abenduak 22
Sebastianek liburu bat pasa dit. Frantziar autore batek apailaturiko antolojia bat. Liburua zabaldu dudanean jeraneo baten petaloak amildu dira lurrera negar labur batean bezala, eta segidan hegaberek jarraitu dute zeru desarituan heiagora labur hura. Liburua ireki dut. Estreinako atalak honela zioen: 'Soldadu anonimoa'.
Soldadu anonimoa
Inork inoiz ezagutu eta ezagutuko ez duen
benetako gertakizun batean oinarritua.
HIK, SOLDADU neozelandar anonimo horrek, herria, familia, lagunak eta emaztegaia atzean utzirik, ia konturatzeke Europako gerra munstros hartan murgildurik aurkitu huen heure burua. Ez hituen gerrak sekula ulertu, baina kontinente zahar osoan hedatutako eromen kolektibo basati hark erraiak sutan jartzen zizkian. Ez hintzen inoiz hilotzetara ohitu. Gizaki bat izandako haragi eta heste odoleztatu multzoak ikusten hituenean laguna nahiz etsaia izanoka egiten buen; botatzekorik ez heukanean saminezko anpuluak irristatzen zitzaizkian masaileko zauriak umelduz, eta azken asteetan, begiak idorturik, malko emaria agorturik, garrasi bortitz bat zerura zuzentzeko gurak inbaditzen hinduen. Zergatik hengoen giza-animalia irrazional eta odolzale haien artean, zer egin hezakeen hik sarraski hura geldiarazteko? Ezer ez, argi heukan, bahekien hanka egin behar huela. Hire ametsa zauri ez larriegi bat egitea huen, hamar mila kilometrotara zain hituenengana bizirik biltzeko.
HIRE GOGOETEK hamar mila kilometrotako jauzia egin behar izan ziaten, inguruan, apika hamar metrotara, hi garbitu nahi hinduen arerio ixil bat heukalako. Frantzia iparraldeko baso abre eta sarri hartan aurrera egin behar huen, baina horretarako alemaniar baten gizaki baten bizitzari amaiera eman behar hion. Ez huen eragozpenik aurkitzen bion artean adiskidetasun bat sortu ahal izateko, agian afizio berak zenituzten; ziur hekien Hans, Klaus edo Rolf hark eta hik herri, familia, lagun eta emaztegai eder eta maitagarri berdintsuak zain zenituztela, baita ere bitako baten herri, familia, lagun eta emaztegai batzuengan negarra sortuko zela laster. (Aita, ama, Susan...!)
«TRABA BAKAR bat zegok, mutiko», ihardetsi zian gerrakide esperimentatu batek hire kezkak norbaiti azaltzera ausartu hintzen estreinako eta azkeneko aldian. «Alemanak akatzeko ekarri haute hona, ez filosofia egiteko. Misio sakratupean hago, ez ezak ahaztu!», eta barre egin zian, hi depresio beltzenean hondoratu hinduela konturatu gabe. Beste batzuek somatu ziaten hire malenkonia eta tristuraren arrazoia, baita saiatu ere hi atzipetzen, nazismoaren aurka borrokatu beharra aipatzen ziaten, askatasunaz, bakeaz, demokraziaz mintzatzen hituen. Baina hiretzat ez huan nahikoa. Etxe txikituak, emakume jipoitu eta bortxatuak, gizon afusilatuak, haur hankamotz eta besamotzak, odola, hesteak, giza haragi errea, balak, tankeak, herri ezabatuak, tamaina eta adin guztietako gorpu ustelduak... Ezin buen ezer egin, etxera aldegin besterik, baina horretarako bestea bentzutu behar huen, alemaniarra eta hi elkarren zelatan zeundeten. Bitako batek bakarrik egingo zian aurrera bidezidorrean gaindi.
HIRE GOGOETAK baztertzea erabaki huen, egokiena izango zelakoan, eta koarteletan burmuinean grabatu ziaten automatismo militarrari bidea libre utzi hion. Erahiltzeko makina bat bihurtzeko ahalmena eman ziaten eta probetxatzen saiatu hintzen baso madarikatu hartatik ahalik eta azkarrik alde egitearren.
MINUTU BATZUEZ benetako soldadu baten antza lortu huen. Hire ideiak ahaztu bide hituen eta beste edozeinek bezala arerioaren bilaketan ihardun huen. Hala behar zian etxera bizirik bueltatuko bahintz.
BAPATEAN ZUHAIXKA batzuen artean alemaniarra antzeman huen, eta ezkutalekuak eskainitako babesaz ahaztu hintzen eta bideskara salto egin huen. Argi eta garbi bereizi huen alemaniarraren irudia zuhaixkaren atzealdean, eta zuhaitz garaien hostoen artetik iragandako ekiaren izpiek begi urdin haiek dizdirarazi ziaten, hiregan beldurra sortu baina aldi berean erakarri hindutenak. Hire bihotzaren barne-barnetik alemaniarraren adiskide izateko premia sortu zitzaian, Hans, Klaus edo Rolf harengana biltzeko, elkarri kontuak esateko, haren herria, familia, lagunak, emaztegaia ezagutzeko... Maitasunez leher egin zian hire bihotzak, eta arroka eta urezko planeta kaxkar, ziztrin, xume honetako biztanle guztiek familia bat osa genezan desiatu huen, abestu nahi huen... eta hilotz odoleztatuak betirako lurperatu eta ahaztu. Hans, Klaus edo Rolfengana eskua luzatu huen...
AI, HIRE pentsamenduek Clausewitzen esana etsaia eraitsi ez dudan bitartean, berak ni eraits nazakenaren beldur izan behar dut menperatu ziaten! Ideia guzti hauek segundu erdi batean kolpatu zitzaizkian buruan, ai soldadu anonimo hori, tiro egiteko alferrikaldu huen segundu erdi baliotsu batean.
ETA KONTURATU ez bahintzen ere, hire Hans, Klaus edo Rolf maiteak segundu erdi hori probetxatu, eta hi baino kezka bakezale gutxiago zeuzkala edota agian egokiago automatizatuagoa izan zela frogatuz, apika ziurrenik hire ideia ederrak ezagutzen ez zituela, tiro egin zian.
* * *
ODOL BERO, likits, neozelandar, anonimo tanta batzuk soldadu alemaniarraren botetan itsatsirik gelditu ziren, honek bidezidorrean gaindi aurrera egin zuenean.
FINEAN, KOMANDANTE neozelandarrak bere aberrikidearen hilotza ikustean esan zuen bezala, gerra ez da ahulentzat.
|