L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y vosotros los vascos, ¨qué quereis? (1990-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Ospitalea

 

Kapez Kap

 

Eraikuntza honi ospitale deitzea ez bide da egokiena. Izan ere, artean, ez dut inor sendatu denik entzun, ez ikusi. Egia da, ostera, bidaiari erraturen batek ostatu batez galdetuko balu, "han, ospitalean" erantzungo lioketela, hatzamarraz honantz seinalatuz, herriska urrun honetan ez baitago arrotzentzat gaua igarotzeko beste aterperik. Hotzikara lazgarria sentituko du orduan bidaiari erratuak, eraikuntza honen itxurak, ilunabarrean, logaitz ahazturen batetik sortua ematen baitu.

        Ospitale batetan egon dena, eraikuntza honen barrukaldea ikusirik, oso txundituko da. Izan ere, gaixoak ez daude gelatan banatuta, elkarren ondoan baizik, ohe ilada amaitezina eginez. Sabaia oso gora da, beltz-beltza eta amagaraunez betea. Leihoak, ia beti, herenilezko gortina gorrilunez estalita daude. Hormetan, han-hemenka, kriseilu hautseztatuek ez dute ia argiztatzen. Ospitalea baino, satorzuloa dirudi honek, satorzulo umel bezain hotza.

        Ospitaletzat hartzen bada ere, benetan hau hiletxea da. Ulertu dudanez, aintzinatik datorren ekandua da. Gaixo hiletsiak bakarrik ekartzen dituzte, ohatiletan, familiak atzetik darraizkielarik, marmarka baten. Ohituraz, familia bakoitzak bere ohea izaten du, eta andariek bertara eramaten dute gaixoa. Jarraian, ohe inguruan paratuz, senideak hilurrenari so geratzen dira, gau eta egun, txutxumutxu eta zehar begiratu etengabeen artean. Gaixoarentzat egoera hori ez da gogaikarria, atsegina baino. Harrotasunez gainezka egon ohi da, aspaldidanik bere senide asko ohe horretan hil eta orain bere txanda baita. Hemen, hil zoririk ederrena luzeena da, eta horretan saiatzen dira gaixo guztiak, azken hats horri eusten.

        Bidaiari erratua, herriko kale bakartiak atzean utzita, ospitalean barneratuko balitz, zur eta lur geldituko litzateke hongo jendetza ikustean. Herri osoa ezezik eskualdeko gehiena ere bertan bizi dela esan bait daiteke. Ohe bitarteak senidez beterik egoten direlarik, ohe ilada amaitezinetik hormara bitartean jende multzo ikaragarria ibili ohi da, norabide aldakorreko erreka bailitzan, elkar bultzatuz, oihuteria izugarria sortuz. Ikustekoa da andariek, gaixoren bat dakartenean, egin behar izaten dituzten senperrenak, dagokion ohera eramateko. Inoiz ere gertatu da ohatila irauli eta, ohean behar bezala hil barik, jendetzaren zapaldiengatik itoa.

        Hainbat hilzoriko ikusteak txit harri dezake bidaiari erratua. Izan ere, arrunt ohizkoa da oherik gehienak beteta egotea. Inguru hauetan, hiltzea ohoregarriaz gain gaixotasun kutsakorra ere badela esan daiteke. Maiz, ohe barruan bat baino gehiago egotea ere jazo ohi da. Hara: Hilzorikoaren inguruan dauden senideetarikoren bat otoz erituz gero, ohe barrura sartu ohi da, pozarren. Halarik ere, ohe barrukoak senideak ez izatea ere agitu ohi da. Sarri, andariek ezin izaten dute gaixoa dagokion ohera eraman, jendetzaren bultzadek alde batetik bestera erabiltzen bait dituzte, txotxongiloak bailiran, azkenean edozein ohetan uzten dutelarik. Orduan, familia desberdinak elkartu ohi dira ohearen inguruan, alde banatan jarririk, nork bereari bihotz emanez, hil zori luzeagoa nork lortzen duen.

        Berez jendetza zalapartatsua delarik, gaixoren bat azken hatsa emateko dagoela usmatzen badu, astrapalada bizian eta presak harturik hara doa, erotu antzean. Senideak, jendetzaren bultzadengatik, ohearen kontra estutzen dira, aurpegietan keinu bortxatuak igartzen zaizkielarik. Ohean, hilzorikoak irribarre egiten du, atseginaren atseginez, bera baita inguruko iskanbilaren eragilea. Andariak, txoko baten, ia eguneroko errituala bihurtu dena noiz amaituko zain daude, ikaratu samar.

        Bidaiari erratua, jakinguraz, ukondoka oherantz hurreratuko balitz, jendearen esamesak entzungo lituzke, izara artean zer ote dagoen igarri nahian edo. Izan ere, hemen, gaixo orok oheratuaz batera bere ohasun guztiak berarekin gorde ohi ditu, gorputzari ondo lotuta: Bitxiak, dirua, jabetza-agiriak, hots, bizitzan zehar pilatutako aberastasun guztiak. Ohe ingurukoen artean, gero eta ageriago, ezinegona nabaria da. Saien antzera daude, hilzorikoaren begirada noiz hoztuko, gorpuari oldartu ahal izateko.

        Airean umeltasuna ia ikutu ahal da. Usain azukeratu antzerakoa zabaldu da, garnu usaina bezalakoa agian. Orduan, otoz, Balbeak hilzorikoa jo du: aurpegiera aldatu zaio, irribarrea ikara bihurtu, begirada hoztu. Jendetzak, gorpuari atoan oldartuz, izara artean gorderiko ohasunak harrapatzeari ekin dio, tiraka, haginka, hatzaparka, pristiak legez. Liskarra luze barik iraungi ohi da, ostera, ohasunak berehala desagertzen baitira. Jendetza, pixkanaka, ohe ingurutik aldenduz doa, batzu harrapatutakoari askietsirik, gehienak deiadar artean, ez baitira ezertaz jabetu. Zenduaren senideak bakarrik geratzen dira orduan, gehienetan ezer barik: Ohe ondotxoan egon arren, atzekoen bultzadei aurre ezin egin eta ohe azpian ezkutatzen dira, ikara baten, jendetzak alde egin arte.

        Andariek, presaka, gorpua ohatilaratu eta kanpora daramate. Ohea ez da luzaro hutsik geratzen baina. Gaixoak eurrez ekartzen dituztela eta, usu, beste oherik ezean binaka nahiz hirunaka oheratzen dituzte. Maiz, andariek gorpua eramaten duten bitartean, hainbat errumes ohera sartu eta, gaixoarena eginez, non jan eta lo behintzat segurtatu ohi dute. Izan ere, jendetzaren artean ibiltzen diren gehienak arloteak, itzurtiak, ohoinak eta, azken finean, inoren lepotik bizitzeko izkunedunak baitira.

        Ospitaletzakora sartuz gero, gaitz da irteten. Araldeak iruntsita, bidaiari erratua ez da bere buruaren jabe izango. Andariei laguntza eskatuz gero ere, ez dute bere hizkuntza ulertuko presaka dabiltzalako keinuak eginez urrunduko direlarik. Irteera ikusi ere ez du egingo, eraikuntza behin eta berriz kurritu arren. Orduan, zeharo aunaturik, bete gabeko ohe batetan jarriko da. Logaletuta.

        Bidaiari erratua akordatu denean, ohe barruan ikusi du bere burua, begira dagozkion ezezagunez inguratuta. Kordokan gelditu da, jagi ala ez, baina, indarge edo, ez du ezelango ahaleginik egin. Orduak aurrera doazen arauera ondoeza nabaritu du, airea pozoatuta egongo balitz bezala. Hau ere ez litzateke arraroa izango, garbitasunik eza kontutan harturik: Izarak zein burkoa ez dira egundo aldatzen, ohore handikotzat jotzen baita familiako hainbat eta hainbat gizaldi izara beren artean hiltzea.

        Kuku egin arte agian urte luzeak ohe barruan igaro beharragatik etsituta, bidaiari erratua aldean daraman koadernotxoa atera eta bere zorigaitza kontatzeari lotu zaio. Sasiospitalea deskribatu du, bertan bizi den jendearen ohitura pitxiak ere bai. Idazteari utzi orduko, baina, izuikara itzela somatu du, bere azkena nolakoa izango den kontatu behar baitu, bere ohearen alboan zegoenari jazorikoa egingo bait diote, hain zuzen ere: Azkeneko arnasak eman ondoren, inguruan zituen harrapariak, hain denbora luzean zain egonez gero, burusiak kendu eta ohasunik bat ere ez aurkitzean —herriska urrun honetan hauxe da egin dakieken irusakorik handiena— biraoka oldartu zitzaizkion, osorik mastakatu zutelarik, begietatik hasi eta arrai guztiak atera arte...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.