L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y cría cuervos y tendrás muchos (1993-azaroa) —<txis0723>




 

 

Sahara

 

Saharauiarrek moralejadun ipuinak kontatzen dizkietenean umeei pertsonaia sinboliko bi aipatzen dituzte gehienetan: bata Chertat eta bestea Ganfut. Chertatek hartz inurrijalearen itxura dauka eta gizartearen gaitz guztiak beregan biltzen ditu (alferkeria, gezurra...); Ganfut, berriz, kirikioa litzateke, azkarra, zolia... Chertaten alderantzizkoa finean. Herri honek azken urteotan bizi duen egoera adierazteko ez dago alegi pertsonaia hauei izen propioa ematea halakorik. Chertat Hassan IIa bera da eta Polisarioa zapaltzailea bere onetik ateratzeko kirikio adoretsua.

        1975. urtean Espainiak Mendebaldeko Sahara Marokko eta Mauritaniaren esku uzten du eta ondorioz lurraren benetako jabeek Algeriara ihes egiten dute, Tinduff inguruko kanpamentuetan babestuz, basamorturik mortuenean.

        Gure kultura(eza)k emakumeez oso irudi deformatua eskeini digu eta hezur mamizkoren bat ezagutu arte ezaugarri fiktizioz eraiki ditugu, era berean oso irudi okerra dugu desertuaz... eta desertua lur errea baino ez da, nahinora begiratu eta lur harritsu lau laua baino ikusten ez den tokia, gurpil lehertuz beteriko bide ertzak dituena.

        Bilbotik harainoko bidea Bizkaiko Diputazioak oparitutako Lanrrober batetan egin genuen, gurekin zihoan kazetari batek "chatarra disfrazada de solidaridad" generamala esan zuen "karabana"ko ibilgailu gehienak matxuratu eta lehen egunean Madridera iritsi ezin gintezkeela ikusirik. Eta barregarria den arren penintsula zeharkatzea bera ere nahiko martirizantea egin zitzaigun. Cartagenan Oran hiri algeriarrera zihoan itsasontzia hartu genuen. Han FISek eragindako istiluak zirela eta tankeek kaleak hartu zituzten eta poliziak gurekin batera bide luzea egin zuen; motogidariek abiadan zebiltzala zutitu eta Karajanek baino agindu ikusgarriagoak ematen zituzten manillarraren ardurarik gabe.

        Kilometroak, kilometroak eta kilometroak egin genituen herri abegikor honek tinko dirauen kanpamenduetara iritsi arte. Pobreak dira oso, baina ez da miseria izpirik ikusten —Gobernuak pertsona bakoitzeko honenbeste jaki banatzen du—. Zirko marrokiarra hurbil dagoen arren, ez du haren inungo antzik. Hemen emakumeek begirada ezti eta ikaragarri ederrak oparitzen dituzte, umeek "¿Cómo se-i-ama-tu?, ¿Cómo se-i-ama tu pare?, ¿Cómo se-i-ama tu mare?" galdegiten dute, ezer eskatu barik, eta sarritan eskutik helduta ibiltzen diren soldaduek goxotasun eta tenplantza harrigarriz hitzegiten dute ekintza militar gogorrenak aipatzerako orduan ere. Saharauiarrek eskatu, beraiei ebatsiriko lurraldea baino ez dute eskatzen.

        170.000 errefuxiatu bizi direla esatea abstrazio aritmetikoegia da, kanpamenduak ikusteak berriz ahaztuko ez duzun zirrara eragiten dizu.

        Familia bakoitzaren bizilekua hiru elemenduk osotzen dute: harrizko sukaldeak, komuna eta aldi berean garbileku den txokoak eta kanpai-denda antzeko "jaima"k. Goizeko hamarretatik iluntzerarte eguzkia jasan ezina denez, jaimatan egonaldi luzeak egin genituen, tea edan eta elkarrizketan trebatu den herri honen jakituriaz liluraturik. Duela hamazazpi urte Hassan txakurtoak "Marcha Verde" antolatu eta Mendebaldeko Sahara bortxaz okupatu zuenez gero, gizonak zeregin militarretan aritu dira kanpamenduetatik urrun, bitartean emakumeek gizarte duina eraikitzea lortu dute. Hezkuntza mailan esate baterako, oinarrizko bederatzi ikasturte eta beste hiru osagarri antolatu dituzte; eskola arruntak, internatuak eta emakumeentzako ikastetxe bereziak martxan ezarri eta gazte asko atzerriko unibertsitateetara igorri dituzte (esan beharrik ez dago analfabetismoa desagertarazi dutela... beraz, huskeria dirudien honetan ere badugu zer ikasi okzidentalok).

        Egin zizkiguten harreren artetik, Smara-koak hunkitu ninduen gehien. "Elkartasunaren karabana"ri ongi etorria emateko milaka lagun bildu zen. Erreferenduna hurbil zelakoan txilio eta besarkadez agurtzen gintuzten. Euskal Herrian garai batean antzeko makina bat egoera sutsu eta ingenuo sortuko zela otu zitzaidan eta inguruko euforia barruko tristuraz nahastu eta negarrari ekin nion memeloen pare. Arazoak arazo saharauiar guztiek erreferenduna irabazteko ziurtasuna zuten; itxuraz etsai bakarra buruzagi marrokiarra zelako. (Batzuetan ONUk erabakitakoa kosta ahala kosta betetzen da, baina oraingoan zenbait herrialderen axola eza edo/eta azalzurikeria agerian geratu da). "Datorren urtean El Aaiún-en elkar ikusiko dugu" esaten ziguten agurtzeko orduan itxaropentsu eta horixe da herri honen gaur egungo egarria, urteetako obsesioa, hasera haserako xedea: Lurraldea eta burujabetasuna berreskuratzea. Hala izan bedi!!!

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.