separata
Beribilez
Jean Etchepare
Agorrilaren lehen astezken-goiz batez abiatu ginen beraz Cambotik zazpi lagun hiru gizon eta lau andre bi beribil atherbedunetan aratsean berean gibelerat sartzeko xedearekin, Loyolako ikusgarri omen-handikoez begiak betherik.
Gerla-aitzinean lauzpabortz aldiz mendiez-haraindiko eskualdetan ibilia nintzelakotz zoin urthez ez nakike orai xuxen lehen beribilean jarrarazi ninduten bidearen erakusle, jabe gidariaren eskuinetarik (...)
Aire onak bizkortzen ez othe dauzkigunetz ere gure beribilak? Erasia gogorrean lotu zaizkigu, behinik behin, bideari. Motorren joite azkarrak indartzen gitu guziak. Bagoazi gaztetuak hamar urthez, dena begi, dena beharri, gogoa arin. Etxeaz, ez gure egitekoez, ez herritarrez, ez ahaideez, ez gira gehiago orhoit. Bertze kezkarik deus ez dugu buruan, Loyolaren ikustea baizik (...)
* * *
Ur-handia ez da baitezpada zabal, barnasko balin bada ere ohatzen. Laburra da erreka; bospasei kilometra baino gehiago ez duke bururen-buru. Eta zelaiik ez dugu zeren iguriki harateko puntan, baizik herri xuri pollit bat: Arnegi, emokatua bezala bi mendi-lerroen arteko xokoari.
Zortziak eta erditako, zubiaz bertze alderat helduak gira, muga zubi-erditan iraganik. Karabineroekin badugu orai behingo lan, errezebidore jauna ez omen dutelakotz jaikia.
Anartean bagaude behin errekari beha. Nun dira ordean, duela bi urthe lanho baten lehertzez goititu zen uhalde izigarriaren herexak? Etxe-sahets baten arraildura baizik ez da orai ezagun.
Errezebidorea ez bizkitartean ageri! Igitzeko, ezpata-sista baten beharra baluke nunbait, alfer zotz harek, Primo de Riverak berak emanik...
Oren bat osoa baderamagu tokiaren gainean. Noizbait, haatik, karabinero batek ekartzen dauzkigu gure paperak: erdi lotarik, kirrimarra batez sinatu daizko aitzindari nagiak!
Bagoazi karraskan mendi-mazela bati goiti. (...) Bethi goitiago garamatzate beribilek. Gu gorago, eta xutago gerenda, barnago ere ba. Amilka eror baginte, ekaitz batek bota balitza han-hemenka kasik dilindan dauden etxeño batzu, zer itzulipurdia leize-behererat!
Bihotza pilpil bagoazilarik, agertzen zaiku etxe-multzoño bat erreka-hegiaz bertzaldetik; urrunago, Luzaideko elektrik'eihera aipatua. Noizko ordean helduko gira mendi-leporaino? (...)
* * *
Erregebidearen bazterretik eskuin eta ezker etxe-pollit-lerro bat lauzpabortz ehun metraren luzetasunean: Lekunberri.
Geldiarazten ditut otoak: bada hemen hôtel bat hauta, duela zonbait urthe aloitu zituen hazpandar batzuek Lapurdirat ekarri zuten omenaren arabera. Lekunberrirat jiten da bertzalde gaztelar hanitz, indarren berritzera udan (...) Iguzkiak erre nahi du, hanbatenaz non ez baita zuhatz handirik ezagun, bide-bazterretakoez bertzalde. Zertako othe duten gaztelarrek hunarateko lerra hoinbertze, zoazi zu.
(...) Hôteletik athera baino lehen, egiten ditugu bi solas etxekanderearekin. Berekin ditu, sahetsean, alabak. Doniane-Lohitzuneko komentu batean egonak dira askitto luzaz. Hiruek, bai amak, bai alabek, mintzatzen dute eskuara. Hemen bederen bizi da orainokoan nabartar-odola.
Beribiletarat! Ene ustez, Nabar-Goitiko mugarat helduak izanen gira laster, Gipuzkoako eremuetan sartzeko (...)
* * *
Beribila sartzen zaiku Iruneko karrika handian. Nehor ez; elektrikargi guti; etxeakberakmutu.Udaletxeko plaza ere hutsa. Afaritan ari ditazke irundarrak.
Gain-behera xut luzesko baten zolan gelditzen gira zankez. Apalgune hau ilhun-beltz legoke, berrogoi ta hamar bat otomobilek, lerroan eta geldi, bide-bazterretik ez balute legearen kontra beren argi handien dirdiraz ithotzen. Karabineroekin badukete bizkitartean behingo lan. Guardekin gureek, agian ez! Behobia-ko mugan gira bada, batzu Espainiarat buruz, bertzeak Frantziarat.
Bi minuta gabe itzulia dut bere alkirat ene laguna, paperak sakelan sartuz diolarik: «prest gira. Aspaldiko adixkidea dut guarden aitzindaria».
Holako adixkideak ez dira guti, tenore huntan guziz.
Bidasoa bazenetz ere ez niz orhoitu: ez girea bethi Eskualerribarnean? Hargatik, mugaz hunaindiratu bezain laster, gozatu zaitala eta berritu zainetako bizia, hori ba. Jabalago barnea, hatsa hobeki hartzen dut. Bihotz-bihotzez eskualdun izan gatik, garaitiko nizan guzia frantsesa duketalakotz ez othe? Adimenduz eta buruz uste baino ere maiteago ez othe dugun guziek Frantzia? (...)
* * *
Handik harat Camboraino, bidea berdin ixil, bazterra berdin geldi, zerua berdin eder. Zakur-sainga bat ere ez nihundik. Jende ala abere, oro lo ditazke, indarrak biharamuneko berritzen daieztela loak! (...)
Itzuli ederra, egungoa: 357 kilometra inguratu ditugu, bat gutiago ez.
|