Gidatzailea
Iñaki Bernaola
...liluragarri ikusten duzu Donostiako zerua, izarrez beterik, eta jarkinezinezkoa Kontxa aldetik paseiatxoa emateko tentazioa. Dena dela, kotxea hartu orduko autopista-tunel iluna besterik ezin daiteke espero.
Ordu bat geroago hirian ezer egitekorik ez dagoela erabakitzen duzu eta, kotxeruntz abiatzen zara. Jezarri arte ez zinen jabetu gorputz eta gogoaren nekeaz. Lasaitzen saiatzen zara, ordu batez bakarrik gidatu behar duzula pentsatuz. Burgosetik egindako bidaiaz oroitzen zara, beste lagun batekin, eta nola bere elkarrizketaz baliatuz loak harrapa ez zintzala lortu zenuen, baina orain ez duzu lagunik, mintzatzeko, eta ez irratiarik ere.
Suposatzen duzunez, tunel baten barruan egotea bezalakoa da Bilboko autopistatik ibiltzea. Ez zaizkizu batere gustatzen autopistak, egunez pasabide, eta gauez tunelak baitirudite. Baina etxeratzeko modurik arinena denez, onartu egiten duzu haien prezio garestia ordaindu eta haien tristura amaigabekoa nozitzea.
«Ordu luze bat besterik ez diat gidatu behar...» berriro errepikatzen, diozu zeure buruari urduritasuna lasaitzeko asmoz. Gezurra dirudi orain igarotzen ari zaren bide berean ordu batzu lehenago egon zarenik, eta areago hemendik bizpahiru kilometro Igeldo, Mendizorrotz eta horrenbeste paisaje liluragarriak aurki daitezkeenik. Dena iluntzen da, grisatzen, uniformatzen autopistan.
Zertarako balio ote du pentsatzen duzu tunel baten barruan beste bat ipintzeak? Zertarako erderazko letreroa «luz de cruce», tunelean sartu baino hogei kilometro lehenagotik piztuta badaude? Zergatik bestea Atención a su luz? Itzalirik dauden badaezpada ote? Eta itzalita baleude nola ez konturatu?
Bapatean susmatzen duzu pentsamendu hauek lojika handirik ez daukatela eta kristoren beldurra ematen dizu hortik ondorioak ateratzeak. Aspaldidanik dakizu buruak begiek baino lehenago huts egiten dizula. Gelditu beharrik? Ez duzu uste. Hala ere zerbait entretenigarriz oroitzen saiatzen zara, erdizka bakarrik lortu arren. Kilometroak zenbakiei begiratzea, uste bezain laster joaten ez direla badakizu ere. Gogorrago zapaltzen duzu azeleradorea. «Kilometro bat minutu erdi. Berrogei ta hamar kilometro hogeitabost minutu edo gittiago agian...»
Hirurogeitalau zenbakia agertu da zure aurretik, eta desesperatzen hasten zara, zenbaki bera lehen ere pasatu dela uste baituzu. Egia esan ez zara batere gai, goizeko hiruretan, ikusten dituzun zenbakiak gogoratzeko. Badaezpadan bi eskuez hartzen duzu bolantea, begiak ondo ireki eta arinago ibiltzeko prest.
Baina hirurogeitalau zenbakia hirugarren bider ikusten duzunean, izugarrizko ikara sartzen zaizu gorputz osotik. Oraintxe konturatzen zara lotan ari zarela, edo hobeto esateko, lo egiten ari izan zarela. Zeren loari buruz zerbait pentsatzeko, itxarrita egon behar. Eta lotan ez bazaude, nola ba?
Hirurogeitalaugarren kilometroaren zenbakia berriro ikusteak kentzen dizkizu berehala duda guztiak. Ondo ulertzen duzu azkenean nola aurkitzen zaren. Ahalegintzen zara hau bezalako kasuetan zer gerta daitekeen asmatzeko. Zerbait irakurri duzu baina orain gogoratu ezin. Arraroa baina ez duzu ezer antzematen. Gorputzaz ez duzu informazio zehatzik, sensazio globala kenduz gero. Begi eta burmuinez bakarrik jabea, edo behintzat jabea zarela iruditzen zaizu. Berriro hirurogeitalau zenbakia eta berriro, eta berriro. Negar egin nahia edo antzeko zerbait sartzen zaizu bapatean. Negar egin zu zeugatik, eta otoi egiten duzu espero daitekeen gauza bakarra ahalik eta arinen datorren: Iluntasun infinitoa, ixiltasun osoa, baretasun paregabekoa...
Baina orain autopista, zeure burua kotxe barruan eta hirurogeitalau kilometroa besterik ezin duzu ikusi edo somatu. Bapatean bururatzen zaizu nola gizakiaren burmuina minutu batzu bakarrik tardatzen den usteltzen hasteko, eta lasaitu egiten zara, zeuri ere horren irrikaturiko pakea berehala helduko zaizun ustetan. Minutu batzu, minutu batzu... zenbat eta gehiago errepikatzen duzun, hainbat eta esangura guttiago aurkitzen duzu hitz hauetan. Denboratik at zaudela konturatzen zara, eta unerik ttikiena infernua sentitzeko nahikoa baldin bada, zurea gero ta jasanezinago egiten ari... Posibilitate bakarra itxarotea dela ulertzen hasi, eta hortxe segitzen duzu, bolantea gogor hartuta, begiak ondo irekita, eta hirurogeitalau kilometroa behin eta berriro pasatzen ikusten. Badakizu momentu batetan kotxearen abiadura gittitu egingo dela, argiak pixkanaka ilundu eta zure aurrean agertuko den letreroan «argirik ez» esango bailuen, azken eta behinbetiko tunelean sartuko zarela, zeinetan amaigabeko espazio ilun eta ixilak inguratuko zaituen, zu zeu izateari utziz, eta dena ta ezerezarekin batera unibertsoa osatuz.
|