L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0 (1984-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Urtea hasteko soinuak

 

Txankar

 

—Orain, aitonari gustatzen zitzaiona kanta ezak —bota zidan aitak urte zaharreko orgia familiarrean.

        —Bueno, horra doa: Mesias, sarritan agindu zana, aingeru artean dator gugana... —hasi nintzen gitarraz lagundurik.

        —Ez duk erritmoa ondo egiten —zuzendu zidan izebak—. Polikiago duk.

        Egia esan, familiarengandik heredatu dudala esan daiteke abesti honetaz; lehenago, aitonari laket zitzaion; gero aitari eta, orain, niri gustatzen bide zait... musika, behintzat. Dena dela, gitarraz jotzeko ez dena, argi dago.

        —Nahi al dun gure karrozak kontent jartzea? —esan nion lehengusinari konplizitateaz— Entzun ezan kantatuko diedana.

        Aita eta beraren arrebak, orain dela urte piloa etorri ziren herritik Bilbora. Kostalde hartako hizkera, ez dute ez eta gazteleraz mintzatzen direnean ere. Ni neu, euskal abesti berdeari ari nintzaion ekiten... senarra jarri zitzaidan atzekoz aurrera eta nik, neskatilla gaztea, nola pasa gaua, nola pasa gaua?

        Anaia-arrebak, estrofa bakoitzaren amaieran, barre-algaraka hasten ziren eta, Santutxun geundelarik, Karmelo ikastolan geundela zirudien.

        Lehengusinak, bihotz bihotzez eskertu zidan honelako espektakulua.

        —Nire ama abesti erotikoak kantatzen, txo —esan zidan, desheredatu ez zezaten barregura disimulaturik.

        —Euskal abesti erotikoak esan nahi dun, ez da?

        Honelako errepertorioa bukatu zitzaidanean, Il y avait un jardin qu'on

appelait la terre, avec un lit de mousse pour y fair l'amour edo antzeko soinuen erotismoa gustatuko ez zitzaiela intuitu nuen eta familiaren etxetik irten nintzen.

        Santutxuko beste etxe batetara abiatu nintzen. Pizti zeharo nazkagarriak diren biologo pilo bat zegoen bertan. Ez zegoen gitarrarik eta, badaezpada ere, moluskuetaz mintzatzea debekatu nien, beraiek, mendekatzeko, euskal aditz-sintagmaren berri utzi ez zidatelarik.

        Bostetarako, goi-intelektualoi dagokigun modura, giroa endakaturik zegoen; Planet Earth is blue and there's nothing I can do zioen David Bowie-k.

        —Bost t'erdietan, parte zaharrean gelditu naiz —esaten hasi nintzen motelki.

        —Bazekiagu norekin geratu haizen, bazekiagu norekin geratu haizen! —hasi ziren guztiak kantatzen, musika gregorianoaz. Berriz ere, euskal erotismoa.

        Etxe hartatik irten nintzenean, hoy no me puedo levantar; el fin de semana me sentó fatal entzuten ari zen estereoan.

        —Berori profezia gerta ez dakizuela —agurtu nituen lagunak, beraiek nire betiko euskara kultua txalokatzen ari ziren bitartean.

        Arriaga hilaren ondoan itxadoten egon nintzen ordu laurden bat, etorri behar zuena agertzen ez zelarik. Dimanche sera gris, je ne vous verrai pas avant lundi soir ari zen insinuatzen Maxim Le Forrestier Arenaleko jaitik.

        Jadanik joateko nengoenean, Renault 12 batetan agertu ziren itxadoten ari nintzena eta beraren lagun bat.

        —Besteak, zain dizkiagu Mazarredon —zuzendu zidan— Neu bakarrik etortzeko asmotan nengoen —eta horrelaxe gogoratu genuen telefonoz hitz egin genuenekoa— baina honek ez dit gidatzen utzi izan. Horren mozkorturik nagoenik iruditzen al zaik?

        ¿Quién pudiera saber amar sin rendirse cuentas? ari zen oihukatzen Ana Belén etsipenean: Arenaleko jaia bukatzeko zegoen.

        Beste lagunak, Mazarredo kaleko kotilioi batetan topatu genituen, like a moon ligltt shadow.

        —Hi Juan Carlos haiz, ez da'? —esan zidan beraiekin zegoen neskato ezezagun batek.

        —Bai.

        —Ah! —erantzun inteligentea eman zidan.

        —Hementxe ba —gaineratu nuen nik, modo guztiz jatorrean.

        And just when you mean to tell her that you have no love to give her errezitatzen ari zitzaien Leonard Cohen bertako azken dantzariei.

        Handik, udaletxe ondoko tabernetara jo genuen, eta Juanita Reinak, ohetik altxatu berria, Maria de las Mercedes, no te vayas de Sevilla hitzekin martirizatu gintuen kafea hartzen ari ginen bitarte horretan.

        Azken heroiak etxera eraman genituen eta kotxearen jabea eta biok, bakarrik gelditu ginen.

        Nire lagunak, beste kafesne batetara konbidatu ninduen, Licenciado Poza kaleko taberna batetan, goizeko hamarrak izanik, buenas noches, bienvenidos, hijos del Rock and Roll Granadako ironia entzuten ari ginenean.

        Asuan, higarren kafea hartu genuen, oraindik ere logura handirik ez genuelarik. Neska zaharrak joaten dira Urkiolara mailukatzen zigun irratiak.

        —Zertarako ate? —galdetu nion lagunari katxondeoz.

        —Santuari eskatzera senar on bana —erantzun zuen tabernariak zintzo  zintzo.

        Korrika irten ginen tabernatik barrez ez hasteko.

        Azkenean, etxera ailegatu ginen eta, berriz ere, then she gets you on her wavelenght and she lets the river answer that you've always been her lover entzun genion Leonard Cohen-i, jadanik nekea jabetzen ari zelarik.

        Nire auzotegiko haurrak, betiko zarata egiten hasiak ziren kalean. Victor Manuel-ek, que tenia en penumbra nuestro rincón en aquel salón zioen bitartean. Lynn Anderson-ek, I never promised you a rose garden erantzun zion asturianoari umeak etxeetara bazkaltzera joan zirenean, eta guk, azken kafea hartu genuen.

        Arratsaldeko ordubietan, eguna bukatzeko, odolezko oheetan lo dugu egiten eta atzerriratzen gaituzten trenetako komunetan negar egiten gogoerazi zigun Benitok.

        —Urte berri on —esan zidan ilun nire lagunak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.