L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y va, le mata, y vuelve (1984-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Ipui deliranta

 

Bustizait II

 

Egia esan, dena gaur goizean hasi da, buzoia begiratzen joan naizenean. Eskutitz bat zegoen, eta etxerantza abiatu naiz irakurtzeko asmoz. Atea zabaldu eta eskutitza birbegiratzen nindoala, estalkia huts hutsik zegoela ohartu naiz. Nire izena, ezta bidaltzailearena ere, ez ziren agertzen. Eskutitza mahai gainean utzi eta pentsatzeko edo besaulkian eseri naiz. Nor izango zen igorlea, zergatik ezkutatu bere izena? Ezin izan dut denbora gehiago itxaron, eta eskutitza zabaldu egin dut. Barruko horria hartu eta... estalkia bezain zuria zegoen, mila deabru! Zer adar jotze zen hura? Humore txarrez papera mahaian utzi eta leihorantza abiatu naiz, goizeko haize leunez neure buru zorabiatua argitzearren. Gero, egongelako mahaiarantz itzuliz, papera eta estalki zuriak ikusita, eskutitz bat idaztea bururatu zait. Baina, boligrafoa eskuan nuela, gauza arraro bat somatu dut paperean, harrituta utzi nauen begirada zorrotza zirudiena. Bai, hantxe, paper erdian, begi baten antza zuen zerbait zegoen, begiratzen ninduen begi bat, begirik kentzen ez zidalarik. Izuturik, egongelako zoko batetara erretiratu naiz, zer egin ez nekiela. Gero, bapateko erreakzio batek kalera ihes egitera behartu nau, egun osoan ibili naiz hirian galduta, eta arrastian, guztiz abailduta, derrotatu bezala etxerantza joan naiz. Goizekoa aluzinazio bat izango zela pentsatu dut neure burua baretzeko, baina badaezpadan ez naiz egongelara sartu, begi ikaragarri harekin topo egiteko beldurrez. Pixkat afaldu eta berehala oheratu naiz. Nola edo hala lokartzea lortu dut, baina goizaldean zarata arraro batzu entzun ditut egongelatik zetozenak, apurka apurka destolestatzen ari den paper garraskotsa bezala. Paperetik irtetzen zen begirada gogoratu dut, eta hitzetik hortzera kezka izugarri bat jabetu da nitaz. Logureak oraindik durditurik, ixil ixilka egongelako ate erdi zabalirantza joan naiz, eta han, iluntasunaren erdian, paper garraskotsak pairaezinak ziren. Eta orduan, argia piztu dudanean, papera geldirik geratu da, ustegabean harrapua bezala, eta bere begi harrituak begiratu nau, nire presentzia itxarongo ez balu legez. Baina hasierako ezustea gaindituz, nire begirada txundituaren aurrean bere mutazioa burutzen jarraitu du, destolestatuz, behin eta berriro hedatzen. Mahai osoa betetzen zuen jadanik, eta destolestaketa berrien bitartez mahaitik kanpora zabaltzen ari zen, apurka baina erremedio gabe nireganatuz. Arineketan logelara itzuli naiz, atea kisketaz itxirik. Burua galdu beharrean nengoen. Atearen bestaldean, garraskotsak areagotzen ari ziren, krik, krak, krik, krak. Arraioa! Ihes egiteko biderik ez zegoen? Leihotik begiratu dut. Gauari laino itsaskorraren usaina zerion. Bostgarren pisu hartatik ez zegoen irtetzerik. Orduan, neure burua guztiz galduta ikusirik, honako hau idazten hasi naiz, inork bila baleza eskutitz hau, nire amaiera tragikoa nola izan zen jakin zezakeen... Atea ireki eta egongelara begiratu dut. Atea errotik aterata dago! Paper piloa atalondora doa! Instintiboki atzera egin dut, baina jarraian etxe sarreran oraindik dagoen hutsunetik alde egiteko ahalbideaz probetxatu nahian aurrerantza abiatu naiz. Begia nire asmoaz ohartu da, eta destolestaketak arinagotu egin ditu. Kanpoko atera heltzeko bost urrats falta zaizkidanean, garraskots izugarri bat entzun da, eta atzera egin behar izan dut paperezko itsaso hartan ez jausteko. Etxeko sarrera blokeiatuta dago, hau akabua! Logelara bueltatu naiz, erabat etsituta. Orain paperaren erasoak neure atean somatzen ditut, eta kisketaz badago ere, ez du horrela denbora asko iraungo. Animale gosebera baten antzera akosatzen nau paper piloak. Bapatean, zarata handiz, atea zabaldu egin da, eta paper tolestura guztien artetik begia agertu da, irribarrez. Gelditasun txundigarriz abantzatzen du, nire oinazea luzatu nahi izango balu bezala. Azkenean, paperaren ukitzeak goragalea sorterazten dit. Emeki laztantzen nau, usnatzen egongo bailitzan, irentsi aurretik. Ah! Hankak heldu dizkit, pixkanaka irensten nau, haren tolesturetan nola hondoratzen naizen sentitzen dut, eta gero hersten hasten dira, paperezko menditzar hura txikitzen doa, ah!, ezin dut idazten jarraitu...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.