urtarrilak 2
Goiz batzuetan esnatzean ironia izoztu batek hartzen dit barrena eta indartsu egiten naiz, heriotza bost axola zaidala pentsatzen dut, ez nuela nik aukeratu bizitza... Halako egunsentietan Pepper sarjentua bezala bataiatu dugun lodikoteak jateko ez dagoela esaten digunean, hotzak gure bihotzaren hormak hartu aurretik, barre egiten dut batzuetan. Horregatik gaur, Sebastiani Pepper sarjentuari eskainitako lerro hauek erakutsi dizkiodanean, eromenaren atariko euforia batek hartu gaitu eta heriotza gainditu duen haren harrotasunaz lehertu gara ezkutuko barreetan, litera zaratatsuetan etzanik.
Pepper sarjentuari esker
GAUR oinak kiskali ditun berogailuarekin.
Egia esan,
gustatu zain sentipena, bai, oso atsegina izan da.
Hire salako plakaren gainean jarri ditun oinak eta bultza egin dun metal
beroa hire oinetatik sartzen sentitu arte; erraza izan dun, haragi bigunena legez
gorritu zain azala eta (frsssss...) zoragarri!
Nahikoa, txuletarik goxoenak bezala utzi nahi izan ditun hire oinak,
eta horrela izan dun, hik nahi bezala:
kanpotik 'kris-kras', 'kris-kras'
eta barrutik samurra,
odol apur batekin, zergatik ez?
Hala ere, zertxobait goibeldu haiz berogailuaren eta oinaren arteko kontaktua
dela eta sortu den kiratsarengatik baina,
kontsola hadi,
ez dun inoiz gehiago hotzik pasatuko,
badakin:
oinak bero baditun ez daukan katarrorik harrapatzeko arriskurik.
Aaatxiss!! Doministikun.
|