazten. Gogor planta gehienetan. Bihotza azukrea kafetan bezala urtuta bestetan. Esaten ziguten, estatuak aurpegia du.
Eta gurean zer? Konplejoz betetako hizkuntza bat, egun arte nobelako sujeto izateko balio ez duten poliziak. «Ez da sinesgarria» esaten genuen. Eta atzeko dekoratura kondenatu dugun figura da ertzain / polizia / goardia zibilarena. Espabilatu beharko dugu halako batean. Hamar urte bete dituzte Atutxarenek.
|