Josu Goikoetxea
Iparretik hegora
Erosi berri diodan atlas haundia
Zabaldu du umeak gauean
Eta andere afrikarrak
Eztul egin du
Orriak geldiro irentsiz
Koloreak ezberdindu ditu
Eta herriak eta ibaiak
Eta andere afrikarra
Galdua eta egarri da gauean
Eta mendiak basa eta hareaz
Dira eginak munduaren liburuan
(Umeak hala ulertu du)
Eta itsasoak nonbait bukatzen ei dira
(Egia, umeak ikusi du)
Eta andere afrikarra
Noraezean kalerik kale
Iturrira hurbildu da
Iparra goian dago
Hegoa behean
(Bazekien hori umeak)
Iparretik begira
Hegora jarri da
Eta andere afrikarrak
Ez du jadanik urik nahi
Beldurrez da gauean
Eta gorantz begira, hala zegoela
Urruneko ume baten hatz txikia
Sentitu du bekokian
Min eta negarrez hil da, jakin gabe
(Afrika dio umeak
Afrika gustatzen zait)
Eta loak hartu du
|