L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<susa3024>— Susa-33 / Afrika, suzko gezia (1994-abendua) —<susa3026>




 

 

—separata—

 

Malko berriak andere zaharrentzat

 

Mia Couto

 

Anunciaçao andereak egunkaria irensten zuen, goizean goiz. Ez zen pausatzen munduko albisteetan, mundu hori zeina bi sail singleetan zatitzen baitzuen: hangoa eta hemengoa.

        Esku gihartsuekin zabaltzen zuen goizekoa hileta iragarkien orrialdean eta argazkietara begiratzen zuen ea ezagunik hil ote zen. Zuriak bilatzen zituen. Gehienak ezezagunak zitzaizkion arren, bere arraza berekoa izate hutsak eta hil izanak benetan ezagun zituela uste arazten zion.

        Bere ahizpa Vitorinha, are zaharragoa, ez zen berriez kezkatzen. Bere begiek ere balioa gailendua zuten. Anunciaçao zen hildakoen albisteak helarazten zizkiona. Xehetasun paregabez deskribatzen zuen hildakoen itxura fisikoa. Bere hitzetan, denak bihurtzen ziren xarmaz beteak, aurpegiera onbera eta begi urdinekoak. Vitorinhak, zeinaren erabilera gabeko begiak benetan urdinak baitziren, kontakizun hitsak entzun eta malkoak isurtzen zituen:

        — Errukarriak gu, Saozinha, gero eta gutxiago garenak.

        Hiletak laguntzeko bakarrik irteten ziren etxetik bi atsoak. Lutoz jantzirik, auto zahar batean jarraitzen zituzten. Anunciaçao gidari, Trabalho abenidako oinezkoen zoritxarrerako. Behinola, arreta galduta, hilerria pasa eta Zoologikoan parkeratu zuten. Baita sarrera erosi ere. Vitorinha zurrumurruka, «hau gero eta okerrago dago, egunen batean ordaindu beharko dugu baita...». Ez zen esaldia amaitzera iritsi: lehoi goseti baten orroak eten zuen auhena. Anunciaçaok hain azkar egin zuen ihes, ezen une batez ahaztu egin baitzitzaion ez zela bakarrik etorri. Ondoren atzera itzuli zen, jakinik jada non zegoen, Vitorinha belaunikatuta aurkitzeko, debozioz errezatzen, hartzen kaiolaren parean, Moreiratarren hilobia, gerora berak esango zuen bezala.

        Zer gertatuko eta, hainbat egunetan jarraian egunkariaren seigarren orrialdean ez zutela aurpegi 'ezagunik' inprimatu.

        —Orain ez da inor hiltzen, Vitorinha, ikusten?

        Eta atsoek neurotikoak bihurtzen hasiak, euren ibilaldi zeremoniatsuetarako ziorik gabe, ezin izan zioten harridurari eutsi iragarkia azaldu zenean:

        —Hemen badago bat! Vitorinha, presta zaitez lehenbailehen, aireportura goaz eta.

        —Aireportura?

        —Jainko maitea, hau burugabekeria. Hilerrira esan nahi nuen.

        Eta presaka abiatu ziren, hileta ez galtzearren. Bidean, Vitorinhak, jakinminez:

        —Pertsona... ezaguna al zen?

        —Hala zen. Penagarria, hain gaztea.

        Eta zoritxarrekoa deskribatzeari ekin zion: printze bat, begi urdinak, aho handia, irribarre ederra. Vitorinhak buruaz baiesten zuen, zeruko injustizia gaitzetsiz.

        —Hobe Jainkoak gu lehenago eraman izan bagintu, neska.

        Hilerrira iritsi ziren, loreak erosi zituzten. «Ene, a ze dirutza eskatzen duten dozenerdi basaloregatik», purrustatzen zuen zaharrenak. Anunciaçaok mugitzera bultzatuz:

        —Badira zenbait gauza merkezurrean ibili ezinekoak, neska.

        —Eta nik zerbait esan al dut ba? Baina izan ere...

        Eta euren pauso motzaz, aurrera gutxikoaz, talde urri batera biltzen hasi zien, hilobi bat inguratuz pertsona maitea agurtzen zuena.

        Errespetuz eta zuhurtziaz, Anunciaçao anderea bertako batengana hurbildu zen eta ahapeka galdetu:

        —Koitadua, hain gaztea. Noren semea zen?

        —Mucavele-ren semea.

        —Mucavele?

        —Bai, Fabiao Mucavelerena, kutxaren ondoan eserita dagoenarena.

        Anunciaçao andereak eskerrak eman eta listuz busti zuen eztarria. Mucavele? Baina orduan egunkariko argazkia, hain argia, gazteak zuria zirudien. Akats bat tintaren inprimaketan ala bere begiek Vitorinharenen bidea jarraitzen zuten?

        Iruzurra azaldu nahi izan zion ahizpari, baina isiltzea nahiago. Vitorinhak, gor-gor eginda, oihuka hasiz gero bakarrik entzungo ziokeen. Doluminak eman gabe aldegitea pentsatu zuen. Baina, bapatean, ahizparen aurpegira begiratu eta malko lodiak ikustean, tristura handi eta gordezina sentitu zuen ehorzten ari zirenagatik. Eta negar egin zuen, ezagunen hileta batean inoiz ez bezalako benetako maikoz.

        Gaur oraindik Mucavele sendiak galde egiten du bi atso zurien presentzia arraroaz, eta are gehiago, nolaz egon ziren, zeremonia ostean ere, elkartasunezko otoitz sakonean hilobiaren ondoan.



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.