Jainko bakartia
Bernardo Kapanaga
Nian erregeak "Ahaltsua" goitizenez ezagutua bere aita Suan "Handia" hil berriarengandik erresuma hedatsu bat heredatu zuen. Boterea hartu eta handik sarri, gorte guztia eta bere armadako buruzagiak batzarrerazi zituen eta ahots zoliz honela mintzatu zitzaien: "Nire agintaritzapean erresumau lurreko haundiena izanen da. Gudaleko guztietan garaipentsu, gure gudariek hodeiertz urrutia baino urrunago eramango dute gure bandera, lurrak amaitzen direneraino". Esandakoari jarraikiz biharamunean hasi zen hedakundea, bai ekialderantz, eguzkia sortzen zen tokia bilatu nahiz, bai mendebalderantz, non gaua eta ilunbea nagusi baitziren.
Menderen mendetan ez garaitutako armadak baserriak, hiriak, konterri txikiak eta mugakideko erresumak ere bereganatzen zituen. Nianek anartean, bere luxuzko jauregitik, asegaitz agertzen zuen bere burua lurralde guztietan, eta herrialde berriez jabetzeko agindua behin eta berriz eman ohi zuen, guztiz urrun eta abegigaitzak izango balira ere. Hain handia izan zen bere armadaren etengabeko aurrerapena ezen Nianek, bere koroapen urtemugako ospakizunean, gorte guztia birbatzartu eta jendetzaren goramenen artean bere burua enperadore izendatu baitzuen.
Denborak iragan arau, oztopo guztiak aldez edo moldez gaindituz, armada borrokan ekinaren ekinez inperio gazteari lurralde berriak gehituz zihoan. Nianen irrits amaigabeak bat baino gehiago ikaratu zuen, enperadorearen gehiegizko nahikari horrek Jainkoaren zigorrari bide emango ziolakoan. Hala eta guztiz ere urteak iragan ala arrakastak etengabe ugaltzen ziren.
Behin enperadorea kezkatu zuen mezu batekin Ekialdetiko mezulari bat heldu zen: Aurrera jarraitzea eragozten zion mendikate erraldoi batek armada geldierazita zeukan. Enperadorearen aholkulariak, inperioak lortutako lur eremu eskerga ikusirik, jabeketak han bertan beratu eta mendikate hura berezko mugatzat edukitzearen aldekoak ziren. Nianek aitzitik, bere putza zaurtuta sentituz, ezein ziogatik ere geldi ez zitezen manatu zien. Beraz, lazeria handiz, klimaren gogorra jasanez, armada inperialak lur ezezagunetaranzko bere migrapen astitsua berrasi zuen.
Ordudanik komunikazioak zaildu egin ziren. Halakoa zen burruka gunetik inperioko hiribururaino korritu beharreko luze-laburra berriak hagitz berandu eta zehazgabe heltzen baitziren. Enda ezberdinetako herrien kontrako guduez mintzatzen zen, baina zorionez jende haiek ahulagoak bide ziren burrukatzeko orduan. Konbatean bere gudariek izan zezaketen zoriak maiz kezkatzen zuen Nian enperadorea; hortaz, burrukatzeko kondiziotan zegoen oro biltzeko manua eman zuen. Jende berriaren gehitzapenari esker Armadaren egoera asko hobatu zen, gerla luzearen ondorioz anitz gizon bidean geratu baitzen. Harrezkero aurrerakada izugarria gertatu zen enperadorearen pozarako, zeinek herri guztia berriz ere bere aurrean bildu eta lurreko gizonik boteretsuena ez ezik bere burua jainkotasunez ere jantzi baitzuen. Herriak, Nian jainko ikusirik, haren aitzinean makurtu eta gur egin zion, beldurtuta.
Jainkotze egunetik aste batzu geroago Nian Ahaltsuak sartalderuntz bidalitako bataloien berri lehenengo aldiz jaso zuen. Mezulariak, tropen abantzua bapatean gelditu zuen zergatia kondatzean, ezin izan zuen bere aurpegitik beldur keinua eskutatu: Ozeano mugagabea kausitu zuten eta kondairak zioenez handik harat ez zegoen lur gehiagorik, inpernuzko leize bat baino, non ozeanoren ura urjauzi amaigabe batetan amaitzen omen baitzen. Enperadorea ezin haserrago zegoen, bera jainko izaki ezin egin zezakeen ezer izadiaren indarren aurka eta. Erabat suminduta, Nianek ezein oztopok ez zuela geldiaraziko oihukatu zuen, eta berak, jainkoa zenez gero, Armadari beharrezko zituzkeen untziak eraiki zitzala eta berehala ozeanora joan zedila agintzen zion, izango zena zelarik. Horrela egin zen, eta soldaduak, ondino beldurturik alegi zaharrek ozeano hura itsas-munstroz betetako leize batetan amaitzen zela kondatzen baitzuten, enperadorearen konplituz untziratu egin ziren.
Espedizio haren zortea jakiteko urte bat igaro behar izan zuen. Erauntsi handiek mezulari abailduak zioenez untzikoengan zarrada itzela piztu zuten. Gau baten tirainaren gurgura eta trumoien durundak hain bortitzak izan ziren non denok uste baitzuten lurraren amaierara hurbiltzen ari zirela, urjauzi neurrigabera zeinen ostean ez zegoen deus ere ez. Baina ordu ikaragarri haiek iragan ziren eta biharamunean oskarbi zegoen zerua, itsasoa bare eta irla batzu ere ikus zitezkeen han, urrunean. Bai, salbatuak zeuden, bidaia luzearen ondorioz untziek triskantza handiak sofritu zituzten arren. Egun hartan atseden ondoren, bidaia haren etorkizunaz eztabaidatzeko batu ziren. Espedizionariak ez zetozen batera. Batzuk aurrera jarraitzea erokeria hutsa zela zioten, jan emendio gutxi gelditzen zen eta; besteek aldiz atzera itzultzea hondamendia izango zela uste zuten, korritu beharreko urruntasuna lar handia baitzen. Gainera, nork esan zezakeen aurrera jarraituz gero ez zutela idoroko hurrago zegokeen lur berririk? Agian itsas-leizearena alegia baino ez zen, eta egia balitz ere, uste baino urrunago legokeela zirudien. Enperadorearen manua gogoratu zuten, beti aurrera jotzeko agindu zehatza, eta gehiengoak itzuliko balira agindutakoa ez egitearren Nianek zigortuko lituzkeela zeritzon. Beraz, untzietako lorrinak konponduz gero, berriz itsasoratu ziren. Eta patuak lur hurbiletaruntz gidatu zituen, kontinente berri batetaruntz, zein, bertan oina ezarri lekora, Nian Ahaltsuaren inperioaren manupera pasatu baitzen. Espedizionariek leku hartan inor bizi zenentz galdetu zieten beren buruei, izaki ezezagunez osotutako armadatzar baten erasoari beldur zioten, baina ez zen horrelakorik suertatu. Espedizionariak birbatzartu egin ziren eta kontinente haren aurkikuntza erakiteko untzi bat itzul zedin erabaki zen, eta bide batez gizon gehiago eskatuko zuten, lur basati haietan barneratzea sano arriskutsua izango zen eta.
Mezulariak, gortera heltzean, zeharo erotuta aurkitu zuen enperadorea, handikeriak jota, burua galdurik. Dirutza handia eralkiz jaiak eta orgiak etengabe antolatu ohi zituen, inperioaren giro dekadentea argi eta garbi erakusten zutela, bai eta Jainkoaren nagusitasuna bereganatu zuen enperadorearen irrits agortezina ere. Jaia frenesi bizian zegoenean, Nian, deihadarka, mendebalderuntz beste espedizio bat bidaliko zuela hitzeman eta berriz jaki oparoz eta luxu izarigabez inguraturiko bere triklinioan etzan egin zen.
Bigarren espedizioa kontinente berrirantz itsasora bezain laster Ekialdetiko berriak iritsi ziren. Beti bezala, berri nahasiak ziren, eta betiko kontuaz ziharduten: Tropak aurrera zihoazen atsedenik gabe zelai bukaezinetan zehar, itxuraz planeta hil bati zegozkion eremu idorretatik, konkista haren zergatia ez zekitela, abereturik, elur eta izotzezko paisaia aluzinagarrietan barrena, ibai eta itsaso izoztuak zeharkatuz, guztiz zoratuak, mundu bakarti eta isil harek bestelakaturik. Eguzkiaren sorrera bilatzen ari ziren baina beren aurpegietara zetorren haize jelatsu hura bakarrik topatzen zuten, bere oihuska zorabiagarriez erremediorik gabe zorarazten zituen haizeak. Ekialdetiko mezularia enperadorearen aurrean belaunikatu zen zentzugabeko konkista hura ahal zen agudoen amai zedin erregutu, oraindik bizirik zirautenak beren etxeetara itzuli ahal zitezen. Nian sumindu egin zen ostera, eta inbasioa jarraitzeko ez eze Armadarako oraindik jende gehiago biltzeko ere agindu zuen, gizon nahiz emakume zelarik. Gero, mezulariaren arrenkureei gorrarena eginez, agurtu egin zuen, bere manuak konpli zitzan esanez. Enperadoreak, egia esan, beste zerbaiten ardura zuen orduan, berarentzat egindako halako tramankulu probatu behar zuen eta. Besaundi mekaniko baten antzaz, besoetatik zintzilikaturik zeuzkan hego handien artean eskutua, ia sabairaino altxatzen zuen airez, jainko baten irudira han goian egoteko, hodei artean. Biziki gustatu zitzaion Niani imentzio hura, beraz bere "lurtiar gorte"ra ez itzultzea erabaki zuen, han geratuko zen betiko, kotoizko hodeiez inguraturik, bere "zeruko erreinu"an. Bere bizitza erosoagotzeko bere ohe handia sabaian iltzez josi zezaten agindu zuen, bai eta igertoki txiki bat ere, non ohizko lurrun bainuak hartuko baitzituen.
Bigarren espedizioak kontinente berrira heldu zenean ez zuen inoren arrastorik aurkitu; beste lekuren batetan lehorreratu ziren, antza. Itsasertza korritu zuten gora ta behera, ezer idoro gabe. Aurreko espedizionariak hiltzat emanez gaitz ezezagun batek edo jota handik hur itsasoratzen zen ibai emaritsu batetik barneratuko zirela deliberatu zuten, baita halan egin ere. Ibaitik gora zihoazela, oihan hertsi bat inguratu zitzaien, edonora begiratuz gero dena basa landaretza izugarria zen, eta bertatik zetozkien intziri lazgarriek soldadu askori jan zizkioten muinak, garrasi haiek pizti ikaragarriek sortuak baitziruditen; ibai madarikatu hartatik irten ezkero eurengana ohilduko zirelako piztitzarren beldurrez odolgabeturik, ez ziren oihan aldera begiratzeko ere ausartzen. Askok, zuhaitz erraldoien artean, erdi gizon erdi animalia ziruditen izaki arraro nardagarri batzu ikusi omen zituen. Untzikoen izuikara oihanetik zetozen suzko tragazez erasoak izan zirenean goren puntura heldu zen. Egun osoan entzun zituzten deabruzko óihu haiek, basartetikoak, baina arrastuaz batera zaratots guztiak desagertu egin ziren; ordudanik, isiltasuna besterik ez, oihana itsumustuan desagertu izan bailitzan, urbazterretatik haruntzago hondorik gabeko leize bat baino ez zegoelarik ibai hartan betiko galduak. Horrela igarotzen ziren egun ta gauak, uretako migratze batetan bezala, soldadu guztiak burutik galdu ziren arte, aurrera jarraitzea eta beren bidean suertatzen zirenen aurka burrukatzea besterik ez zekitela, konkista haren zioa ulertu barik beti aurrera, automata batzu bezala.
Sasoi hartan Nian eroa bere gaztetasuna mantentzen ahalegintzen zen, krema eta edabe ugariz betiko luzatu nahiez. Goitasunak eldarniaturik, ez zen bere inperioaz oroitzen, han behean mundua oraindik existitzen zenentz ere ez zion axola. Egun baten, txiripaz bide, bere mezularietaz galdetu zuen, aspaldian agertzeke baitzeuden. Inork ez zekien ezertxo ere ez "Jaungoikoak daki Ama Birjiñaren berri" esan omen zion batek, nardaturik. Azkenean, harako zurrumurru goibelak ailegatu ziren ekialdetik, peril ezezagunez mintzatzen zirenak. Nian, kotoizko hodeien artetik azalduz, hego luzeak zabaldu eta gerlara joanbako guztiak biharamunean bilduta egoteko agindu zuen, baita sentonak eta umeak ere. Inperioaren handitasunagatik burrukatzeko esan zien gizarajoei hurrengo egunean, eta urrikari barik Ekialdeko eremu urrun eta hotz haietara irion zituen, joan ere joan ziren gero, hilara luzeak eratuz, tatarrez zaharkiturik zeudenak, umeak negarrez.
Orduadanik berriak ilunago eta bakanagotzen hasi ziren. Gerla handi bat aipatzen zuten batzuk Ekialdeko mugetan, baina ez zen gauza ziurra. Nian eroa, berriok jakitean, gaixotu egin zen, ezin egin bait zezakeen ezer, ezta herria bildu ere, jende guztia gerlatara bidalia zuen eta, hiri eta herri guztiak hutsik zeuden. Sukarrak jota, eldarniotan ematen zituen egunak, ustantzak alferrik galdurik. Uluka ta aienaka iragaiten zitzaizkion gauak berriz, lorik ezin harturik, eta egunsentiarekin batera kokorrotuta bezala gelditzen zen, begirakunea toki mugagabe batetan galduta. Auskalo zenbat egun iragan ziren hola, bakardadea, bakardade gorria bere inguruan besterik ez zuela. Hain burugalduta zegoen jateaz ere ez zela oroitzen; halaz ere, sarri ibiltzen zituen izara puskak ahoan bueltaka, xehatuz eta xehatuz, eta gero goitika eginez. Batzutan murmurioka aritzen zen, arratsalde luzeetan batipat, ezer gutxi ulertzen bazitzaion ere. Maiz halako hitz andana jakin batzu erabiltzeari aiher zitzaion, naharo korapilatzen zitzaizkion ostera eleak, hitz egitea ahaztuta zeukala zirudiela.
Gau baten ohizko uhuriak areagotu egin ziren, baina eguna argitu aurretik ziplo isildu: Eriak gaizkoatuta, hilzorian aurkitu zuen Nian eroa egun jaio berriak. Hilzori luzea izan zen barrez, inoiz ez zela zenduko ematen zuen. Halako egun batetan, behekaldean, sekulako astrapalada somatu zuen, burruka bortitza zirudiena. Ozta ozta eserita jarri eta jasoten zenaz ohartzean, konortea galdu zuen. Nian, jainko bakartia, bere senera etorri zen ordea arrastiri batez supitoki, hil aurretixe, han behean ikusiak nolabait bere erogotik aterata. Bere begien distiran kanpoan hegan ziharduten igabela saldoak isladatu ziren, neguminean heriotzaren lekuko. Etsipenez akitua, orduantxe konprenitu zuen Nianek, juxtu azken hatsa bota baino lehen, lurrean seko hilda zeutzan aintzina agertubako bi mezularien atzenengo mezua: Lurra borobila zela eta, eromenak itsututa, beren buruen kontra aritu izan zirela.
1984-X-19
|