L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0 (1984-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Jantzia beltz, azala zurbil

 

J.A. Etxezarraga

 

Bere aldian, hain suertez ere, aldean hiru letratxo lerrokaturekin utzi genuen zurezko gurutze besanekatuonen noizean behinkako Domu Santu kolorge honek, gogora erakartzen dit lantzean behin, errukarriena etzela izan —nire haragi gaztearen dardar hark etzuen hala sentitu behintzat— arrezkero ahantzi ezin ahalean daramadan emakume haren heriotza.

        Kontatu nahiz isildu dudan guztiaren arren, egia esan beharko banu, eta gaur ez dut aitormenerako lotsaririk, nezezidade gorriaz, bizibeharraren premiak aspaldi mututu zuela herio beldurraren eztarria eta ez ginela horrelako zigor ezarri bategatik harritzeko modutan konfesatuko nizuke.

        Urruntasun neurtua mantentzea hobe zihoakigula ba genekien, eta behin arriskuaren amilezpainetara atzerik hara, «a tergo», bultzatuak egonik, gorpuen abandonuraino behartuak geunden senitasuneko kasuetan ere hurbilagoko bizion iraupenerako, heriotz izendatuen oihartzunak agintaritzaren morroi erakarle ziren-eta. Berehalaxe ikasi genuen etxeko uste genituen arerioek porbengai ezarritako eraso mingarriagoak ez zirela lurrarekin lautzen, ez eta lutuarekin estaltzen.

        Horrenbesterainokoan hezi gintuzten «galazoak» goizetik gabera. Bizi-hilak, hitzetan urri, akabuaren zain, adorerik gabe, ondamendiari nondik ihes egingo begira... gure artetik kantuz partitu ziren gudariak desesperazioaren hezira mugatuak aurkitzen zirela jakinerazi egin zigutenean hetxoekin.

        Etxetik hain horren urrun besteak eta, kasik gizonik ez zuen hemengo gure Galitzia honetan egotez, anparua eta arima bera ere gabezian faltaturik, ez zenuten errekaiaren aparteko eskasiarik. Subil nahiz abar barde sugaia, ezkutupeko errarietatik ateratzen zen garagarrogi zapal eta ezpaltsua baino hainbat ugariagoa zen. Baina «hombre, gizon, ikatza, carbón...» abestuaz hegazkada tarrazean karrakaldo beltzak bailiran, astelehen goiz batez ikusi zituen lehendabizikoz harrikatzez kargaturik gamezka zihoazten kamioiak, portu hartatik gora heurak, eta aurbehera jarraituz bera.

        Goizaldeko lauretan gorde zuen Lidiak normalean ateko zerrailbegia itsutzen zetzan giltza atariko harmailetako brintza belartsu batean, eta astelehenero legetxotxe, Karmelon gosez, egarriz —eta gartzelaminez azken batean— garbitzaile errikituen baldeetatik ur zikina edan beharrean aurkitu zitzaiola kontatu zion senarrarentzat astebarrenerako «maletea» sorbaldan drangalaka, zeharbideetako joana hartu zuen.

        Ezedukien ezjakinean, erdarari armei baino ikara gehiago zionez, Lidiak, bost ordutako oinbide bati heltzen zion, salbokondukturik gabe geratu zenetik geroz, aldameneko bailarako bide errezagoen bilatzean saiatzen baitzen, non bide bazterretako ur deposituen alboan geratu egiten ziren sarri sabel astuneko kamioiak. Sabel ilun eta bihurrien leihotz ulertezin begitantzen zitzaizkion kapot gorituak altxatzen zizkioten, eta baldekadaka asetu ondoren, hauts laino batekin auskan galtzen ziren. Paratxoke eta gurpilen arteko aho zabalek nekez irunsten zuten gehienetan amaigabe beti aurrean luzatzen zitzaien asfaltuzko mihina.

        Erdiprezioan, eskuka eta aterik ate salduaz ere, ikatzari irabazpide bidezko bat asmatzen zion, eta lehen begi-kolpean, aldi haietan horren urri korritzen zuen atrebimentu kontua bakarrik zela iruditu zitzaion. Bidertzean, dena galdurik zeukala labanki aipatuaz, eskeka agertu egiten zitzaion beste likits hari baino beldur gehiagorik etzion berriz, eta behin kinka higuin hortaraino ailegatu ezkero, goragaleen artean nahiago zuen askozaz ere hitz eta keinu batetik zintzilik etenurrenean egotearen ordez, kamioia martxan hartu, eta kamino ertzetara harrikatz zatirik haundienak eskuz oratu eta botatzea bidea bihurririk eta ilunen gerta zitekeen tokietan, saltuari espanturik gabe jeitsi egin, eta orpo okertua tarraztuz inoiz, zaku batekin belartza eta sasitzak arakatuz ale sakabanatuak desesperazioz bildu orain.

        Sentimenduen paradoxaz, oroimena ispilu laberintu bat baita Lidia, haurtzaroan orri, hezur eta guzti jaten zituen gereziak gogoratzen zitzaizkion Beti apartaezinezko amets ziklikuaren antzo. Harrikatz bihotz beltz eta mila tamainakoak, momentuko nahaspilean, topatzen zuen guztiarekin batera biltzen zituen zakuetara, eta indargearen ahalez binaka etxeratzen zituen. Bata eraman, bide arlo bat egin, zaku bat ostendu bestea ere ondoren bertaraino hurbiltzeko, bideak unerik larrienean birritan eginaz, eta berez izotz zurdea baino zurbilagoa zuen aurpegian arnashestuaren gorria eta ikatzaren beltza janztzen zituenean, «galduago noiz» egiten zuen bere baitan. Bihotzaren taupadez izuturik gerrirainoko izerdiarekin apatzetan aurrera egin beharra zeukanean, animalia uxu bat zela pentsatzen zuen, baina askoz ere tristeagoan, batez ere tristezia mortalez ihesean lepaka ez zuenean bereizten aldean zeramana zama ala pena zitzaion.

        Kamioi hark, antza, ez zekarren bere estalkipean esateko ikatzik, eta umeteriaren ustez, ohizkoa baino abantza arinagoz ekin zion lehen aldapari herritik pasakeran. Algaraka segitu zioten atzetik metro batzutan, eta abiadari jarraitu ezinean, abioika jolasten geratu ziren miresturik hauts-lainoen artean hain gutxi irauten zuen erregali hartaz gozatzen. Seguru asko, jantzia beltz azala zurbil, atzerik aitzina oratuko zion arineketan heldurik, eta kordelez hesturik zeukan toldoa zerbaitekin urratuz, barrualdera saltu egingo ote zuen egiten genuen geure buruetan.

        Aimemortu geurearen ondoko Oxinbaltz deposituaren parean geratu zenean kamioia, motorra amatatu egin zuten, eta orduantxe entzun genituen lehen arnashoska itoak, agoniazko ausi nekosoak. Fusil dizdiratsu bana eskutik kendu gabe, alkondara zabalen sostengurako zintxa gurutzatuez jantzita kabinatik jeitsi ziren soldadu bik, toldoa apartatuz, atzekaldeko kartola beheruntz askatu zuten birao garbian. Karga gabeko hegal batean, oraindik gorri ziren odolbatu hatzuk eta azal zurbil bat erakusten zuen jantzi beltzeko emakume batek, Lidia izan zenak, ahoa bitsetan zeukan zakurtzar bat besarkatzen zuen itoa-halean beste defentsa isilik ezin buruturik itxuraz. Biak ere konortea galtzearen atariko kantzazioan pausaturik zeuden.

        Lidiari besoetatik tira eginaz zakurra bere besartetik askatzeko ahaleginak egin zituzten alferrik, kamioi gainetik lurrera biak jaurtiki ondoren ere. Aldameneko kartola bati loturik zegoen zakurraren katea tiragoan jarri zen, eta bere itoaldia larriagotzen zionez mauser kulatakazo batzuk eman zizkioten Lidiari. Zakurra, begiak betzuloetatik kanpo ia, izerdi hotzetan zegoen, eta bera, jantzi beltzaren ipingietako tarrataden azpitik odola zeriola, nagi, more, lodi.

        Kamioikamara igo zuten bien artean, belarrien arteko larru mugikorra eskuaz laztanduz ur apur bat eman zioten hortz arteetatik, eta kate gabe utziz gero aurrera egin zutenean, gure bistatik galdu arte itxaron genuen bada ezpadan. Amental baten laguntzaz besartean eraman genuen, baina etxera helduaz batera zaurietako hautsa garbitu genionerako hil egin zitzaigun, kasik odola oskol egin baino lehen. Errukarriena, nolanahi ere, etzen horren gazterik hain trantze tristean hil egin beharra. Laranja urez garbitu genituen elur bular haietan pentsatzen dut gura eztela, eta bere azal zurbilean erpek egin zuten triskantzan. Hamalau urte haiekin sentitu nuen dardara berberak lokatzen nau oraindio Domu Santuoro.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.