Elvis erregearen historia laburra
Txipi
"Trokolo eta aztoratu planta osoa du, izena Presley-ri ohostu zion eta antiojuak Buddy Holly-ri, eta jostarratz, inperdible, larru beltz eta etorkizunik gabeko jende artean (no future!), laster nabarmendu zen azken 70 eta lehenengo 80etako izenik garrantzitsuenetako bat bihurtuz! (Jerry JC, "Muskaria" aldizkaria).
Elvis Costello 1.955ean jaio zen Declan McManus izenez. Bere aita Joe Lass Orchestra-n abeslari gisa aritzen zen; bazuen, beraz, aurretiko bat familian. Gure Declan McManus-ek gehien maite zuena musika aldetik behintzat, txo "country" musika zen ordea; eta rock-star eredu eta idolo gisa Nick Lowe izan zuen betidanik (garai haietan Nick Lowe-k Brinsley Schwarz taldean jotzen zuen). 70 hamarkadaren erdiaren inguruan, Liverpool-en, Nick Lowe ezagutzeko aukera izango zuen Costellok lokal berean portunatu baitziren (Costellok FLIP CITY taldearekin jotzen zuelarik).
Geroxeago "folk-club"en zirkuitoak ibiltzen ditu DP Costello ezizenez. Diskoetxe handietatik ibiltzen da bere musikaren maketak aurkezten baina ez dizkiote onartzen. Azkenik, 1977an, Jake Riviera ezagutu eta Stiff Records-en, Nick Lowe ekoizle (produktore) delarik, single bat grabatzen du THE SHAMROCKS taldearekin: "Less than Zero" ("Zero baino are gutxiago"), National Front-eko faxisten buru izandako Oswald Mosley-ren aurkako hitzez.
Ondoren bere lehen L.P.-a grabatu ahal izango zuen: "My aim is true" ("Ene xedea benetakoa da") CLOVER taldearen laguntzaz. Lehendabiziko L.P. honetan Elvisek estilo desberdinak nahasten ditu: balada leunak ("Alison"), geroago Police-k hainbat eta hainbat erabiliko zuen "reggae zuria" ("Miracle Man", "Watching the detectives") eta batez ere rock erritmiko bizia Little Richard, Lee Lewis edota Chuck Berry-ren bideetatik.
1977aren bukaeran Stiff Records-en jiran esku hartzen du Nick Lowe, Ian Dury, Wreckless Eric eta Larry Wallis-ekin batera. Horretarako bere banda propioa sortu zuen: THE ATTRACTIONS; Bruce Thomas baxuarekin (lehen Shuterland Bros. Quiver-en aritua), Peter Thomas baterian (lehen Chilli Willi & The Red Hot Peppers-en eta baita inoiz Wilko Johnson-ekin jotakoa, eta nahiz eta deitura bera izan aurrekoaren anaia ez dena), eta Steve Naive teklista.
1978an, Jake Riviera eta Nick Lowe-kin, Radar diskoetxea sortzen du eta bertan bere bigarren L.P.-a grabatzen: "Thys year's model" ("Aurtengo modeloa"). Hauxe da, askoren ustez, Costelloren diskarik onena edo. Pop sendo eta bizia nagusitzen da erabat diska honetan zehar, tartean balada xarmantak ("Little triggers") eta reggae indartsuak ere ("Chelsea" eta, berriro ere, "Watching the detectives") badirelarik. Hitzetan, tematika orokor gisa, modarena darabil. Diska honek izugarrizko salmentak izan omen zituen "Superbritainian" (eta gu enteratzeke, hi!).
1978an "Armed Forces" ("Indar Armatuak") izango da Elvis Costello & The Attractions-en lana. Aurrekoa bezala pop-aren ildotik abiatzen da diska hau ere, baina abesti landuagoak entzun ahal dira diska honetan. Gai orokor gisa, inperialismoaren eta indarkeriaren aurkako azalpenak: diskaren azalean elefante saldo bat "indar armatu"en metafora legez.
Radar Records-ek lur jotzen du eta Costellok beste diskoetxe berria montatzen: F-Beat. 79an Costellok Specials-en lehen diska ekoizten (produzitzen) du. Emaitzak liluragarriak dira benetan: hutsik gabeko "ska" diska perfektoa. Halaber, George Jones abeslari countryari laguntzen aritzen da. Bestalde, "Americathon" filmerako Dave Edmunds eta Linda Ronstad-ek Costelloren zenbait abesti grabatzen dute; ez zituen hala ere oso gustokoak izan Elvisek Lindaren bertsioak alajaina!
1980an agertuko da Costelloren laugarren diska: "Get happy!!" ("Zoriontsu izan!!"). Kritika aldetik harrera benetan gogorra izan zuen, eta saldu ere gutxi saldu izan zen, baina guri hala ere ikaragarri gustatu izan zaigu beti. 20 abestik osatzen dute L.P. hau, 20 pilula pop laburrak. Ez dago inolako solo instrumentalik, talde osoaren lana oso trinkoa, eta abestiak zoragarriak: guretzat, perla bat.
1981eko diskak "Trust" ("Konfidantza") du izenburutzat. Bere betiko baladekin segitzen du oraindik Costellok, baina arrakasta lortzeraino eraman zuen pop ingeles bizitik soinu amerikanoagotara iragaten zaigu. Eta "Different finger" abestian bere hurrengo diskaren nondik-norakoak igartzeko aukera ematen digu dagoeneko: country musika.
Bai, zeren urte berean, 81ean alegia, country giroko abestiez osatutako L.P.-a kaleratzen du Costellok: "Almost blue" ("Ia triste"). Elvis Costello, beraz, DP Costello izan zeneko garaietara itzultzen da nolabait. Ez dago diska honetan Costellok berak sortutako abestirik, denak doinu country klasikoak baitira. L.P. dotorea benetan; Costelloren ahotsa erabat egokia geratzen da diska hau osatzen duten balada gozoetan (hala ere, bi abesti indartsu ere badirelarik, eta ez nolanahikoak gainera).
1982an "Imperial bedroom" ("Logela inperiala") aterako du Costellok kalera. Inor enteratu gabe, oharkabean pasa den diska. Berriro ere Costellok bere baladetarako sena erakusten du, baina diska hau azkenean motel samarra geratzen zaio, aurrekoarekin alderatzez gerotan behintzat.
Eta iaz erditu zuen Costellok bere orain arteko azken kreatura: gure herrian bertan ere nahiko ezaguna den "Punch the clock" ("Kolpatu erlojua"). The Attractions-en ohizko lanaz gain, TKO taldearen tronpeta, tronboi, saxo eta abarrak, eta bi neskatoren ahotsak ditu lagungarri gisa Gostellok, eta L.P. bikaina lortzen du benetan: jazz-aren bideak urratzen ditu batzutan ("Shipbuilding", "Pills and soaop"), doinu poperoak ere baditu oraindik nahiz eta "This year's model"en egin zuenaren tankerarik gabe, eta baladetarako joera da nagusi; oro har, gogoz eta gustora egindako diska, eta ondorioz, gogoz eta gustora entzuteko modukoa. Hurrengo lanaren esperoan utzi gaitu Costelloren perla berri honek. Baita... zerekin aterako ote zaigu oraingoan jeinu aztoratu aldakor hau???... Auskalo!
Oharra. Aipatu ditugun L.P.-ez gain, baditu Costellok han-hemenka diska handietan ageri ez diren abestiak singeletako B aldetan jasoak; honelako abestiez, eta bestelako batzuez ere, osatzen da soilik Ameriketan kaleratu zen "Takin liberties" L.P.a (1980). zuzenean grabatuko L.P. bat ere badu: "Live the Mocambo".
|