Guztiok barruan daramagun erromantizismorako irrika nekez ezagun eta ia azalgaitz hori dela eta, beti daukagu istorioak etxetik urrun kokatzeko joera nabarmena. Horrexegatik dute amerikar telesaioek hain arrakasta haundia gure artean, edota hain urrutira jo gabe Marcial Lafuente Estefaniak Texas edo Californian kokatzen dituen heroi erraldoi eta tximistak baino azkarrago horiek ere. Askoz ere sinesgarriagotzat jotzen ditugu Jotaerreren kapela azpian goizez laranja zukua edaten ari den bitartean antzeman daitezkeen grina zeken eta ziztrinak, Euskal Herriko aintzinako olen hausterretatik merkatal inperioak eraiki dituzten hainbat entrepresarirenak baino. Hauexek dira grinak, garaipenak, azpijokoak, estualdiak, noela eta telesaio arrakastatsuak betetzeko saltsa gozoa azken batean. Baina tamalez, gurea oso bestelakoa izan da beti, kijotekeriarena alegia, eguneroko bizimodu eta gertaerei lepoa emate harroputz eta ero baten aitorpena, Fernando Amezketarraren xelebrekeria umelak edo Txomin del Regatoren umore negargarria.
Euskal Herrian kondatzekoak badauzkagula eta: Historiaren lerro bitarteko hutsuneak bete izan dituzten oinezko txapeldun izengabeen anitz egin eta pasadizo, hain zuzen ere; familien lotsak eta belaunaldien ahanzkortasunak lurperatu dituzten istorio sublimeak, hunkigarriak, gatzez beteak, gordinak. Guztiau bildurik eta amerikar erako zenbait marketing-ttanttaz zipriztinaturik, berriro berpiztuko genituzke irratian orain dela hamarkada pare bat modan egon ziren irratsaioak ("El hombre de la boina roja"; "Diego Valor", "Simplemente Maria"...), baina oraingo honetan benetako gertaerak kondatuz.
Badaezpada ere, ni hasi naiz neure familiaren historia dagoeneko biltzen. Oso lan neketsua da, halafedea, denborak ezabatu duenari senitartekoen gogoratu nahi ez ulergarri bat erantsi behar bait zaio, baina inongo premiarik gabe eta adintsuen ingurumariak jasateko pazientzia handi batez horniturik, neureganatu ditut pasarte solte batzu. Hona mamitsuenetako bat:
Gerra Zibila aurrean, euskal baserri aberats haien gainbehera zeharo bururaturik zegoela, nire familia herri barrura maizter bizitzera joan zen. Ezbehar hauek eta besteak zirela eta, alargun geratu zen nire arbaso bat, gizajoa. Sabelaren eskasiari haragiarena erantsi beharrean aurkitu zen beraz, eta egoerari etsi zenbait urtetan. Baina nola edo hala (nire informanteak iraina zeritzan xehetasun enbarazotsuak gogora ekartzeari eta) baserri bateko etxekoandrea bereganatzeko moldatu eta bere aseguru karnala eskuratzea lortu zuen. Behinola ohean zebiltzan biak alaitsuki, senarra lanean zebilelakoan edo, eta halako batean adardun gaixoa aurkeztu zen, aldez aurretik ohartzeko delikadezia izan gabe, edo beharbada erre usaina nonbait usnatuta. Logela, zorionez, goiko aldean zer, eta nire arbasoak, zorionez, leihotik jauzi besterik ez zuen egin behar. Hortaz, arropak harrapaladan erdi jantzi, leihotik eskeki eta behera! Baina aireetan zihoala gogoratu zen, berandu samar gogoratu ere, leihoaren azpi-azpian txizaputzua zegoela. Gainontzekoa ez dago esan beharrik. Senar adarduna usainak eraginda, eta nire arbasoa kaka usainak. Usaintsu atera zaigu pasadizoa.