Jaubesa
Fermin Eguren
"Toute chose, se par trop n'erre,
Voulentiers en son lieu retourne."
(Oker ez banago, ez da gauzarik
bere sorlekura itzuli nahi ez dezanik)
F. Villon
Mila laurehun da berrogei ta hemeretzigarren urtean, gizonen gerlek deitua, izurriteak gure herria astintzen zuen, haize buhada zakar batek zapi eskegiak astin ditzakeen bezalaxe. Gure etxean aho sobera izan eta, egun batez, amak beregana deitu eta esan zidan:
Haurra, gaixo haurra. Mundu latza gertatu zaizu bizi izatea. Berandu baino lehen, hartu fardela eta zoaz hemetik. Balbea duzu aurki hemengo jaubesa.
Min eman zidan eskari honek. Nire haurtzaro guztia igaro nuen tokia eta nire sendia horrela utzi behar izateak ez ninduen batere poztutzen. Olata batzuk eta arropa zarpail banaka bat zapi batetan bildu eta amak antolatu zidan behingoan fardela, fardel mendrea. Gizontzera nihoan urtetan eta ez nuen malkorik ixuri, nonbait aditua nuen eta hori ez dela gizonei emana, baina emazteki herabeei. Begiak busti busti zitzaizkidan horregatik.
Gure erresuma zeharkatu nuen, desertuan piztiek heuren buruak ibiltzera uzten duten soraiodura berdinarekin. Igaro nituen herrietan nabarmena zen izurritearen hatzaparra. Ikusi nituen piztiak hezur xurgatzen, lehendabizi okaztarazi egin baininduten, geroago ta ohitzenago nikoakien, ikusi nituen pietateak eta izuak lurrean egindako hobi erraldoietan gorpuak samaldaka eta nahasirik jaurtigitzen, okinaren laberako egur mokorrak iduri, baizik eta okina eskerga eta urrikalgabea dugula. Etxeak hutsik zeuden gehienak, eta jendea, biziaz etsiturik, zauta eta dantzetara emana zen. Bizitzeko itxaropenik ez duzuelako higatzen zarete bizi izatez, egiten nuen nik lege guztiak urratzeko lotsa ez ziren jende haietaz. Apaizen predikuek ere gauza grotesko ziruditen nahas-mahas hartan: damutzeko zioskuten, baina manera batez non irudi bailuke heurek ezeren damutuenik ez zutela, zautaliar suharrak izaten ziren baina.
Aldi hartan, burua aurrera ateratzea zen nire ardura bakarra. Urdaila geneukan denok erraldoia, eta zerbait eskuratzeko operak egin behar. Peripezia asko bizi izan nuen, denak jaulkitzerik ez baitago. Eskeiko ibili nintzen, jendeen urrikalmendua galdatzen, jaun poderos bezain errukigaberen ostetan soldadu lerrokatu nintzen, soldata irrikatzen, eta azkenik bandido aritu izan nintzen, oihanetako itzalaren seme, bidaiariei estrosadak eginez moltsa eta bizia gostura idokitzen. Egun, menturaldi guzti haietaz pentsatzen hasten naizenean, uste dut ez nuela egin ondo, damu dut, eta Erromarako pelegrinaldia egiteko zinaz behartzen dut nire burua. Asmo hori zaharra baitut. Bandido nintzen garaian adiskide bat bildu nuen, Françoys zeritzon, bitxia zen, zoli-zolia, eta edozeri ontzen zion gesu batetan zernahi kobla eta kantore, egundo ez baitut ezagutu gizonen hizkuntza hain bere eskuko ta esanera izan dezanik beste inor. Ona zen izatez, baina adiskide gaiztok tronparazita lapurketa handi bati lotu izan zitzaiolako bere sorterritik ihes egitera behartua izan zen. Françoys, esaten nion nik, horretan berdin berdinak gaituk, niri ere ihes egitera bulkatu nautek eta. Orduan parre egiten zidan eta Erromarako piaia amestua borobiltzen hasten ginen beste bandidoetatik prudentki bakanduta.
Asko urtez munduz mundu horrela ibili ondotik, egun batez bidaiari bat hatzitu genuen. Bizarra zuen aberats soilki, eta gurekin etortzera gonbidatu genuen. Ezin dezaket jaunak, holako herritan emaztea eta semeak ditut, eta lur sail gozatsu batzuk, ni noiz helduko begira. Ni ikaratu egin nintzen. Ahots hura ezaguna zitzaidan. Zein herri esan duk, galdetu nion, eta hark, holako. Hibaiaz bestaldeko gure auzoko Pierraren mustapilak ezkutatzen zizkidaten bizar haiek. Orduan, ezagutu ez nindezangatik ahotsa idortuz, kordoka halere, galdetu nion zakar: bizibiderik ba al zegok han ordea? Bai lana eginez gero. Eta gatxa? Gatxak gaiztoenak aldean hartu eta hanka egin omen dik. Aski zen, solasa luzatzerik ez zen komeni, bestela bere sagarrondoetatik sardeaz erauzten ohituta zegoen harako beste umekondo txatxu haren antza har ziezaiokeen eta ustekabean bidertzeko artearen adar goratik oihuka salbai batetan jauzi batez aurrean plantatu zitzaion beste haur handi honi. Bon, bon, ondo zegok, eta bide eman genion. Hurrengo egunetan haren hitzak baizik ez nerabiltzan gogoan, ez jakin zeri hel. Dudaz izpituta, Françoysi egin nion galde. Motel, izan zeitekek, izan zeitekek, betiko den gauzarik ez zegok, zorigaitzak ere badik muga bat. Izan zeitekek hire herria purgaturik egotea. Etsi egin nuen, aditu nahi nuenaz besterik ez nuen aditu nahi nik. Gure adiskidantzaren lekuko eta oroigarri izan zedin bertsu bat eskatu eta biharamonean etxekoengana itzuli behar nuela esan nion.
Eta esan bezala, bada, biharamona heldu zenean, eurt egin nuen, gibelean uzten nituen adiskide ta heriotza guztiak baino indartsuago zen indar errime baten esanera. Baratxe ekin nion, astiro, ikustekoak diren gauzak ikustearren ez da luzatu behar eta urratsa, ezer ez da berantetsi behar, eta ikusi gogo zaudena patuak ez ikustera zigortu bazaitu bere zigorbide txiurrez ez duzu esperantzarik egin behar, azeria bera baino bizkorrago bazindoaz ere. Gogoratzen dut gure aitak supazterrean maiz erranik, Ibicos zeritzon poeta haren historioa. Zakardian oldozketan zegoela bere barruko eta kanpoko gauzetaz, inguratu zitzaizkion ustekabean bandido zatar batzuk eta, ohostu beharrez, hil egin zuten. Haiztoak landatzen zizkioten denboran, aditu zuten harrituxe nola poetak bere mendeku-bidetzat une hartan berean zerua zeharkatzen zuen kurrilo aldra bat inbokatzen zuen. Eroa izan, egin zuten haren oihal eta paperak banatuta urrunduz. Egun batez, bandido berek, beste herri batetan zirela, ikusi zuten zeruan, goitik, kurrilo aldra burrundaratsu bat. Enparantza erdian baitzeuden, esan zuten irriparrez: "Begira Ibicosen kurrilo mendekatzaileak". Bertakoek aenigma eritzi zioten ateraldi honi eta preso altxatu zituzten. Tortura eman zieten eta heuren krimen gorria aitortu arazi azkenean. Hurrengo-hurrengo, urkatu... Hauxe da bada Ibicos zeritzon poetaren historioa, gure aitak hainbeste bider jaulkia non bai baitirudit haietako kurrilo bat naizela, erahilketa urrunera ikusi ondotik enparantzako eleak aditu nukeena. Hauxe da jainkoen ahala. Eta itzuri egin nahi izan behar ote natzaio? Horregatik ez nuen luzatu urratsik.
Igaro nituen herrietan bizitzak bere baitaratua irudi zuen jadanik, konorte galdu duen dontzeila xamur bat iratzarri ondotik baino ez gehiago kementsu. Hobiak estaliak zeuden, eta heuren gainetik garia eta hiltegietako behei okela odoltsua zeramatzaten orgak pasatzen ziren, iragana gurpilak igaroaraziren puruz ezabatu nahiz bezala. Kale harietan, hor-hemen, haurrek ziharduten, dostan, parre algaraz, ez baitakite gauza handirik munduaz infanteok. Lekoak eta lekoak ibili ondoren, arrastiri euritsu batez jo nuen etxea. Atarian ama aurkitu nuen, ezin igarri nolatan zekien itzuliko nintzenik. Barruratu eta kriseilu akitu batek ozta kasa zezakeen erditzalean aita ikusi nuen, beti bezala zegoen, aurpegi zimela, ikoldua, begirakuna lanerako erabiltzen zituen jostorratzak bezain zorrotz da diztiratsu. Haurrideak beti letxe, haur artean, zertxobait hazita izanik ere. Besarkada luzetan lotu ginen baina niri motzegiak iruditzen zitzaizkidan beti. Mosurik emateko ere ez nintzen libro, ihesi egiten zidaten eta beso artetik gauza ezebezen aitzakitan. Orduan pentsatu nuen urteek ni haientzat arrotz bilakatua ere izan zitekeela. Bizar usu bezain narratsa nuen, legez kanpo bizitu izan direnen manera zakarrak, haizto konkorgarri bat gerrian eskuaz estaltzen nuen nik artega, aztikeriaz-edo odola lerion beldurrez, hor-hemen itsuski bildutako aje putrus sail bat eta malezia aunitz: eta gauza guzti horiek seme batengan nabarmenen izan daitezkeen tokian eta jendeekin nintzen ni orduan. Amak, mintzatzeko lotsa bezala, irriño herabe batez otamen apur bat hartzera gonbidatu ninduen. Etsi egin nuen, ohituko gara.
Egun guztia platika iraungi eta herbal batetan eman genuen. Jabetu orduko, gaua zen. Apaltzeko tenorea ere iritsi zen. Inoren hitzek baino gehiago ohiturak bultza, mahaira jarraitu nintzaien. Nire betiko tokia libre aurkitu eta bertan eseri nintzen, nahiz da erreparoz da zimiko antzeko zerbaitez eseri, urteetan inork erabilitako soinekoa egun batez zuri janztea suertatu eta zure jite eman arteko deserosotasuna eragiten zidan eta. Ausarki zerien kea aurkeztu zizkiguten jakiei lehenago bezala, egin nuen, platerren mehetasuna ikusten ez uzteko eta aintzinate urruneko ezkena oroimenean lausotuxe bat berpiztera prestatu nintzen, haurtzaroko ezkena garunetan finko itsatsi bat halere, urtez lekutua baina ikus nezakeenez berdina. Aitak bere otoitzak esan zituen eta marmario debota zendu bezain laister eraso egin genien jatekoei. Orduan hasi zen betiko lehia, betiko baxera hotsa, haurren arteko ukondoka apenas ostondua, begirakun zeharrak eta itxura aizuneko armonia teinka ta presatsua, eta orduan ikusi ahal izan nuen berriro etxeko gelari zaharra, behesutik mahairainoko lanean amari lagun egiten, beti muxin, herrenka eta konkor, Petiri Sants zaputza... Jaten hasi eta minutugarrenean nik ez beste guztiek bapatean utzi egin zioten jateari. Haien begirada tinkaren pean amaitu behar izan nuen nik une bateraz gero haiek arbuiatzen hasi ziren janariak. Neke zen haien isiltasunaren erdian zurrutada eta mauka hotsak moteltzen, habarrots gaitza bailira entzuten ziren eta nire ahalegin guztiak gora-behera. Azkenean neuk ere uko egin nion amak eskaintzen zidan plater berriari, benetan nintzaienaz baino ezberdinago eta arrotzago agertzerik ez nuen nahi eta. Amak berak ere lehenago ohi zuenaz bestetara ez ninduen hertsatu gehiago jatera, eta besterik gabe, etxeko egun bakoitzeko bizitzaren hurrenkera galdu orduko berreskuratuari hutsik ez egiteko amoreagatik jaiki eta supazterrera bildu ginen aitaren atzetik. Han bakoitzak bere lekua hartu zuen eta eseri egin ginen, isilik, suaren aginduetara gauza iraganen sinponia abesteko prest. Mahaia eraiki ondoren ama gurekin batu zenean, gure aita bere ipuinei lotu zitzaien.
Lehenagoko aldietan bezala, isiltasun begirati batetan murgildu ginen haren hitzari leku egiteko. Lantzean behin oineztu batek gela argitu eta trumoi batek dardaratu egiten zuten haren haria etenaraziz. Ni, ikusten ari nintzena umetan ikusten ohitua nintzenarekin alderatzeari ezin itzuri nenkiokeen. Mihia lehen baino motelago antzeman nion. Trabatu egiten zen lantzean, istinga bat zeharkatzen balebil bezela. Ideien haria ere maiz galdu egiten zuen, erratu pertsonai eta ekintzen sarean. Bera ohartzeke, amari begiratzen ikusi nuen, holako keinu misterios batzuk elkarri gurutzatuz. Ikuskizun nekos eta tristea zitzaidan hura, estonagarria. Haurrak ere lehenagoko aldean arras bestelakotuak zeuden, suari tink begira, xortuak bezala, lehen jauzi ta putingo ta sosegatu ezina baino ez zirenak. Aitak aurrera jarraitu zuen bere ipuinekin, baina ekinago ta ezagunako hark bere artega, desgogara zebilen, nolanahika, eta bere begirakunek laguntza otoizten zioten amari. Hiregatik duk totelka guzti hau, egin nuen neure artean, eta errukiturik, ohera ere joan gintezkeela esatera joan nintzen. Baina hark ez zidan eman astirik. Ibicosen historioari lotu zitzaion. Isildu egin nintzen. Dena nintzen belarri. Huraxe zuen hark historio begikoena. Ezin zezakeen huts egin. Hasi zen jaulkitzen astiro, errotik menperatua den zerbait bezala. Suaren eroskaren pare zen bere berba. Larritu egin nintzen. Agorandu. Etsitu. Trabatu egin zen. Enparantzako eleak zeharo desitxuratuak atera zitzaizkion. Ene. Amaiera mikorik ez zuen oroitzen. Zimizta batek urratu zuen orduan zizta batetan gure ilunbea. Zerua eztanda horrible batez erdi zen. Zutitu nintzen desesperatuki eta atera nintzen abiadan.
Hura ez nuen aita. Hura ez nuen sendi. Hura, arestian bazterrik bazter mundua bere horzkada krudelaz dardararazi zuen jaubesa okaztagarriaren azken babesa zen.
|