L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y cría cuervos y tendrás muchos (1993-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Plantxatzen zegoen gizon bakartiak...

 

Vladimir

 

Plantxatzen zegoen gizon bakartiak bere bakardadea madarikatzen zuen "Zen" kurtsilo batetan pentsatzen zuen bitartean. Mohamed Zelaiati-k bakardade maila hori lortu zuen bere sorterritik atera zenean.

        "Hemen ez dago inor ni plantxatzen ikusteko neu ez banaiz" pentsatzen zuen. Eta bere bakardade sentimendua handiagotu egiten zen bere izatearen parte batek abandonatu egiten zuela ikustean.

        Gauero egiten zuen negar lau estalki pean Inglaterrako neguak bere sorterrikoak baino latzagoak bai bait ziren. Urteak pasa eta bere barneko hausdura konponezinagoa bihurtuz zihoan. Ametsetan bere Ama herrira itzultzen zen.

        "Urrunetik entzuten zen turuta eta ordurako zirkunzidatuak izateko adinean zeuden ume guztiak arrapalada batetan abiatzen ziren izkutatzera. Motortzar batetan zetorren agure zaharrak oso bibote luzeak zituen eta antioju keeztu batzuen atzean ostentzen zituen bere begi urdinak. Desertuko eguzki izpi mingarriek zauritu zituzten begi bakanak, misterioz jazten zuten begiak. Zirkunzidorea izateko behar zen jazkera misteriotsua."

        Telefonoaren txirrinak jo zuen.

        —Mohamed?

        —Bai esan!

        —Egin dituzu zure eguneko lanak? —galdetu zion bere ama hizkuntzaz hitzegiten zion emakume gazte baten ahotsak.

        —Nor zara zu?

        —Ez ezazu komeni ez den galderarik egin —izan zen telefonoa moztu baino lehenago entzun zuen azken esaldia.

        Supermerkatutik etxerako bidea, elur zapaldu eta zikinez apaindurik zegoen eta hotzaren har gaindiezinek atzamarren puntak jaten zizkioten. Aste batzuk paseak ziren telefono dei misteriotsu hura izan zuenetik eta oraindik ere gogoan zuen.

        —Ostera ere dei egiten badu ez diot utziko mozten ez badit esaten nor den eta non bizi den Fatima hori.

        Fatima esan zuen ezen bere artean izen hori ematen bait zion honezkero mila aurpegi zituen emakume ezezagunari. Gau hartan alkoholdun edari batez lagundurik sartu zen ohean nola edo hala gainditu beharko zen hotza eta. Telebistaren burrundarea urrunduz zihoan heinean berotasuna nabaritzen hasi zen, burmuinetatik behera jaisten zitzaion berotasuna.

        "Duna bat igaro eta berriro jaioterrian zen, lautada zabal hartan urrunean bere gurasoen etxea zegoen eta inguruan milaka ardi, korrika hasi zen baina oztopo berri eta igaroezin bat aurkitu zuen: ibaia —ez nuen bada nik ibai hau gogoratzen—. Ibai ertzean emakume bat, inondik inora arrotza egiten ez zitzaion emakume bat zegoen. Hark, bestaldera bere txalupa txikian pasatzen gonbidatu zuen."

        Telefono hotsak itzartu zuen Mohamed eta beste lau aldiz jo behar izan zuen honek hartu baino lehen.

        —Esnatu al zaitut?

        —...Ez —esan zuen emakume ahots ezaguna entzutean—. Nor zara?

        —Fatima izena jarri diozun emakumea. Ni ere hiri honetan bizi naiz eta, zeure moduan, herri minak jota bizi naiz.

        —Elkar ikus genezake.

        —Hori arriskutsua da, ni emakumea bait naiz.

        —Inportantzia handia du niretzat.

        —Ongi da, baina izkutuko tokia bilatu behar dugu.

        —Zein bada?

        —Metroko "Seven Sisters" geltokia...

        Esandako egunean han agertu zen Mohamed ongi jantzita eta betaurreko beltzekin, norbaitek segi ezkero zailago gerta zekion bera ezagutzea edo apika ez zuelako nahi emakume hark instant batean biluztu zezan.

        Denbora pasa eta ez zen inor agertzen geltoki hartan. Arraro egin zitzaion hau Mohamedi eta irteeraruntz abiatu zen begiratzera eta ikusi ere ikusi zuen nola enkargatuak kaleko atea ixten zuen eta han gelditzen zen bera ilunetan garraxi ozenak egin arren.

        Etsiturik denbora pasatzeko modurik atseginena esertzea zela erabaki zuen eta nekearen nekez loak hartu zuen, izan ere azken asteotan ez zuen behar den moduan lorik egin behin ere.

        Ibai baten burrundara entzutean zeharkatu ezina zitzaion ibaia zegoen lekutik gertu zegoen eta juxtu orduantxe itzartu zen eta ilunetan ibiltzen hasi zen.

        Erori ere erori egin zen trenbidera eta juxtu bera zapaldu baino pizkat lehenago trenaren aurreko kabinan Fatimaren aurpegietako bat negarrez ikusi zuen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.