Aurreneko hitz alperra
Batzuk udan tristatzen, melankolikoak jartzen dira, arima sentikor eta depresibo guztiak bezala. Beharbada antigoalekoak, aspaldikoak, modatik kanpokoak direlako, baina ekaineko lehendabiziko bero, sargori, izozki eta txokolatezko poloak frantses eta sueziar espezimenen usaia dakarkiete. (Guk adina pelikula zineko atzekaldean begistatuz gero erraza da ulertzen) Gaztetxoek diotenez, eta horietako asko dago inguruan, karrozen mitoa omen da hori, bertakoa baino politagorik ez dela paseatzen toreadoreak moduan behekoak nabarmentzen direla bere tanga kolorezkoa jantzirik edo mono bikini israeldarrak estalirik, (eta beste denok anteojo beltzak arpegiraturik gainentzekoari begira) Zumaiako eta Zarauzko hondartzetan zehar. Utz ditzagun baketan beren oroipen goxoekin, sekula ligatu ez dituzten pertsonen zaporea dastatzen. Hala ere, gaurregun badirudi dena ahora ematen zaiela oraingo gazteei. Batzuk, aldaretik pasatu arte ez dira lizunkeria guztiez asetzen hasi. Bai, ondotxo dakigu zer diren udako tristurak eta kalenturak, herriko festetako dantzak, (lan ala ikasi egiten duzu?) neska laguntzak, (sujetadore berriaren grina askatua izateko eta esku dardartiak) mozkortutako komentarioak (maite haut, beltzak eskatzen diren gisan). Frustazioa, Aurreneko Txortan (aldizkaria) bezala. Presakako gauza. Esperientziarik eza (aldizkaria). Ez dezala inor pentsa pornografoak garenik. Jainkoarren. Ulert ezazue. Damututa gaude guretzat ere nahiko gustokoa izan ez delako, eta horregaitik bigarrena kaleratzen atrebitu gara, neguko hotzak iritsi arte irauteko prestatzen garen bitartean. (Negüa jin baledi kontsola nainte ni)
Baina, zoritxarrez, udak ez digu kasorik egin eta hor dago egunetik egunera luzatzen. Zuek ere, disfrutatzera aterako zarete, Burugabe halakoak, kostaldera, turistentzako zerbeza epela edatera, zuen begiak harea aleez ume errepipiek nola betetzen dituzten kontenplatzera, ondoko Mazistek edo Bo Derek ederrak begiradak itsasorantz zuzentzen dituztenean, zuen bainadore moderno, sentsual horren kaltez. Edo mendira, txindurrien aintxintxika probentzat pista eginez; tortila, ondokoarekin musuka zaudetela (esku horiek!) eulien jauregi bihurtzen delarik, eta pinu orratzak praka, soineko, brusa estu eta haragi gorrituaren artean (eguzkia krudela da sasoi honetan, eta itsua) sartzen sentitzen dituzuenean. Ez ezazue horrelakorik egin. Gera zaitezte herrian eta irakur bata bestearen atzetik bigarren zenbaki honen lerroak. Ez zarete damutuko. Majo zegok eta.
|