L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y otras cosas de las Vascongadas (1983-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Amama Joxpa

 

Happy Birthday

 

—Gogoratzen zara amama Joxpari gertatu zitzaionaz, ezta?

        —Betaurrekoena? Ba, noski! Ez dakit ezer gehiago gogoratuko dudan baina hori ez zait ahaztuko beste mila urte bizi arren. Buratu ere!

        Agian beti bezalako eguna argituko zen edo behar bada ez; baina dena dela goiz hartan oraindik zuhaitzak laino hezez inguraturik nagiak botatzen jarraitzen zuten eta eguzkiaren berririk ez zuten jakin nahi. Ez nago zihur baina zakurrak ere erdi lotan jarraitzen zuten eta ez zen egunaren adierazgarri litzateen seinalerik nabaritzen. Bakarrik haizeak erritmo lasai baina zorrotz batean biziki astintzen zituen otzarak; haizeren zurrunbiloarekin zarata zikin eta ozen murmuiagarria ateratzen zuten.

        Halako batean, atariko ate zabal pisutsua eta narrasa lan askoz zabaldu zen eta aireak pausaturiko hautsean urratsak erdi lotan ezarri ziren, ordurarte entzun ziren zaratei adartxoren baten graskada gaineratzen zitzaielarik.

        Poliki-poliki eta erritmoa aldatu gabe urratsak ganbarako eskailerako harmailak igotzen hasi ziren eta gora iritsi orduko inguruneari begirada bat bota zioten. Beti bezala. Ez dago inolako aldaketarik. Dena dago bere tokian, gauak ez du ezer aldatu eta gustora onartzen da goizeroko berdintasuna. Gutxienez eguna lasaitasunez hasten uzten du.

        —Tomasa! Tomasa!, non zaude?

        —Bai, ama. Oraintxe noa.

        Urratsak bizkor jeitsi dira harmailetatik, oholak oinpean atera duten kexuari jaramonik egin gabe. Atariko ate erdi irekia zeharkatu dute eta gela ilunean sartu dira.

        Gauean hertsirik egon diren gela hoiek bezalako lizuntasuna dago airean, edo ustel usaina behar bada, haragia bertan behera lehortzen hasirik balego bezala. Nazkak eraginda edo, lehioa azkartasun harrigarriarekin zabaldu eta atso zaharrari so egin dio.

        —Zer nahi zenuen, ama?

        —Nola zer nahi zuen? Itsutu naizela!! Ez dut ikusten. Tomasa.

        Ahotsak doinua karrasi bihurtu arte aldatu du. Orain ez da oihu kexati bat, karrasi negarte bat baizik. Malko bizian dago. Lehenengo isilean ekin dio baina azkenean, burua galdurik, txilioka hasi da malkoak konturatu gabe isurtzen zituela.

        —Zer egingo dut orain? Ez dut ezer ikusten. Orain dena bukatu da, hurrengo heriotza eta kitto.

        Ba bai, hainbeste txilio eta karrasi bota ondoren eguerdirako dena ahaztu zuen baina osagilearengana eramateko kondizioz. Ordutik aurrera beti esan zuen gutxiago ikusten zuela, nik ez dakit egia zen ala ez, baina behin baino sarriago sagarrak ohosten geundela etorri zitzaigun harriak botatzeko asmoz eta hainbat irain aurretik bota zizkigula.

        Nire ustez bista txarrarena norbait berataz arduratu zedin zen, aspaldian zegoen heriotzari deika eta lanean ere aspertzen zen. Garai horretan hasi ginen amama Sopa deitzen, eta dena nire anai txikia oraindik Joxpa esaten ez zekielako. Hainbeste gustatu zitzaigun izen hori, adarra jotzeko egokiena iruditu zitzaigula. Eta ez guri bakarrik, auzoko ume koskor guztiak ere amama sopa gora eta behera zebiltzan.

        Esan dizudan bezala guztiz arduraturik zegoen bere bista zela eta ez zela, eta azkenean ere, bere alaba kuttunarekin okulistarengana joan zen.

        Guk kotxera sartzen ikusi genuen eta aspaldian jantzi gabe zeukan soineko berriaren barruan harro izkutatu ere.

        Ondorengoa zihur ez dakigu horrela izan zen edo herriko mihiluzeak asmatu zuten, baina guri esan zigutenez, betaurrekoak aukeratzen hasi zenean, herriko osagile gaztea aho zabalik utzi zuen. Gizarajoak ez zekien zer egin atso tentel eta gezurtiarekin. Eta dena amama Joxpari betaurrekoekin ikusi zenean "Hauek bai. Hauekin bai ikusten dela ongi!" esatea bururatu zitzaiolako. Eta zer betaurrekoak kristalik ez bazuten? Bera gustora bazegoen...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.