Editturiala
Ttuttualariak
Tira ba, azken boladan plazaratuko ginela behin eta berriro mehattuka ibili bagara ere, ez dugu uste askok izan duzuenik gertakizun ttuagarri honen berririk. Betikook bai, jakina baietz, tokatu zaigun Euskal Herri petral hau mokero zikina baizik ez delarik, ahotik belarrira ematen bait diogu elkarri jazoera on eskasen berri.
Izpirittuz oso fuerte ekin genion gure asmo honi, baina euskal literaturaren mundutxo honetan, zenbat eta gehiago barneratuz gindoazen, gero eta oztopo eta eragozpen gehiago aurkitu genituen gure bidean. «Ez dugu sekula ere lortuko», esaten genion elkarri koarteltzat hautatu genuen tabernan. Azkenean, etsi etsian, bere burua urkattu zuen gure izpiritu zenak, eta horrela, agian, aldizkaria kaleratu dugu hala edo nola. Horra daukazue, gizajoa, aurkitu genuen jarreran. TTU-TTUA, beraz, izpiritturik gabeko noizotekaria da jaiotzetik.
Ez guri esan, mesedez, betiko galdera hutsalak: ea aldizkaria zergatik (horregatik), ea ttu-ttualariak nortzu garen (zuei bost axola), ea noiz eta non biltzen garen (ez gara biltzen, topo egiten dugu elkarrekin), etabar nazkagarri hori. Ohar soil bat egingo dizuegu: bizkaitarrak garela denok. Bizkaitar sutsu eta porrokatuak, alegia, baina ez ordea arrazistak. Tamalez, lehen honetan ez dugu Euskal Herriko beste eskualdeetatik hitz txintik ere jaso.
Beno, zer mila arraio!. Hemen gaudela eta kitto, behinola Bilboko Zazpi Kaleetan barrena, alkoholaren lurrinek eraginda, elkarri esan genion adoretsu, «ea zer irteten zaigun». Eta hauxe irten zaigu. Urten deusku. Ttua kulpa.
|