Eta gaur esan behar dinat
Bittor Uraga
Fase berri bat gainditua genuela esan ninan gure artean gertatua zenaren berri ezta gerta zitekeenarena ere sekula jakingo ez duten Bilbo erdiguneko ostatu hartako gizon-emakume zaratatsu haiek inguraturik zurezko eta lastozko aulki garaietan jezarrita geundelarik eta bai halaxe da eta zelanbaiteko kezka nabaritu ninan begietan jazoko zenaren beldurrezko ardura agian eta gaur bazekinat goibeltasun hura ez zela diru-makinak ateratzen zuen zaratak elkarrizketa galerazten zigulako sortua eta hire zigarro gorriaren mutur gorituak zetazko jantzi hain estu zeraman andre lodikote haren gona igortzi zuelako eragina zeren eta lehenengo egunekoa idatziko al didazu itandu didanean geroago mila bider ausnartu dudan zorionean hasi eta zorionean amaitzen duen amodiorik ez delako gogoeta horren iragarle agertzen baihintzen eta
Ni,
mila gerratan
esku hartu eta
garaile
irten naizen
hau,
amodioaren
mila infernuetara
jaitsi naizen
hau,
ez naun gauza,
begi diztiratsuoz
begiratzen didananean
eta
hire eskutxo ttipiak
nireetan
murgiltzen direnean
irauteko,
negarrik
egin barik
Ni neu
idatzi ninan plastikozko ajenda zaharkitu samar hartako erdi aldeko orrialdeetan zorroztu behar hain handia zeukan lapitz erabiliaren erabiliaz txiki gelditutako batez amodioaren itsumenean gauzarik gorenak bezalaxe baldarrenak ere idatz baitaitezke eta oso polita aseptiko batez ihardetsi hidanean bazirudinan betiko gordeko huela ezetz jakin ezean haurdun hengoela iradokitzen zuen jantzi zabal hartako eskuineko sakelean baina den gutxieneko adimenaz uler liteken gorde bai izkutatu egingo huela jazo den baina berriro jazo behar ez duen bidegaltze momentuzko baten oroigarri eta gaur esan behar dinat uztail hasierako arratsalde hartako eguzki hilkorraren argi iraungi gorriaren azpian esan hidan oporren ostean deituko dizut hura gora behera ez dudala jadanik hire deirik espero ikasi egin dudalako behin ezer ezera amilduriko amodioek ez dutela bigarren aukerarik izaten lur honen gainazalean bederen
|