L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y vosotros los vascos, ¨qué quereis? (1990-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Eskuak loturik

 

Xabier Mendiguren

 

bihar ez dut bisitarik izanen

mutil beltzaran bat ezagutu duela

idatzi dit neskak

 

idazten segituko duela

nik ere nahi badut

 

emaidazu papar zati bat, irakurri dut bigarrengoz, eta hirugarrengoz irakurtzen hastekotan nintzela ikusi dut azkenean Arantxa sartzen. Ezpain ertzean muxu iheskorra emanda eseri zait aldamenean.

        "Zerbait hartu nahi duzu?"

        Ezetz egin du buruaz, ezpain artetik haize hari bat boteaz. "Bueno, ur minerala", esan du gero. Mostradorera altxatu eta ekarri diot. Beste kaña bat neretzat. "Zer moduz bidaia?", galdetu diot.

        "Ondo". Edalontzia bete eta trago luze batez hustu du. Eztarriaren gorabeherari begira ni.

        "Kilometro asko, badakizu", erantsi du gero.

        Nere eskua berearen gainean jarri dut. "Nekatuta?"

        "Ez; bueno, pixka bat, bai... Noski".

        "Bestelako okerrik ez duzuen bitartean...". Irribarre etsi batez erantzun dit.

        "Eta Joxean, zer moduz?", esan dut tarta baten ostean. Dardara bat sumatu dut bere eskuan. "Ondo. Bai, ondo".

        "Animatuta eta?"

        "Bai, bueno; hori esaten du, ez dakit. Bai, animoso dabil, denak bezala".

        Ezkerraz hartu dut basoa, besteaz berea estutzen nuela. Garagardo pixka bat okotzetik behera erori zait eta alkandora zipristindu.

        "Zar zabiltza?", esan du Arantxak. Gero poltsa mahai gainean jarriz, "garbituko dizut".

        "Ez, ez. Utzi, utzi", nik. Paperezko serbileta bat hartu eta paparra nola-hala lehortzeko itxurak egiten nituen. Ez nuen haren eskua askatu nahi.

        "Hola ez duzu mantxa kenduko".

        "Igual dio; bestela ere garbitu beharra zuen".

        Nere zereginari begira du bukatu dudan arte. Gero elkarri begira geratu gara.

        "Esan al diozu gurea?", galdetu dut.

        Oraingoan ez da dardara izan: eskua erretiratzeko keinua egin du. Ez diot utzi.

        "Nola esan behar nion? Nola joango naiz eta esan... Nola nahi duzu esatea?, bapatean ia oihuka ari dala konturatu da Arantxa, inguruan begirada azkar bat zabaldu eta gero kristaletik kanpora begira geratu da, lotsatuta.

        Tarte luze bat igaro da. Arantxak beheko ezpaina horzkatzen zuen eta zapataz tap-tap-tap ari zen zoluan, ohartzeke. Nik gure esku trabatuei begiratzen nien. Zerbeza tantorik geratzen ez zela ikusitakoan hitz egin dut: "Ulertzen dizut. Nik ere zure lekuan...".

        "Zer ulertu behar duzu zuk?", Arantxak moztu. "Zuk ikusi al dituzu ba hango ateak, hango pasiloak, hango...?"

        Zutitu egin da eta eskua niretik apartatu. Ezin izan diot eutsi.

        Erlojuari begiratu dio "Joan beharra daukat. Deituko dizut arratsaldean".

        Ni izan naiz oraingoan irribarre etsia marraztu duena.

        "Zeini barre egiten diozu?"

        "Ez, zera, Joxeanek nola esaten zuen gogoratu zait, bolada txarraren ondotik beti etortzen direla sasoi hobeak".

        "Eta etorriko dira". Malko baten errainua sumatu diot begi ertzean

        "Bai. Beharko etorri".

        Atetik joaten ikusi dut. Liburua mahai gainean dago oraindik ere. Zabaldu dut eta poema berri bat irakurri:

 

                zergatik negar egiten duzu ama

                laster irtengo gara

 

                eta zeldetatik irtetzean

                hotza egiten du goizero patioan

Beasainen, 1989ko Apirilak 22

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.