Ez adarrik jo
Emo Makoki Kuko
Gure mundu honetan, aspaldidanik, hitz asko eta gertaera lotsagarriak ere milaka aldiz sufritzen ditugu, bainan ala eta guztiz ere, noizean behin gauza miragarririk pasatzen.
Nola ala, hau duzue gure herrietan gertaturikoa.
Nota ahaztu orain dela hilabete batzuek hasitakoa? Ba, hor dijoa... Ez gera gogoratzen baina, uste dugu orain dela urte bi edo zela gazte batzuek hasi ginen bilkurak eginez eta hoietan eztabaidatzen nola komunikatu eta zabaldu esan behar zituzten gauza guztiak, inguruan zuten kaka pilloa nabariturik.
Horrela egun zoriontsu batetan, beraietako batek honela proposatu zuen:
Hi, baduk ordua zerbait egiteko, eta hemen dizkiat ideia batzuk irrati askatu bat jo ta ke asteko, eta ez zakiat nola irten daiteken bainan ia asten geran muntatzen.
Bainan hori gareztia izango duk, eta gainera guk... ez zekiagu mikro baten aurrean jarri, eta hitzegiten. Nik behintzat gauzak oso beltz ikusten dizkiat eta ez diat uste aurrera aterako denik.
Beno, beno, ez zekiat gauzak irtengo duen ala ez, bainan zergatik ez frogatu?
Ala nola, hasi ginen martxan jartzen, eta lehenbiziko arazoa bereala sortu ere: DIRUA. Honelako irrati batek, dexenteko inbertsioa eskatzen du. Gure taldeko batek orduan, 300.000 peztako kreditoa lortu zuen. Diru horrekin emisora bat eta irrati saioak egiteko behar genituen tresna guztiak erosi genituen. Behar den materiala honelako hau duzue:
Emisora, noski.
Antena bat.
Plato bat edo bi.
Pletina bat, kassetak jartzeko.
Bi mikro.
Mezkladore bat.
Aurikular batzuek.
Hau guztia, lortzeko, gure diru bide bakarra esan dugun kredito hori izanda, eta ez dugu inongo laguntza ofizialik eta ez eta ere, ez dugu onartzen gure irratian inongo publizitaterik egitea. Honela gauzak, dirua ateratzeko antolamendu batzuk egin beharrean arkitu gara. Horrela, zabaldu ditugu eta zabaltzen ari gera, oraindik ere, laguntza txartelak, festa bat egin genuen duela denbora gutxi, eta oraindik beste batzuek antolatu beharrean aurkitzen gara.
Dirua arazo latza izanik, baditugu beste batzuk ere. Adibidez eta nagusiena barne funtzionamendua litzateke.
Hau eratzeko, hasieratik garbi azaldu genduen erabaki guztiak asanbladaren bidez artuko genituela. Horrela, asanbladak, bai programak egiten ditugunarentzat eta nahi duen guztiarentzat irekiak daude eta guztiak parte artu dezake irratiaren (GURE IRRATIAREN) gestioan.
Astero (Larunbatetan), asanblada egiten dugu, asteko programaketa eratzeko eta beste erabaki guztiak artzeko. Gainera, arazo berezirik badago, herriko asanblada egiteko aukera dugu.
Irratiaren egitarauean bere leku berezia dute egungo gai guztiak, kirola dela, edo informazio generala, Uroladeko taldeen arazoak, e.a. Guzti hau esan eta gero, pentsa dezake KAKA FLASH irratia, irrati bat gehiago besterik ez dela.
Bainan orduan, irrati askatuak zer arraio dira?
Izenak berak ere, nahikoa esaten du: askatuak, ez direla inongo instituzio, partidu edo ta etxe komertzialaren menpean dauden irratiak. Horregatik guztiz irekiak gera eta gure ekintza guztia zera da; espresio bide ez duten guztien tresna eta espresio bidea izatea.
Bainan, hau dena honela izanik, irrasaioak bezain garrantzitsua jotzen dugu asanbladatan parte artzea eta irratiaren beste ekintzetan lan egitea.
Honela nahi dugu pertsona guztiak irratiaren gestioan parte artzea, eta ez lau edo bost pertsonen eskuetan erortzea.
Uste dugu hau honela ez bada egiten betiko gauza monolitikoan bihurtu daitekela, eta ez dela egiazko partaidetza eramango.
Azken finean zer nahi dugu irratiaren bidez lortzea?
Erantzunak, asko izan lirateke:
Ba, pertsona multzo baten kezkak adieraztea, talde alternatiboen espresio bide izatea, Urolaldean dugun hutsune kulturala betetzea eta abar, eta abar...
Noski, honelako egitura hauek ez dira inoiz ofizialki onartuak izaten eta gainera ofizialtasunak berak nolabait moztu egiten honelako ekintza guztiek, zeren bere eskuetatik ihes egiten baidute. Horregatik gure irrati hau legez kanpo dago, zeren legea bera zalantzan jartzen baitugu.
Bainan ez uste bakarrik geranik gure lan honetan. Gaur egun Euskadi guztian hamabi edo hamairu irrati ditugu mota honetakoak, eta guztiok koordinakundea osatzen dugu, hainbat ekintza aurrera eramateko.
Era honetan, koordinakundearen lehen lana Gasteizen itxi zuten Ala Bedi irratiaren beririkitzearen aldeko ekintzak eramatea izan zen, eta irrati askatuaren Printzipioak esartzea.
Ala nola, ordea, Gasteizen egin behar genduen jaialdia eta beste ekintza guztiek debekatu zizkiguten mila ostopo jarririk eta bertan bera utzi arazi ziguten.
Ala ere, aurrera jarraitzen dugu eta jarraituko, zeren ez dugu onartzen gaur egun bizi dugun informazio manipulatzea eta multinazionalak duten jabetasuna albisteak zabaltzeko berak nahi duten erera. Nahi duguna, zera da, albistearen egilea bera izatea albistearen emaile eta informazioaren jabe.
Egun, bi hilabete baditugu jadanik irratia jaio zela, eta denbora honetan, pixkanaka, pixkanaka, gero eta ordu gehiagoko egitaraua dugu. Honela gaur egun, bederatzi orduko programazioa egiten dugu, arratsaldeko hiruretatik gaueko hamabietara. Hasieran gure asmoak egunean bi orduko programaketa genduen, bainan bereala jendeak gogotan artu zuen eta luzeagoa egin beharrean arkitu ginen. Eta noski, oraindik luzeagoa egiteko asmoak ditugu.
Bainan programaketa luzeagoa egin nahi badugu, pertsona gehiago behar ditugu. Lehen esan dugun bezala gure irratia guztiz irekia da, eta bertan partaide izateko kondizio bakarrak hauexek dira:
Asanbladan onartutako ekintzak aurrera eramatea.
Publizitatea inolaere ez erabiltzea.
Eta inongo instituzio motaren azpian ez erortzea.
Usten dugu artikuluxka honetan, nahiko garbi utzi ditugula zein diren gure egiteko moduak.
Azkenik, nahi genduke dei egitea, zerbait esateko duzuen edonori, irratira etorri zaitezten, eta benetan gure irratia izan dezan.
Gurekin arremanetan jarri nahi baduzue idatzi ezazue Azkoitiko posta zenbaki honetara:
KAKA-FLASH IRRATI ASKATUA.
Posta zenbakia 51
AZKOITIA.
|