Patuaren burdin-hariak
Justo Agirre
José Carlosek, metro t'erdiko gizon metodikoa izanik, ez zuen aparteko problemarik izan goizeko bederatzi t'erdietan bere dendako pertsiana ireki eta jasotzeko. Eguneroko usain ezaguna hartu ondoren, Bilbo Zaharra auzoko beste edozein janaridendatakoa bezalakoa, argia izetu eta urdaiazpikoa ebakitzeko makina entxufatu zuen. Makinaz txorizo xerra mehe-mehe bi moztu eta jan zituenean, denda eta bertako guztiak bereak zirelako sentimendu epela jabetu zen José Carlosen bihotzaz, etxeko armategi xumeari begira dagoen plastikolariaren iduriko.
Ikusmen urrikoa izan arren, ederto moldatzen zen kalibre lodiko antiojoekin eta, egunero egiten zuenez, dendako botileria eta jenero guztia antolatzen hasi zen, "Sabor a mí" kantuaren melodia txistukatzen zuen bitartean. Aita zenari ikasitako ereduari jarraituz egin zuen, tentu handiz eta produktuen iraungipen datak atzera begira. Horretan ziharduela, auzoko beltz ugarietako ale bat sartu zen dendara arroza, saltxitxak eta urdaiazpikorik merkeena erosi nahian.
José Carlos aitarekin gogoratu zen berriro birao isilen artean, berak hau ikusiko balu, negozioa zaindu behar izatea jendemodu zantar honi jaten emateko, eta beltzak, ijitoak eta gainerako zaborreria guztia tren batetan sartu eta euren herrietara bidaliko zituela otu zitzaion bezeroaren erpeetatik dirua hartzen zuen bitartean.
Baina aitari ez zion kasurik egin eta, ikasketak utzita, dendaria izango zela deliberatu zuen Bilboko maisuak "hire herriko maisua ez huen asko penatuko, ez, hirira alde egin huanean" esan zion egun berean. Eta aitari gehienetan kontra egin ziola buruan zerabilelarik, Divina bere emaztea azaldu zen dendara. Divina ere ez zen oso altua, azken hamarkadetan ez zitzaion edertasunaren aztarna garbiegirik antzematen, ez zen ondo janzten eta bere ilajeak distira berezia izan ohi zuen. Zerbait murmuriatu ondoren, apalategietara hurbildu zen Divina eta, astiro, arreta handiz, botila eta lata guztiak lekuz aldatzen, atontzen ihardun zuen ordu erdiz, lata pare bat hartu eta atera lerratzea erabaki zuen arte.
Gaur makal niagok, zerbait arina prestatuko diat bazkaltzeko.
José Carlosek, bere ironia guztiarekin, gaur hitza errepikatu zuen bere artean bospasei bider, "Sabor a mí" txistukatzen hasi baino lehenago. Hurrengo bezeroei auzoaren eta munduaren beraren gainbehera antzeman zien, hori eta atso zaharrek jenero guztia ikutzeko egunero erakusten zuten grina.
Ordu bat t'erdietan 3 de Abril kaleko tabernara abiatu zen hamabost pezetako ardoa edatera. Hirugarrenerako lodituta zeukan mihia baina, emazteari desplazerra ematearren, beste bi edo hiru hartu zituen tabernako lasaitasun ilunean. Azkenean, desgogoz, Capitán Rastrillo bere kalera hurbildu eta etxera heldu zenean, Divinaren ondoeza egiaztatu ahal izan zuen: latako indabak eta arraultzeak.
Etxea, auzoko gehienen antzera, handia eta zaharra zen; kalera eta, atzekaldean, katuz josita zegoen patio batetara ematen zuten gelak argitsuak ziren, baina gainerakoak, pasabidearen erdian zeudenak, gaztetan auzotik ez oso urrun ezagutu zituen meategiak baino ilunagoak ziren. Hauetako batetan, atean zerraila jarri zionekoan hain zuzen, ematen zituen José Carlosek momenturik zoriontsuenak, denboraz eta pazientzia handiz osatuz joan zen lantegitxo eta liburutegian. Eta bertan emandako orduei zor zien, harrotasun pitin batekin esaten zuenez, mende honetako gerrei eta armei buruz zekien guztia, bere jakitatearen eremurik zabalena azken finean. Gela horretako bake absolutuan fabrikatu zituen, halaber, azken Gabon Zaharretan bota zituen bolandera guztiak, auzo osoa ikara batean euki zutenak, eta etxeko bizimodua erosoago eta merkeago egiten zioten beste hainbat asmakizun, hala nola ikuzkailurako ur beroa komunitatearen hoditik hartzeko konexio ia ikustezina edota etxeko argi guztiak batera edo nahi erara izetu eta amatatzeko etengailu anizkuna.
Bada, gela horretara sartu zen José Carlos bazkaldu bezain laster, azken aldian zoratu beharrean zeukan arazoari behinbetiko konponbidea ematera, zeren, bere lo arma zela eta, logela ondoko patioan etenik gabe miaoka iharduten zuten katuak beltzak edo ijitoak beste gorrotatzera iritsia bait zen. Lehenengo batean gatzezko draiekin katuak uxatzen ahalegindu zen, baina auzokoen protestak eta emaitza kaxkarrak ikusita, metodoa aldatzea erabaki zuen. Geroago, listaz eraiki zituen arteak arrakastatsuago ez zirela gertatzen ohartuta, etsitzeko zorian egon zen; ordea, gizon tematia zenez, aste batzuren buruan lortu zuen loa betirako erraztuko zion bidea aurkitzea. Metodoa sinplea bezain eraginkorra izango zen: kable luze bat, mutur bateko polo biak lotuko zituen haragi zatia, elektrizitatea eta gauaren iluna nahiko izango ziren, pazientziaz lagunduta, patioko katu guztiak akatzeko.
Hamaika saio egin zituen José Carlosek bazkalostean, asmakizun berriak behar bezala funtzionatzen zuelako ziurtasuna euki zuen arte. Arratsalde hartan dendan eman zituen orduak bizitzako luzeenak iruditu zitzaizkion, dentistaren tornuan emandakoak baino are luzeagoak, tramankulu berriaren arrakasta eta loria egiaztatzeko irrika hainbesterainokoa izaki.
Gaua heldu zen azkenez eta, etxera bidean, José Carlos Dunkerkerekin gogoratu zen, urduritasunak azken ilea ere astintzen ziolarik. Emazteari erreparatu gabe, bere lantegitxora abiatu zen, bertan kableak hartu eta azkeneko saioa egitera. Ederto, Divina oheratu bezain laster hasiko zen erasoa, sukaldeko leihoaren ondoan zegoen entxufetik. Eta horrela egin zuen hamaikak eta zazpian, eskuak izerditan blai, baina ez zen konturatu Divinak ez zuela lehortu ikuzkailutik isuritako ura eta kontaktu txarraren, kortozirkuituaren eta sutearen errua ez zen bakarrik José Carlosena izan.
Suhiltzaileek, bestetik, zoritxarreko istriputzat hartu zuten gertatutakoa José Carlos eta Divina bere emaztearen gorpu belztuak jaso zituztenean.
|