L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-31 / Hegaberak lubakietan (1993-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

urtarrilak 6

 

Magnetofoi batean jasotako azken hitzak:

        «Gure balkoiko lorontzi gorrietan amak landatutako jeraneoak zimelduak izango dira honez gero. Gaur da haurren zorion eguna baina haurrek agian jakin nahi lukete gure berri ere, egunkarietan diotena baina zerbait gehiago, RECIBIO DOCE TIROS, TRES DE ELLOS MORTALES dioen erreseina zokoratu eta inozoa baino zerbait gehiago. Nire arreba txikiak jakin nahi luke agian non nagoen. Nire arrebak galdetuko lidake agian ea jeraneo bat jartzeko egin didaten zulo gorri hori buruan edo ba ote den gaur batere hegaberarik lubakietan. Eta ez, ez dago. Hegaberarik ez ikustean, sehasketako hienak ere negarrez hasiko dira ausaz, eta munduko haur guztiek hildako soldadu batekin amets egingo dute lau segundutan bederen. Ahozpez lohiaren ertz lehorrean dagoen soldadu batekin. Zulo gorri bateknl. Zuen lurretan ereindako hilotzekin. Soldadu bat imajinatzeko dagoen era bakarrarekin. Nire azken arratsari —nire azken hatsari— darion botanika tristearekin.»

        Eta bere helburura heldu ez den kartoizko pakete batean aurkituko ditugu egunkari pusketa hauek, magnetofoi zahar batean eginiko kalidade eskaseko grabaketarekin batera. Orrazi bat ere bai, bota lokaztu bat odol tanta banaka batzuekin, zigarro pakete hasigabeak, ipuin bilduma bat, erloju bat (Omega, baina urrezko estalkia kenduta) eta gabardina luze bat J.A. inizialekin, eta gabardinaren poltsikuan, azken poema bat:

 

 

EDERTASUNA

hil dun

hil diate

hil diagu

berdin dun ez zegon edertasunik

hik hil al dun zizpuru batez?

orain ezinbestekoa dun nagusi

hik akatu al dun hurkoaren gainean

mundu bat erruten ari huen inurria?

berdin dun hik ez ditun inurri guztiak akatu

orain langarra zetorren umeen gosarian

gauak zenbat begi isuri dituen jakitera

bakardadea oihartzunez agurtzera

burua ile zuriz garbitzera

arrats gorri haizetsuak trukatu dizkinate

inork eragozten duen biharko eurijasa

 

 

        Espartzuzko sokaz lotutako paketearen atzealdean herrialde baten izena eta data bat. Herrialdeak Desiderium zuen izena, baina izan zitekeen beste edozein. Data, ezabatua. Norbaitek apropos ezabatu duela dirudi.

        Eta esango nuke, jada zaila dela soldadu bat imajinatzea.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.