separata
LEHEN MANIFESTUA
Atzazalez urratzen dugu bidea
Gaur egungo gezur guztiak ero eta poetarik gabeko espaloi abandonatuen aberrian galtzen diren moduan galdu dugu guk ere elkar ezagutu genueneko urte kopuruaren kontua. Asko direla badakigu. Mendeak izan litezke. Akelarreetan elkartzen ginen, kobazuloen ingurumarietan, lanbroa gure gorputz biluzien maitale bilakatzen zenean, ilargiaren bakardade zurbilean erratzezko poemak idazten genituen garaietan. Gerora esploratuko genituen hondarraren bestaldean dauden eremuak ere.
Baina gauak oroimenen urezko erlojuetan isuririko malkoen kolorea aldatzen ez den bezala, denboraren begirada ere ez da aldatu zuen itzaletan. Orduan ere ez baitzenuten onartzen zuen bide zabalak mehatxa zitzakeen bidezidorrik, zuen ibai garbiak kutsatuko lituzkeen errekastorik. Zuen ibai uhobiak itxurakeriaren itsaso lohituetan kokatzen ziren ordea, eta bertako urak ezagutu eta azaldu araziz joan ginen bezain pronto hartu zenuten gu isilarazteko konpromezua. Ahaltsuenaren irribarreaz begiratzen zenituzten gure gorputzak erretzen ari zireneko minutuen taupadak, ohartzeke talde berezia ginela. Malutak maite genituela herriaren bularretan zuri lokarturik, suak gauaren begirada ilunean zipriztindurik, haizea euriaren txalaparta difuminatuan kolpaturik, akelarreak, eta batez ere, literaturaren gordeleku ezkutuak. Eta horrexek salbatu gintuen. Gure irudimenean idatziriko liburuetan, zaldi hegalarien soinetan ihesi egin genuen arrastaka, zuek gure gorputz kiskalduen erreparoan gozatzen zenuten bitartean. Ihes egin genuen, bai; baina zauri sakona geratu zen gure bihotz eta izpirituetan. Zauri zaharrak eta, batipat, amorrua. Amorrua eta mendeku gosea.
Ordutik hainbat urte eman ditugu isilpean gure haran eta itsas bazterretan gertaturiko guztiari errezeloz behatuz. Hainbeste maite genuen elur zuria arrotzek zikindu zuten bidegabekeriaren odolaz, ezin ikusiak erahil zituen geroago gure ahizpa lamiak, zenbait anaia etxetik bidali zizkiguten, iparraldeko haizeak hainbeste negar egiten ez duen lurraldeetara. Eta orbel erorien psikiatrikoetako hondakinetan herdoilduriko udazkenak ahazten doazenean, urteek beren ibilaldi luzea egin dutenean, berriro erre nahi gaituzue «krisi garaian bizi gara», «garai bateko literatur banda gazteak falta dira», «egoera kulturala oso bajua da», «idazle berrientzako plataformarik ez da sortzen»... eta antzeko txinparta sugartsuekin. Literaturaren faseak aipatzea asko maite duzue: lehenengoa underground eta literatura marjinalaren garaia izan zen, eta ordukoak dira oraingo idazle oparorik gehienak; bigarrena literaturgintza eta literatur aldizkarien garairik joriena izan zen, eta ordukoan sortu ziren aldizkari gehientsuenak; egungo fasea aldiz beheranzkoa da, krisi garai sakona bizi dugu, heldu gara gure parabolaren beheranzko kurbara, eta milaka abar. Errua norbaiti egotzi behar eta «Non dira idazle gazteak?», «Non dira idazle gazteak?» errepikatzen duzue behin eta berriz zerura begira bezala, lurrari egindako ebakietan minuskulaz idazten dena ikusi ere egin gabe sekula. Sakonegiak dira nonbait banatzen gaituzten zangak.
Jakin ezazue idazle gazteak lubakietan gaudela, eta azkenik, amore emanik, berauetatik irtetera behartu gaituzuela, gure lan oraindik osagabeekin, gure malko partituekin.
Norbaitek ea zergatik gauden lubakietan galdetuko du apika, ea zergatik gaueko trintxeretan. Begibistakoa duzue erantzuna bista ederdun itsu horiek: euskara da gure hizkuntza, begipuntuaren xedea; literatura gure ezinaren sostengu, itsaso ilunetara garamatzan untzia. Eta hori gutxi balitz, gazteak gara. Alferrak, ganorabakoak eta iniziatibarik gabekoak zuen begien miopiara. Idazleak eta gazteak. Nahasketa perfektua axolagabekeriaren eta baztertuen tiropean amaitzeko. Abandonatuen lubakietan. Horregatik bizi gara gauez, iluneko lan isilean, bakartian. Egunez zuek bezalako automata errobotizatuez mozorrotzen gara usu, eta zuen kaleetan ibiltzen gara batzuetan, zuek lakoak bagina bezala. Baina gutako inori begietara so eginez gero, aise nabarituko zenukete gure azken malkoak isuritakoan utzi zuen zain gorri urratua, gure lo ezaren lekuko. Aspaldi hilak ginela uste zenutenzuek.Edozuek hil ostean ginela sortzekoak. Gure akelarre dantzara etorri baino lehen aldeginak ginela uste zenuten. Oraindik jaio gabe hilzorian zegoen belaunaldia ginela.
Inoiz desiratu ez zenuten gaua gara; iluna eta arrunta, zuek lurperaturiko ilusioak berpiztera datorrena. Lubakietan lurperatu gintuzuen gure ametsekin, eta aspaldi zendu ginelakoan bizi izan zarete geroztik. Behin gehiago ordea, oker zeundeten. Eta itzuli gara: zuen krisi sakona gezur ederrez apainduriko krisia baino ez dela salatzera. Itzuli da hainbat urte lehenago hitz emaniko mendekua. Mendeku kulturala. Eta promesa honen erratzetan hegaka dator LUBAKI banda:
Idazle gazteak izan bagarela esateko, gauez lubakietan lan egiten dugunez nabaritzen ez den arren. Asko dira lehiaketetan sarituak, ehundaka zaurituak, milaka haien buruentzat soilik idazten dutenak, lehiaketen atzapar selektiboen urraduretatik babesturik. Zenbat idazle zapuztu ote dituzte sotanek eta ustezko intelektualek? Literaturak, espresabide den heinean, ezin onar dezake klasifikaziorik. Lehiaketen aurrean, liburuak, aldizkariak, fanzineak, poemak, ipuinak eta teatro saioak bultzatzeko premia daukagu.
«Non dira idazle gazteak?» galdetzen duzuenok, jo edozein instituziotako nahiz banketxetako sotorik ilunenetara. Han aurkituko dituzue gure liburuak, zaindu gabeko edizio zarpail errataz beteak, aire girotuaren hodi izoztuen pean hezetasunak hartzen dituen orri lizunduetan, han topatuko dituzue gure lubakietatiko irteeratan utzitako aztarna mesprezatuak. Non dauden idazle gazteon lanak? Sototan ez ezik, arratoien sabeletan usteltzen dira gure insomnioetan erein liburuak.
«Non dira idazle gazteak?» obsesiboki errepikatzen duzuenok ez bide duzue isiltasunaren meritua ezagutzen. Ez zarete ohartzen gure lana isilpekoa dela, baina ez horregatik garrantzirik gabekoa. Antza denez, asko dira gure honetan isiltasunak ematen duen heldutasuna erdietsi ez dutenak. Isiltasunaren sustraietatik sortzen baita benetako literatura. Eta guk isiltasunaren kobazuloetan etzanik iraun dugu, harik eta gure borondatezko morroilopetik irtetera behartu gaituzuen arte, gure lubakietatik ateraz denbora baino lehen agian, zuen gezur ederrak gezurtatzera.
Salatzera ezkerra eta eskuina, zentrua eta erradioa, diametroa eta perimetroa. Gure lubakiak ez dira sekula geometrikoak izango. Aspaldian nazkatu ginen zenbaki absurdoen terrorismo psikologikoarekin, eta ez dugu matematikaren esperantza trigonometrikoan sinesten.
Atzazalak zikindu ditugu lubakietako bideak irekiz.
Ez dugu sinesten. Ez gara inor, ezer. Gauak ezaba gaitzake bere lehen aharrausiekin. Ordea, idazten dugu.
Idazten dugu, engoitik existitzen gara.
Ez gara inoiz fidatu poemak akatu eta autopsia egiteko erabiltzen dituzten horiez, indiferentziaren bisturiaz literaturaren erraien konposaketa zehazki adierazten diguten horiez, formolezko ontzietan sailkatutako metaforen esanahia ziurtasun pairaezinez baieztatzen duten horiez. Ez gara inoiz fidatu. Enkabalgamenduak hipodromoetako kontuak zirela uste genuen guk. Sinestesiek, anestesiek adina ikaratzen gaituzte analisiaren kirofanoetan. Euskal kritika zirujauen esku dagoen bitartean jai daukagu. Zenbaitzuk hala nahiago luketen arren, poesia ezingo da sekula ardatz kartesiarren gainean neurtu.
Argitaletxeek baztertu egin gaituzte, udazkeneko parkeen bazterretara iparrak hosto hilak pilatzen dituen eran, ez dugulako izenik, hostoak garelako besterik gabe. Hostoa ni, hostoa hura, hostoak gu. Izanik ez izatea zilegi da nonbait. Ez ordea izenik ez izatea. Eta izan nahian badira ustezko edertasunaren azalkerian mozorrotzen diren izenak. Baina berez ez dira. Eta ez dugu izenik emango.
Norentzat idazten ote dugun lubakietan? Esan genezake geure buruentzat idazten dugula, geure lagunentzat. Esan genezake irakurri nahi gaituenarentzat. Esan genezake, urtean behin eroarena egitea zilegi dela uste dutenentzat. Esan genezake, urtean bi aldiz eroarena egitea haizu dela uste dutenentzat. Esan genezake erotuta daudenentzat. Esan genezake bi hankatan ibiltzen direnentzat edo itzalpean egonik argia maite dutenentzat. Esan genezake anbulategietako aulkiak zenbatuz heriotzari itxaroten diotenentzat, beren burua jasan ezin dutelako jendetzan errefuxiatzen direnentzat, inork entzun ezean hitzek zentzurik ez dutela dakitenentzat. Esan genezake. Baina gezurra esango genuke ia beti. Eta ez ditugu gezurrak maite.
Ez dugu idazten gure odolean dauden hitzen bolumenak gainezka egiten duen arte. Horrela, lan bakoitza oihu bat da, irakurketa bakoitza mozkorraldi bat. Agian ez genuke gehiago irakurri eta idatzi behar, gure osasunak eskertuko liguke. Baina behin eta berriz erortzen gara bizio zikin horretan. Bizitzen edo hiltzen ikasten dugunean utziko dugu ausaz albo batera literatura, seriotu egingo gara, heldu, armagintza trafikora edo politikara dedikatuko gara.
Poesiaren bila ihardun dugun arren ez ditugu arrosak guk asmatu. Eta arrosetan ez ezik poesia aurkitu dugu aldamioetan ere, orubeetan, zentral elektrikoetan, gasaren instalakuntza izorratuetan, berrehun hitz bakarrik esaten dakizkiten ijitoen txaboletan. Berrehun hitz, bizitzeko lain eta gehiegi direla dakitenen txaboletan.
Hau da gure taldea. Krisiaren gezur laisterkaria bahitzera datorrena. Hainbat lelokeriaren oihartzunaz horditurik bere ahotsa argitara atera beharrean aurkitu dena. Han hemenkako lubakietan gorderik dauden idazleak beren ezkutalekuetatik atera eta fronte berriak irekitzera gonbidatzen dituen banda. Kolaboratzaile berriei irekita dagoen banda. Lubakiek ez baitute aterik noraezean dabiltzan saritu nahiz zaurituentzat.
Konturatuak gara aspaldi aipatzea hainbeste atsegin duzuen literaturaren krisiaren fundamentu ezaz. Pentsatzen hasiak gara ez ote zareten zuen krisi imajinario horretan gustora sentitzen. Egun literaturan basamorturik baldin badago, zuek desierto deklaratzen dituzuen sariketen basamortua baino ez da. Ohartu gara zuek ere ez dituzuela zuen gezur apainduak sinesten; krisirik balego ere, konpontzeko isilpeko lana egin beharko bailitzateke, gauez irakurri eta idatzi, lubakietan egin ohi dugun moduan. Ez ordea zuek azken aldian gehiegi maite duzuen literaturaren gaineko literaturaz jardun: fundizioetan egiten den literatura horretaz, altzairuzko metal-literaturaz. Edo metaliteratura idazten al da? Jakintsuok! Metabelarrak ba al du zerikusirik literaturarekin?
LUBAKI bandak ere badu metarik. Gure meta jendearen sentsibilitatea aldatzea da, baina aitortu behar jendeak sentsibilitate gramo pare bat izatearekin ere konformatuko garela oraingoz. Irakurtzen dakien jendeaz ari gara, noski. Irakurtzen irakastearena ez da gure kontua. Ura eta sua belaunetik behera edukitzea komeni dela esaten da sarri, ordea egungo gizarteak, ura eta sua ez ezik, sentsibilitatea ere belaunetik behera dauka. Eta belaunetik behera edukitzen diren gauzekin arrisku bat dago beti: ostikadak emateko tentazio handia.
Beti lainotuta dagoen zerura begira dauden irakurleen lepoek beren paparraren pean egiten dena ere jakin dezaten nahi genuke, liburuen solapetan dotore ageri diren idazleez gain, hain fotogenikoak ez diren literato orbanduen aieneaz noiz edo noiz ohar daitezen, lubakietan utzi ditugun isiltasun urratuaren pusketak topa ditzaten, urtean behin bederen, hiriko periferiarat paseatzera doazenetan.
Orain badakizue non gauden. Lubakietan bizi gara, zuen eskuetatik at eta urrun, eta gure bila saiatuko zareten arren, nekez aurkituko gaituzue inoiz. Gutxien espero duzuenean azalduko gara, edertasunaren hilobi profanatuetan, itzulpen negargarrien ibaietan itotzen, amesgaiztoek utzitako aztarna mingarrietan, bihotzetako leiho barrotedunetan. Gauaren klandestinitatean idazten dugulako, loaren makinaria bortxatuz, isiltasunaren eta zarataren, infernuaren eta zeruaren minutu neurtezinetan.
Eta itzuli gara. Desehortzi dugu gerra aizkora. Urteetan huntzak kamustu duen aizkora. Eta krisiaren zuhaitz imajinarioa ebakiz sutuko ditugu gure leizeak, kana erdiko izun horien ezpalez argituko gure akelarreak. Eta dantza egingo dugu. Idazle zaurituen dantza txarrantxazko hesien bi aldeetara. Ez bi aldeetara bakarrik, txarrantxazko hesien gainean ere bai. Isiltasunaren dantza. Dantza egingo dugu hankutsik oinak odoldu arte. Eta besterik ezean kandelak piztuko ditugu, literaturak gure oinen odol arrastoari jarrai diezaion, gu bere pauso ezabatuei atxikitzen gatzaizkien eran.
Eta bagatoz, orri zirriborratuez mukuru gure karpetak, gure idazmakina herdoilduak besapean hartuta, atzazalez lurra urratuz, nekearen zauriak soinean eta urratzeke dagoen bidea gogoan. Bagatoz, bai. Lubakietatik barrena.
|