|  
              
               
 
 
Iñigo Iruretagoiena
 
 
 
                            Gosea ernetzen da 
 
                     zure suzko landa kiskalietan
 
              Eguzkia erre-ge koroatu dote barearen erre-
 
       suman eta antzu bilakatu da zure sabel emankorra 
 
 Haizeak zeharkatzen ditu zure zeru hutsak eta tatuaiak 
 
 marrazten dizkizu azal beilegian bere joanean dunekin
 
arralde gabeko itsas zabaleko uhin lehergaitzak jolasean
 
     Faraoiak eta euren sekretuak iparraldean utzi eta haizea sabanako 
 
        zuhamu bakanak orraztuz eta ortzemuga zuzenaren alferrikako ehizean
 
                                   ibiltzen da baso hezeek miseriak eragin malkozko 
 
                                        ibaiak eta zingila odoleztatuak dautzan
 
                                          oihanetara iritsi arte non negua
 
                                          erbesteratu bat den gero berriz
 
                                            zuhamu bakanen lautadetara
 
                                            itzultzeko eta basamortu                   Af
 
                                            deslaietan amaitzeko dunen              ri
 
                                                  bizkarretan marraztu                 ka
 
                                                     itxaropenarekin
 
                                                      amets egitera.
 
 
 
 
 
 
 
Azken eguzkiloreak 
 
Faraoiekin hobiratuak izan ziren basamortuen enigman 
 
Ra ahalguztidunak idortu zuen zure bihotza 
 
Itxaropenaren jauregia eraiki hondarraren bizkarrean
 
Kontzientzia eta zoriona erbesteratu zituen hegoaldeko haizearen besoetara baina 
 
Argitu dezagun zure sekretua eta bizitzarena zure zainetan
 
 
 
 
 
 
 
Uztarria zaman 
 
kateak oin eta eskuetan 
 
errotik erauzi eta karriatuak arbasoen lurretatik 
 
azukre-kainabera kotoi eta kafeen landa zabalen amesgaiztora 
 
zaharoaren oinetara makurtutako hegorik gabeko destinuak 
 
giltzaz aska ezinezko katez 
 
estu lotutako zakur amorratuak 
 
heriotzaraino esklabutzara kondenatutako gizon-emakumeak 
 
giharreen prezioan saldutako bihotzak 
 
maitasuna, gorrotoak, ametsak... bihotz osoak
 
gizaki izatea ukatu zitzaien eta 
 
bizitza ezagutu ez zuten arima nekatuak
 
 
 
Amaren bularra utzi eta 
 
etsaiaren zakila hurrupatzera behartutako haurtxoak. 
 
Jainkoaren fotokopiadorak gu baino ilunagoko kopiak egin zituelako 
 
Azal beltzaren azpian bihotz garbirik egon zitekeela pentsatu gabe 
 
abereei bezala 
 
goritutako burdinaz markatu zizkieten bular eta besoak
 
 
 
Eta hauen izerdiaren urrez beteriko galtza txuriek 
 
borrokarako zuten besoa moztu eta lanerakoa soilik utzi zieten
 
 
 
Eta besamotz hauen maitasunetik lore beltz bat jaiotzen zenean 
 
azken arnaseraino egin beharreko bidea 
 
idatzia zuen dolar mordo bat baino ez zen izanen 
 
Atsedenik ezagutuko ez zuen gorputz zaildua 
 
atseginik gabeko oinaze agurtezina 
 
kartolek mugaturiko begirada eroria besterik, ez zen izanen
 
 
 
Eta gauak galdetuko zion egunargiari: 
 
Zergatik ezin dute denek batera mundu zapar bat osatu 
 
elkar zapaldu eta suntsitu gabe, guk egina osatzen dugun
 
bezala?
 
 
 
 
 
 
 
              
              |