Gure garaia pasatu da
Harrokeriarik be apenas gelditzen jaku, inguruko zaborreriaren aldean zaramontzi potoloena geurea dela aitortzeko. "Subentzio" hitza gorroto dugu, beste enparauok belauniko jarrita gurtu eta gurtu ibiltzen zaizkion arren. (Non ipiniko diete zigilua, eperdiko zuloan ez bada?) Errazena negar egitea da; guk, berriz, ergelkeria gehiago ez entzun/irakurtzearren, sakabanatzea baino beste ihesbide hoberik ez daukagu.
Gera bitez gure Herri barregarri honen doktore horroris causa, badaezpadako idazle lapur(tar)zale pleistozeniko, irrati-telebista batzokianoetako mintzalarri prakabajatu, inogaz narrurik jo ezin eta "Egunkaria"ren zuzendariari beren astrakanada okaztagarriak pakete bonbak bailiran bidaltzen dizkioten eztabaida merkeen piztuzale, eta beste enterau guztiak, gera bitez, dinogu, nor bere errapeari tiraka, ea behingoz lehertzen diren.
Aguretxeetara erbesteratzea erabaki dugu. Gurea taberna zaharretako txorizo errearen usaina da, eta ardao botilaren laguntza besterik ez dugu onartzen. Ezin dugu puntualmentean aldizkari barririk atara. Nagiak izateaz gain irresponsableak ere bagara. Dana dala, horiexek dira idazle bikain bihurtu gaituzten sekretoetariko bi. Eta ez pentsatu txapelpekoa agortuta daukagunik, ez horixe! Beste pare bat aldizkari betetzeko beste ipuin eta olerki paregabe geratu zaizkigu, baina agian lehiaketa literariotera bidaltzeko gordeko ditugu, pentsioa zelanbait ordaindu behar da eta.
Gure irakurle zintzo izan zaretenoi eskerrak eta ez etsi (besteren bat egiteko bezain zoratuta egon geindekez eta). Ahal baduzue, emaiezue atsegin zeuen gorputzei; guk ere, domeketan, mezaren aitzakian, geure "ihesalditxoak" egingo ditugula agintzen dizuegu.
|